Paavo Nurmi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Paavo Nurmi

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPaavo Johannes Nurmi
JaiotzaTurku1897ko ekainaren 13a
Herrialdea Finlandia
BizilekuaTurku
HeriotzaHelsinki1973ko urriaren 2a (76 urte)
Hobiratze lekuaTurku Cemetery (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakfinlandiera
suediera
latina
Jarduerak
Jarduerakiraupen-lasterkaria, maratoilaria eta atleta
Atletismoa
Kirol diziplinak maratoia
Errekorrak
Berezitasuna Irizpidea Data M
Marka pertsonalak
Berezitasuna Lekua Data M
 
Pisua65 kilogramo
Altuera174 zentimetro
Jasotako sariak
Izengoitia(k)El Finlandès volador

IMDB: nm0638196 IAAF: 14561891 Olympic.org: paavo-nurmi Find a Grave: 12301420 Edit the value on Wikidata

Paavo Nurmi, ezizenez "Finlandiar hegalaria" (Turku, 1897ko ekainaren 13a - Helsinki, 1973ko urriaren 2a) atleta finlandiarra zen[1]. 1920. hamarkadan lasterkari onenetakoa zen, 1.500 m eta 20 km arteko distantzietan 22 munduko errekor ezarri baitzituen.

Udako Olinpiar Jokoetako hiru ediziotan parte hartu zuen; 1920an Anberesen, 1924an Parisen eta 1928an Amsterdamen eta urrezko bederatzi domina eta zilarrezko hiru irabazi zituen. 1932an Los Angelesen ez zioten parte hartzen utzi profesionaltzat jo baitzuten, eta garai hartako atleta guztiek amateurrak izan behar zuten.

Garai onenean 800 metrotik gorako 121 lasterketa jarraian irabazi zituen eta 14 urtetako ibilbidean inork ez zuen garaitu krosean ezta 10.000 metrotako lasterketan ere.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paavo Nurmi Turkun jaio zen. Johan Fredrik Nurmi aita arotza zen eta ama Matilda Wilhelmiina Laine zen. Lau anai-arreba zituen, Siiri, Saara, Martti eta Lahja, eta Paavo zen zaharrena[1]. 1903an familia etxez aldatu zen, 40 m2ko azalera zuen apartamentura, eta Paavo bera han bizi izan zen 1932 artean.

Gaztea zela Paavo Nurmik eta haren lagunek Alfred Shrubb distantzia luzeko lasterkari ingelesa miresten zuten. Sarritan Ruissalo uharteraino igeri egiten zuten, batzuetan joan-etorri bikoitzak eginez. 11 urte zituela Nurmik 5:02 denbora egin zuen 1.500 metroko proban.

1910ean Nurmiren aita hil egin zen eta familiak diru arazoei aurre egiteko etxeko sukaldea beste familia bati alokatu behar izan zion. Nurmi ikasle azkarra bazen ere eskola utz behar izan zuen 13 urte zituela eta okindegiko banatzaile lanetan hasi zen[1]. Turuko aldapatan gurdiari bultzaka egiten zuen kirola eta gerora esan zuen bizkarreko eta hanketako giharrak indartzeko balio izan ziola[2].

1912ko Stockholmeko Olinpiar Jokoetan Hannes Kolehmainen atleta finlandiarrak hiru urrezko domina eskuratu zituen (5.000m, 10.000m eta krosean) eta herrialdeko komunikabideek esan zuten "Finlandia munduko mapan ezarri zuela"[3]. Egun batzuk beranduago gerttaera hark eraginda zapatila parea erosi zuen 15 urteko Nurmik eta oinezko krosa egiten hasi zen udan eta eski krosa neguan. 1914an Turun Urheiluliitto kirol elkartean sartu eta 3.000 metrotako lehen lasterketa irabazi zuen[4].

Bi urte beranduago oinez, esprintatuz eta kalistenia eginez entrenatzen zen eta bitartean familia mantentzen zuen Turkuko Ab. H. Ahlberg & Co. enpresan lan eginez, hari eta 1919an soldaduskara joan zen artean. Pori Brigade uniattean egon zen, artillerian. 1918ko Finlandiako Gerra Zibila izan zen bitartean Nurmik ez zuen politikan jarduerarik izan eta lanean eta Olinpiar Jokoetarako ametsean zentratu zen. Gerraren ondoren ez zen Finlandiako Langileen Kirol Federazioan sartu eta hura bezala ez sartzea erabaki zutenekiko jazarpena salatuz hainbat eskutitz idatzi zituen.

Ejerzitoan Nurmi atletismo lehiaketatan nabarmendu egin zen. Egoskorra izateak hainbat arazo eragin bazizkion ere ofizialek haren alde egiten zuten[4]. Hugo Österman komandantea oso kirolzalea zenez atleta onenei denbora librea ematen zien entrenatzeko eta Nurmik entrenatzeko metodo propioa inprobisatu zuen baseko elementuak aprobetxatuz. Berehala hasi zen marka bikainak egiten, 1920an graduatzea lortu zuen eta 1920ko maiatzaren 29an Finlandiako errekorra hautsi zuen 3.000 metrotan. 1920ko Anberesko Olinpiar Jokoetarako 1.500 m eta 5.000 metrotako sailkapen probak ere irabazi egin zituen[5].

