Lankide:HaizeaTelleria/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Guztien on[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztien on deritzona, gehiengoari onerako eragiten dionari erreferentzia egiteko erabili ohi den kontzeptua da. Izan herritar guztiei edo komunitateari, bai eta sistema sozial, instituzio edo haiek mendeko dituzten bitarteko sozioekonomikoei ere.[1] Geroago, John Rawlsek "guztiontzako abantaila diren baldintza orokor batzuk" gisa definitu zuen.

Renate Mayntz-en[2] arabera, zientzia handi guztiek interes komun bat dute desiragarritzat jotzen den helburu sozial bat lortzeko behar diren aurrebaldintzei dagokienean. Bide horretan, guztien on kontzeptuak elementu ezberdinak barnebiltzen ditu, edo ikuspuntu ezberdinetatik aztertua izan daiteke. Adibidez: ongizate ekonomikoaren aberastasun orokorra (ikus Commonwealth [3]), zientzia politikoaren interes orokor edo publikoa (ikus Interes orokor )[4] eta tradizio filosofiko europar edo kristauaren «Bonum commune» delakoa. [5]

Alderdi ekonomikoa: Aberastasun komuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzeptuak hainbat esanahi onartzen ditu. Adibidez, komunitate edo gizarte oso batena den edo haren gozamenekoa den ondasun bati aplika dakioke. Esanahi hori antzinekoa da (ikus Komunal), eta bi sektore handitan bereizten zen: jabetza komunala bere horretan, eta jabetza estatala edo publikoa.[6] Ekonomia politikoaren klasikoetako batzuek harreman edo ekoizpen-sistemen eboluzioa ezinbestean haien jabetza komunerantz eramanez bezela ulertzen zuten. Ikuspegi horrek eragin handia izan zuen ekonomilari batzuengan (Josep Alois Schumpeter kasu) baina baina aplikazio txikia izan zuen mendebaldeko herrialdeetako ekonomian XX. mendearen gehiengoan. Hala ere, gaur egun, kontzeptuaren alderdi horretan interesa indartu egin da, batez ere jabetza komunalean, estatukoan edo publikoan ez bezala.

Bigarren adiera - ondasun komuna usufruktu edo kontsumo komunekoa den hori bezela - Paul Samuelsonek ondasun publikoei buruz egindako iradokizun batetik eratorritakoa da; gizabanako batek beste batentzat duen erabilgarritasuna murrizten ez duten ondasunak erabiltzea litzatekena. [7]

Kontzeptuak, gizarte edo komunitate baten komenigarritasun ekonomiko -edo ongizate sozioekonomiko- orokor bati edo gizabanako guzti-guztien onura edo erabilgarritasunaren batura maximizatzen duen egoerari ere egin diezaioke erreferentzia.

Ikuspuntu honetatik, kontzeptua baliagarri edo tresna den zerbait bezala har daiteke: [8] aberastasunak oinarri praktikoak ematen ditu, norbanakoek beren perfekzioa eurek ulertzen duten moduan lor dezaten. Perfekzio hori ez da beste batzuek defini dezaketen kontua,[9] baina oinarri material hori gabe, gizabanakoak ez daude beren hobekuntza propioa lortzeko moduan. (ikus, adibidez: Maslow piramidea )

Orduan, guztion ongia garapen hori ahalbidetzen duen baldintza material gisa ulertzen badugu (aberastasun orokorra), ekonomia modernoak ondasun komunaren definizio formal bat eskaintzen du: gizarte bateko (publikoko) kideen erabilgarritasunen batuketa kuantitatiboa da, baina funtsezko baldintza baten agregatuarekin: aberastasun komun horrek guztiak hartu behar ditu barne: gizabanako guztien ongizaterik gabe, ezin da ongizate orokorrik egon (ikus Ongizatearen ekonomia).

Alderdi soziala: Ongizate komuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Interes orokor» eta «Bizi-kalitate»

Ikuspuntu honetatik, interesa ez da gizabanakoengan oinarritzen, komunitate edo gizarteetan baizik. Simon Bolivarren hitzetan:

"Gizakiaren eskubideak dira: askatasuna, segurtasuna, oparotasuna eta berdintasuna. Zoriontasun orokorrak, gizartearen xedea dena, eskubide horien gozamen perfektuan datza "

"Gobernu-sistemarik perfektuena ahalik eta zoriontasun handiena, gizarte-segurantzaren batuketa handiena eta egonkortasun politikoaren batuketa handiena eragiten duena da. "

Ikuspegi honetatik, ezin da ondasun komunik egon, gizarteak integratuta ez badaude eta egonkorrak ez badira (hau da, gizarte-kohesiorik ez badago). Bestela esanda: sistema sozial horiek epe luzera bideragarriak izan ezean. Baina bideragarritasun sozial hori areagotzen duenak ez du zertan banako bakoitzaren onura edo ongizatea areagotu.

Horrela, ikuspegi horretatik, guztion ongia gizabanakoek beren bizitzei forma libreki ematea ahalbidetzen duten gizarte-bizitzako baldintzen batura gisa uler daiteke. Estatuaren asmoa ( politikoki antolatutako gizarte gisa ulertuta), orduan, gizabanakoei aukeraketa horiek benetan egin ahal izateko baliabideak ematea litzateke. John Rawlsek, ordea, bereizketa bat egiten du "onaren": mundu material hobe bat sortzean datzana – hori nolanahi definituta ere – eta "bidezkoaren" artean: gizarte aske eta justu baterako baldintzak sortzen dituena, bertutearen pertsekuzioa ahalbidetzen duena baina nola egin edo zehazki zer desiratzen den agintzen ez duena. Horrela, ondasun komuna herritar bakoitzarentzat komuna den ongia izango litzateke, herritar bakoitzaren ongia, guztiontzako eta bakoitzarentzat ongia osatzen duenaren kontzepzio zehatz bat baino gehiago. [10] Aipaturiko guztiak, ikerketa zabal eta konplexuei bide eman die. (ikus, adibidez: Gizarte aldaketa eta Gatazka sozial )

Alderdi filosofikoa: guztien on[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofian, ondasun komunak, komunitate bateko kide guztiek partekatzen duten eta guztientzat onuragarri den orori egiten dio erreferentzia. Ez soilik zentzu fisiko edo ekonomikoan.

Termino honek bizitza sozialeko baldintza guztiak barnebiltzen ditu, zeintzuekin gizakiek, familiek eta gizarteak beren perfekzioaren kontzeptua osotasun eta erraztasun handiagoz lor dezaketen. [11]

Ikuspuntu honetatik ere, ondasun komuna ez da gizarteko kide bakoitzaren ondasunen batura, ondasun hori zatiezina baita, eta guztien lankidetzarekin bakarrik lor, areagotu eta babes baitaiteke. [12] Norbanakoaren bizitzan eragiten du eta zuhurtzia eskatzen du, batez ere autoritatea duten horiengandik.[13] Ikuspuntu honen eragin handia izan duten hainbat jarrera herrialde askotako konstituzio eta legedietan sartu dira, eta Eliza katolikoaren gizarte-doktrinaren printzipioetako bat da, Rerum Novarum entziklikatik abiatuta. Ondorengo entzikliketan kontzeptua sakontzen jarraitu da.

Pertzepzio hau, greziar klasikoetatik eratorria da (batez ere Platon eta Aristoteles) tradizio eskolastikoaren eta bereziki bere ordezkari handitzat jotzen den Tomas Akinokoaren Suma Teologikoa lanaren bitartez. 98. auzian, legearen funtsari buruz honakoa baieztatzen du Tomasek:

"Arrazoiaren preskripzio bat besterik ez da, guztion onerako, komunitatearen ardura duenak aldarrikatua".

Era berean, guztion ongia helburu komuna ere bada. Pindaroren hitzetan: "izan zaitez zarena". Hortik abiatuta, Tomas Akinokoak zera iradokitzen du:

"Batez ere ongiaren arabera eratzen da legea, eta objektu partikular bati buruzko beste edozein aginduk ez du lege-arrazoirik, guztien onerako den heinean izan ezik. Beraz, lege oro guztion onerako da ".

Horrek esan nahi du betebehar komuna edo orokorra izango litzatekeela guztion ekintza (muga batzuen barruan, gutxienez) ondasun hori babestu edo lortzera egokitzea: "Giza komunitate orok ondasun komun bat badu, eta horrek osatzen badu ondasun komun hori, komunitate politikoak egiaztatzen du ondasun komun horren gauzatze osoena. Estatuari dagokio gizarte zibilaren, herritarren eta bitarteko erakundeen ondasun komuna defendatu eta sustatzea " (CIC, n. 1910).

Maritainen pentsamenduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztion ongia, Jacques Maritainen filosofia politikoaren funtsezko kontzeptuetako bat da. Filosofo katoliko honentzat, gizarte politikoaren helburua guztion ongia jarraitzea da. Baina ondasun komun hori ez da ondasun partikularren batura soila; izan ere, Aristotelesek irakasten digunez, "matematikan ere sei, hiru gehi hiru baino zerbait gehiago da". Hau da, sei zenbakiak berezko indarra du, batugaiekiko independientea dena, eta beste batzuen emaitza ere izan daiteke. Era berean, zenbakien seriean berezko izaerarekin konbina daiteke, ad infinitum balio absolutu eta erlatiboko zifretan.

[...] Santo Tomasekin, norbanako bakoitza, komunitate osoarekiko, osotasunarekiko zatia dena baita. Horrek bereizi egiten ditu estatuko gizarteko kide izateko modua eta berariazko beste edozein helburu. Gizakia gizarte zibil honetan erabat konprometitzen da, bere bizitza, bere ondasunak, bere ohorea. Ez, ordea, sindikatu, klub edo akademia batean.

Baina konpromiso hori, erabatekoa izan arren, ez da gertatzen pertsonarengan dagoen guztiaren eta berari dagokion guztiaren arabera. Maritainek dio:

Estatuaren parte naiz, nire izate osoari eragiten dioten bizitza arrunteko gauzekiko erlazioengatik, baina beste erlazio batzuengatik (nire izate osoari ere eragiten diotenak), nire ondasun eta baloreetan dauden gauza komun garrantzitsuagoekin, Estatuarengatik eta Estatuarentzat existitzen ez direnak eta Estatutik kanpo daudenak.

Bere bonum izaeragatik, guztien ongia ezin da izan nahi izate indibidual hutsaren emaitza bat, bere izaera propioaren nahimena baztertzearen bekatu rousseaniarra litzatekena. Ez gehiengoak ez adostasunak ezin dute ontasunaren idiosinkrasia aldatu. Demokrazia ez da aritmetika soila. Giza balioak ez datoz bat estatistika-irizpideekin. Kalitatea ez da kantitatearen ugalketa.

Ondasun horrek, izaera komuna duenez, gizartea eta pertsona hartzen ditu bere baitan. "Guztiari eta zatiei" delako komuna, "zatiei guztiak balira bezala deritzet, pertsonaren nozioak berak osotasuna esan nahi baitu." Bestela esanda, "gizabanakoa" izaten den heinean, gizartearen parte da, eta "pertsona" izaten den heinean, hau da, materia-zati soila baino zerbait gehiago den heinean, arlo sozialean parte hartzen da, gizakiari zentzu horretan, "per se", bere funtzio gorenak erabat betetzeko aukera ematen zaion heinean. Ez da gizakia Estatuaren zerbitzari soila. Maritainen pertsonalismo hori oinarrizko idazpena da herritarraren funtzio espiritualenak ere xurgatu nahi dituen totalitarismo mota oro kondenatzeko. Eta, aldi berean, gizakia atomo sozial soiltzat hartzen duen tesi indibidualista liberalaren arbuioa dakar.

Nahiz eta nabarmena den ez dago sobera azpimarratzea, eta Maritainek berak ere adierazten du, gizabanakoa eta pertsona ez direla bi izaki ezberdin:

"Ez dago nire baitan banakoa deitzen den errealitaterik, ez eta pertsona esaten zaion beste errealitaterik ere, baizik eta izate bera da, zentzu batean banakoa eta bestean pertsona dena. Ni oro banakoa naiz materiaz daukadanaren arabera, eta dena osoa, pertsona, izpiritutik datorkidanez. " Maritain

Maritainen arabera, ondasun komunak funtsezko hiru elementu ditu:

1) Birbanaketa, garapen pertsonalerako laguntza.

2) Autoritatea, bere oinarrian.

3) Moraltasun intrintsekoa.

Hau da, ondasun komunaren funtzioak ondasun sozialak partekatzera behartzen du, pertsonaren onurarako, haren perfekziorako. Hori dela eta, ondasun komunitario oro pertsonen gain geratzen da, partaidetza komuna birbanatzen da. Maritain bere doktrinaren alderdi bikoitza laburbiltzen edo berdintzen saiatu zen: pertsonalismo komunitarioa deritzo. Autoritatea beharrezkoa denean soilik gailendu behar zaie komunitatearen asmo horiei. Eta makiavelismoa ezin da justifikatu estatuaren ekintza azaltzeko. Lege bidegabea ez da legea.

Definizioaren elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berekin dakar:

  • Gizarte bzitzako baldintza guztiak: egiturak, askatasuna, ordena, segurtasuna, hezkuntza, enplegua, osasuna (hobekuntza fisikoa eta espirituala), justizia, familia, etxebizitza, erlijioa (gizakiak garatu beharreko naturaz gaindiko dimentsioa du)
  • Elkarteak eta horietako kide bakoitza: gizarteko kideak, elkartuta edo banaka
  • Bere perfekzioa lortzea: ahalen betetasuna.
  • Pertsona bera den heinean errespetatzea. Ondasun Komunaren izenean, agintariak behartuta daude gizakiaren oinarrizko eskubideak eta besterenezinak errespetatzera. Gizarteak kide bakoitzari bere bokazioa gauzatzeko aukera eman behar dio. Bereziki, giza bokazioa garatzeko ezinbestekoak diren askatasun naturalak erabiltzeko baldintzetan datza ondasun komunak.
  • Gizarte-ongizatea eta taldearen beraren garapena. Garapena gizarte-betebehar guztien laburpena da. Egia esan, autoritateari dagokio, Guztion Ongiaren izenean, interes partikularren artean erabakitzea, baina bakoitzari eman behar dio benetan gizatiarra den bizitza bat izateko behar duena: janaria, jantzia, osasuna, lana, hezkuntza eta kultura, informazio egokia, familia bat sortzeko eskubidea, eta abar.
  • Bakea dakar, hau da, ordena justu baten egonkortasuna eta segurtasuna. Beraz, autoritateak gizartearen eta bere kideen segurtasuna bitarteko zintzoen bidez bermatzen duela esan nahi du. Ondasun Komunak bidezko defentsa indibidual eta kolektiborako eskubidea oinarritzen du

Azken batean, lau elementuk osatzen dute Ondasun Komuna:

  1. Bakearen, justiziaren eta askatasunaren baldintza sozialak.
  2. Ondasun material, hezitzaile eta etikoen multzoak.
  3. Ondasun horien banaketan ekitateak.
  4. Gizarte - antolaketa egoki batek.

Ondasun komunaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Objektiboa da[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizitza soziala gidatzen duten printzipioetako bat da, beti gogoan izan beharrekoa. Era berean, kontzeptu higatu eta anbiguoenetako bat da, ongizatearekin edo bizi-kalitatearekin nahasten baita -ongiaren ikuspegi zabaldua-. Baina kontzeptu horiek gizabanako autonomoan oinarritzen dute gizartearen helburua, eta ez dute zerikusirik ondasun komunaren kontzeptuarekin.

Giza izaeratik eratorria da[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondasun komunaren kontzeptua "giza izaerari estu lotuta dago. Horregatik, ezin zaio osotasun osoari eutsi, baldin eta, haren izaera eta eraginkortasuna kontuan hartuta, gizakiaren kontzeptua beti kontuan hartzen ez bada ". (PT, 55).

Ez da ondasun indibidualen batura, gizartea ere ez da gizabanakoen batura soila. Gizartea beharrezkoa da pertsona pertsona gisa egin dadin, eta pertsonaren eta pertsonaren beraren aldi bereko garapena ahalbidetuko duten baldintza batzuk aurkeztu behar ditu, historikoki eta kulturalki emango den perfekziorantz. Hemen ez da garapenerako gutxieneko baldintzez hitz egiten, ezta nahitaez materiala den zerbaitez ere (nahiz eta materiala giza garapenaren "osotasunaren" parte izan). Aukera baldintzak aipatzen dira.

Guztion onerako da[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztion Ongia pertsonen aurrerabidera bideratuta dago beti: "ordena soziala eta bere aurrerapena pertsonen onerako izan behar dira, eta ez kontrakorako" [...]. Ordena horrek egia du oinarri, justizian eraikitzen da, maitasunak biziarazten du CIC, zk. 1906-9 y 1912

Ondasun komunaren eskakizunekiko mendekotasunari dagokionez, pertsonek

ezarritako ordena morala eta zuzenbidea hautsi gabe jardun behar dute nahitaez, beren eskubideak eta interesak gainerako kategoria ekonomiko profesionalen eskubideekin eta interesekin harmonizatzen saiatuz, eta batzuk eta besteak ondasun komunaren eskakizunen mende jarriz. MM, zk. 147

maila desberdinetan bada ere, herritar bakoitzaren kategoria, merezimendu eta baldintzen arabera. Hori dela eta, gobernariek ahaleginak egin behar dituzte Guztion Ongia guztion onurarako izan dadin, pertsona edo gizarte-talde jakin batek lehentasunik izan gabe [...]. Ezin da inola ere onartu agintaritza zibilak gutxi batzuen intereserako balio izatea, guztion Ondasun Komunerako eratuta dagoelako. Hala eta guztiz ere, justizia- eta ekitate-arrazoiek eska dezakete, batzuetan, gobernu-gizonek arreta berezia izatea hiritarrik ahulenei, gutxiagotasun-egoeran egon baitaitezke, beren eskubideak defendatzeko eta bidezko interesak ziurtatzeko. PT, zk. 56

Gizarte-talde orok kontuan hartu behar ditu gainerako taldeen beharrak eta bidezko nahiak; are gehiago, oso kontuan hartu behar du giza familia osoaren ondasun komuna. GS, zk. 26

Pertsona [...] Guztion Onerako ordenatzen da, gizartea, aldi berean, pertsonari eta bere ongiari ordenatzen zaiolako , biak ongi gorenaren mende daudelarik, hau da, Jainkoaren mende. IBAÑEZ LANGLOIS, JOSÉ MIGUEL, o.c., 86. or.

Gizartea pertsonari ordenatzen zaio;

ondorioz, pertsonaren ongia Ondasun Komunaren gainetik dago (izateko arrazoia da). Baina gizakia, gizabanako gisa, Guztion Ongiari ordenatzen zaio: Guztion Ongia norberaren ongiaren gainetik dago. Pertsonaren ongia Guztion Ongia bilatzean baino ez da lortzen. Ibidem

Ezin diote, besterik gabe, Ongi Komunari eta Pertsonari aurka egin: bere indibidualtasunean ixten den pertsonak bere ongia zapuzten du, eta, aldi berean, besteen ongia lortzeko posibilitatea zapuzten du.

Gizarte-talde baten Ondasun Komuna, beraz, helburu komuna da, gizarte bateko kideak bertan eratu eta erlazionatzeko. Ondasun komun horren ezaugarri bereizgarria da, bere izaeragatik, funtsean partaidetzazkoa eta gizarte-taldeko kideei komunikatzeko modukoa dela ZANOTTI GABRIEL, Merkatu Ekonomia eta Elizaren Gizarte Doktrina, El Belgrano argitaletxea, 22.or

Gizabanako osoa hartzen du[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizaki osoa hartzen du, hau da, bai gorputzaren bai gogoaren eskakizunak. Hortik ondorioztatzen da gobernariek bide egokietatik eta mailaz maila bilatu behar dutela ondasun hori, baloreen ordena zuzena errespetatuz, hiritarrari oparotasun materiala eta, aldi berean, izpirituaren ondasunak eskain diezazkioten. PT, zk. 57

Baldintza sozialen multzo oso bat biltzen du, herritarrei beren perfekzioa modu ireki eta oso betean garatzeko aukera emango diena. MM, zk. 19

Gizakiak, gorputz eta arima hilezkor bat edukitzeagatik, ezin ditu bere beharrak erabat ase, ezta bizitza hilkor honetan bere zorion osoa lortu ere. Horixe da, hain zuzen ere, Guztion Ongia bide eta bitarteko horien bidez lortzeko arrazoia, gizakiaren betiereko salbazioari oztoporik ez jartzeaz gain, salbazio hori lortzen lagun diezaioten (Kfr. (59. irudia).

Estatua behartzen du[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernatzen duten guztien izateko arrazoiak Guztion Ongian datza erabat. Hortik argi eta garbi ondorioztatzen da agintari orok bilatu behar duela, Ondasun Komunaren beraren izaera errespetatuz eta, aldi berean, bere arau juridikoak inguruabarren benetako egoerara egokituz. PT, zk. 54

Interes pribatua baino handiagoa izanik, ezin da gizakiaren ondasunetik bereizi, eta botere publikoak konprometitzen ditu giza eskubideak aitortu, errespetatu, egokitu, babestu eta sustatzera eta dagozkien betebeharrak errazago betetzera. Beraz, Ondasun Komunaren gauzatzea botere publikoen izateko arrazoia bera kontsidera daiteke, hau da, herritar guztien eta gizaki ororen onurarako burutzera behartuta daudenak, bere dimentsio lurtar, tenporal eta garrantzitsuan hartuta, balioen hierarkia zuzena errespetatuz, eta inguruabar historikoen postulatuak (Cfr. PT: AAS 55 (1963) 272).

Giza komunitate orok Ondasun Komun bat baldin badu, halakoa den heinean konfiguratzen duena, Ondasun Komun hau osotasunik handienean gauzatzen dela komunitate politikoan egiaztatzen da.Estatuari dagokio gizarte zibilaren, herritarren eta bitarteko erakundeen ondasun komuna defendatzea eta sustatzea.

CIC, zk. 1910

Gizarte-bizitzaren eta giza bizikidetzaren ordena berriaren zerbitzurako eta antolaketarako baliotzat hartu behar da. Baina Estatuak ez ditu soilik baldintzak jarri behar, guztion zeregina da.

Bi mutur ditu:

  • Edozertaz arduratzen den Estatu probidentzia gehiegizkoa da. Gizakiaren hobekuntza bilatzen da, baina gizakiaren alde jarri behar da. Estatuak baldintzak ezartzen baditu, norbanakoaren askatasuna mugatzen du.
  • Bakoitza bere buruaz arduratzen den estatu liberalak, besterik ezean, porrot egiten du.

Herritarra behartzen du[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bitarteko gizabanako eta talde guztiek Guztion Ondasunari laguntza pertsonala emateko betebeharra dute. Hortik ateratzen den ondorio nagusia da guztiek beren interesak besteen beharretara egokitu behar dituztela, eta beren prestazioak ondasunetan edo zerbitzuetan zuzendu behar dituztela, gobernariek ezarri duten xederako, justizia-arauen arabera eta gobernuak ezarritako prozedurak eta mugak errespetatuz. PT, zk. 53

Gaur egun, arazo sozialei justiziaren eta moraltasunaren irizpideen arabera aurre egin beharrean, irizpide ekonomiko eta ideologikoen arabera aurre egiten zaienez;

Gizartean galtzen ari da Guztion Ongiaren arabera erabakitzeko gaitasuna; eta horrek norbanakoarengan gero eta ezintasun handiagoa eragiten du interes partikularrak Guztion Ongiaren ikuspegi koherente batean kokatzeko. CA, zk. 47

Era berean, elementu ekonomikoen garrantzia adierazi ohi da, eta gizabanakoan nola eragiten duen;

"Ekonomia metodoa da, helburua bihotza eta arima aldatzea da" . [14] Margaret Thatcher

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karl Popperren[15] arabera, ondasun komunaren pertzepzio "platonikoak" – Popperrek utopikotzat jotzen du – ez du plan edo kontzeptu bat eskatzen azken gizarteak izan behar duenari buruz, baizik eta gobernu indartsu eta zentralizatu bat. Pertsona gutxi batzuk – gobernuaz arduratzen diren errege filosofoak, onberak, baina gupidagabeak[16] –, gizabanakoen eskubideetan edo onuretan interesik ez dutenak, baizik komunitatean, erakunde gisa: Platonen arabera:

"... guk ez dugu hiria ezartzen jende mota bat bereziki zoriontsua izan dadin, hiri osoa ahalik eta zoriontsuena izan dadin baizik;..."[17]

Edo Jacques Maritainen hitzetan:

"Beraz, gizartearen helburua ez da ondasun indibiduala, ezta osatzen duen pertsona bakoitzaren ondasun indibidualen bilduma ere. Formula horrek gizartea suntsituko luke, zatien onurarako; ikusmolde anarkiko garbi batera eramango luke, edo materialismo indibidualistaren kontzepzio anarkiko disimulatu zaharrera, zeinaren arabera hiriaren betebeharrak gizabanako bakoitzaren askatasunarekiko begirunea zaintzera mugatzen baitira, eta zeinaren ondorioa indartsuek ahulak libreki zapaltzen baitituzte.[18]

Pertzepzio horrek, beraz -Karl Popperren iritzian-, diktadura baterantz errez jo dezake. Gainera,

"Lehenengo, azken helburu politiko bat ezartzeko eta, gero, helburu hori lortzen hasteko metodoa alferrikakoa da, baldin eta onartzen badugu helburu hori nabarmen alda daitekeela helburu hori gauzatzeko prozesuan zehar. " (Popper, op cit)

Horrela, ideal absolutu eta aldaezin horrek beste bi kasu onartzen baditugu bakarrik du balioa:

  • Metodo arrazionalak daudela ideala behin betiko zein den zehazteko.
  • Horiek lortzeko metodorik onenak daude.

Puntu horietako batzuen inguruan adostasunik ez dagoenetan, indarra edo hertsadura beste erremediorik ez dago. Platon:

"..., hiri bat ordena onean moldatzea nahi bada, bide guztietatik eragotzi behar da inork esatea jainkotasuna, ona izanik, hilkor baten gaitzaren eragile izan dela..."

Eta gainera:

"Beraz, labur esateko, hiria zaintzen dutenek ahaleginak egin behar dituzte hezkuntzaren kontu hori haiek konturatu gabe ustel ez dadin, baizik eta zaindu egin behar dute, agindutakoaren aurkako berrikuntzarik egon ez dadin".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lehen definizioa, RAEk eskaintzen duen "bienes comunes" definiziotik dator. Bigarrenak Manuel Velazquez, Claire Andre, Thomas Shanks, S.J. eta Michael J. Meyerrek The Common Good en eskainitakoa du jatorri
  2. (Ingelesez) Mayntz, Renate. (2002). Common Goods and Governance. , 15 or..
  3. "Commonwealth" kontzeptua (lit: aberastasun komuna) ingelesez erabiltzen da interes ekonomiko komunei zein onura hori sustatzeko estatu-ekintzari erreferentzia egiteko. Horrela, adibidez, Adam Smithek "King edo Commonwealth" -aren betebeharrak aipatzen ditu esparru ekonomikoan. Adiera horretan, kontzeptua ez da erabiltzen Estatuak definitu edo kontrolatu behar duela edo alderdi politiko-ideologikoetan sar daitekeela iradokitzeko.
  4. Kontzeptua liberalismoa sorrarazi zuten Ilustrazioaren garapen intelektualetara trazatu daiteke
  5. Klasikoen ideietara trazatzeko modukoa, bereziki, Platon eta Aristotelesengana. Ikus, adibidez: El Bien Común historiaren gida
  6. Adibidez, Friedrich von Wieser-ek (1889) bere Der natürliche Werth-en planteatu zuen ekonomia pribatuez gain, hainbat "herri-ekonomia "daudela (" Gemeinwirthschasften "jatorrizkoan)... eta bere ikerketak "ekonomia komunalaren" (gemeinwirthshaft) alderdi garrantzitsuenera mugatuko zituela, hau da, Estatuko ekonomiara (VI. libururako sarrera, I. kapitulua (jatorrizkoan alemanez)
  7. (Ingelesez) Samuelson, Paul. (1954). "The Pure Theory of Public Expenditure" Review of Economics and Statistics. , 387-388 or..
  8. Aristotelesek jadanik erreparatu zion: (nabarmen, aberastasuna ez da bilatzen dugun ondasuna, sinpleki erabilgarri den zerbaitetan datzalako, beste zerbait lortzeko bitartekari bezala) Desarrolo Humano-n zitatua
  9. Adibidez, John Stuart Mill-entzat, gizonek askatasunean jarduteko eskubidea dute -ekintza horiek beste batzuei kalterik egiten ez dieten bitartean-, askatasun horren bidez bakarrik aukera dezaketelako libreki beren ongia edo egokitasuna. Thomas Hill Green-en ustez, ongia izaera pertsonalaren gauzatzea da. Azken ongia orduan, osotasun bat bezala, beren buruarentzat helburu bat mantenduz (beren indibidualtasuna desagertzen ez den zentzuan), beren perfekzioa handitzea lortzen duten banakoen gizarte batean bakarrik lor daiteke, banako banandu horiek osotasun sozial baten zati gisa integratzen direnean bakarrik lor daitekeen perfekzio hori aurkitzean".
  10. «An interview with philosopher John Rawls». Jatorrizkoaz geroztik (2009ko uztailaren 31n) artxibatuta dago.
  11. Juan XXIII: Pacem in terris Concepto del Bien Común-en zitatua
  12. Definizio honek, Compendio Doctrina Social de la Iglesia, 164 -n ageri dena du erreferentziatzat.
  13. Cf. CIC, n. 1906; cfr. GS, n. 26,1; 74, 1; cfr. MM, n.65; cf. PIO XII, Radiomensaje Navidad 1942 Con empre nova (24-XII-1942): AAS 35 (1943) 13.
  14. The Sunday 's Times egunkariari elkarrizketa, 1981eko maiatzaren 1a http://www.margaretthatcher.org/document/104475
  15. Karl Popper: "Gizarte irekia eta bere etsaiak" .- Gaztelaniazko hainbat edizio.- 9. kap.: Estetizismoa, perfekzionismoa, utopismoa.-
  16. Platon: Galdera: Orduan, nola izan daiteke handitasun mentala duen eta denbora eta bizitza osoaren ikusle den batek giza bizitzaz asko pentsatzea? - Erantzuna: Ezin du. -Galdera: Edo izan daiteke halako inor heriotzari beldur? -Erantzuna: Ez noski Errepublika. Errege Filosofoari buruzko elkarrizketa
  17. Platoni buruzko aipamenak, oro har, wikikotean aurki daitezke
  18. Jacques Maritain: PERTSONA ETA GUZTION ONGIA