Olinpiar ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anberes 1920[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paavo Nurmi 1920ko Olinpiar Jokoetarako sailkapen 1.500m lasterketan, Helsinkin.

Paavo Nurmiren nazioarteko debuta Anberesko Olinpiar Jokoetan izan zen, 1920ko abuztuan[4]. Lehenengo lasterketa 5.000 metrotakoa izan zen eta zilarrezko domina eskuratu zuen, bigarren egin baitzuen Joseph Guillemot frantziarraren atzetik. Frantziarrak azken bihurgunean hartu zion aurre Nurmiri[6]. Beste hiru lasterketatan hartu zuen parte eta hiruretan txapeldun olinpikoa izan zen; 10.000 metrokoan sprintean Guillemot garaitu zuen, krosean Eric Backman suediarra eta taldekako krosean Heikki Liimatainen eta Teodor Koskenniemi taldekide zituela Britainia Handia eta Suediako taldeak garaitu zituen.

Garaipen honi esker Paavo Nurmiren familiak argindarra eta ura ekarri zituen etxera[1] eta Nurmik Helsinkiko Teollisuuskoulu Industria Eskolako matrikula lortu zuen[4].

Guillemoten aurrean jasandako porrotari buelta emateko egiten zituen entrenamentuak aztertzeari ekin zion analisi zehatzak eginez. Konturatu zen hasierako itzulietan pauso azkarregiak egiten zituela eta lasterketak zuen distantzia guztian zehar pausoen maiztasuna orekatzen ahalegindu zen kronometroa erabiliz[7].

1921ean Stockholmen 10.000 metrotako munduko errekorra ezarri zuen, 1922an 2.000 m, 3.000m eta 5.000 metrotako munduko errekorrak hautsi zituen, eta 1923an 1.500 metro eta milia bateko munduko errekorrak ezarri zituen[7]. Milia bateko 5.000m-ko eta 10.000m-ko munduko errekorrak aldi berean edukitzea oraindik ez du beste inork lortu[3]. 1923an Finlandiako 800 metrotako txapelketara aurkeztu zen abiadura zenbaterainokoa zuen ikusteko eta txapeldun atera zen.

1923an injeniaritza ikasketak atera zituen, matematiketan bereziki nabarmendu zen, eta etxera itzuli zen hurrengo Olinpiar Jokoak prestatzeko[7].

Paris 1924[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paavo Nurmi Parisen, 1924ko Olinpiar Jokoetan.

1924ko udaberrian belauneko lesioa izan zuen eta arriskuan egon zen Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Lesioa gainditu ondoren entrenamendu bikoitzak egiteari ekin zion[8]. Frantziara bidaiatu aurretik Helsinkiko Eläintarha estadioan ordubeteren barruan 1.500 m eta 5.000 m lasterketak egin zituen eta distantzia bietan munduko errekor berriak ezarri zituen[9].

1.500 metrotako lasteketan lehenengo 800 metroetan aurkariei 3 segundo ateratzen zizkien eta bigarren zihoan Ray Watson estatubatuarrak etsi zuenean Nurmik ere erritmoa lasaitu zuen. Hala ere 3 segundotan hobetu zuen errekor olinpikoa[10].

Bi ordu baino gutxiagora 5.000 metrotako finala zeukan Nurmik. Ville Ritola finlandiarra eta Edvin Wide suediarra zituen aurkari nagusi. Ritolak aurretik 3.000 m oztopoak eta 10.000 m lasterketak irabaziak zituen. Ritolak eta Widek uste zuten Nurmi nekaturik egongo zela eta lasterketaren hasieran munduko errekorreko erritmoa ezarri zuten. Nurmik orduan kronometroa belarretara bota eta lasterkariei jarraitu zien. Bi finlandiarren arteko sprintean Nurmi metro baten aldeaz nagusitu zen eta bigarren urrezko domina kolkoratu zuen[9].

Kros lasterketa gogorra izan zen, 45ºC-tako tenperatura zegoen eta 38 lasterkaritatatik 15 erretiratu egin ziren. Edvin Wide bera izan zen erretiratu zenetako bat. Hasieran ospitalean hil zela esan bazen ere ez zen horrela izan[5]. Nurmik irabazi zuen lasterketa bigarren izan zen Vitolari minutu eta erdi aterata. Taldekako sailkapenean bazirudien Finlandiak urrezko domina galduko zuela, hirugarren finlandiarra zen Liimatainen erabat desorientatuta iritsi baitzen estadiora, baina azkenean norabide egokia aurkitu eta 12. egin zuen lasterketan. Horrek urrezko domina eman zion Finlandiari[5]. Halako egoera larriak ikusi ziren lasterketa hartan Olinpiar Jokoetako komiteak hurrengo Jokoetarako proba kendu egin zutela.

Hurrengo egunean taldekako 3.000 metroko lasterketa jokatu zen. Nurmi eta Vitola lehena eta bigarrena izan ziren hurrenez hurren, eta Elias Katz bosgarrena izan zenez Finlandiak jaso zuen urrezko domina. Horrela beraz Parisen Paavo Nurmik bost probatan hartu zuen parte eta bostetan izan zen txapelduna. Dena dela penaz gelditu zen Finlandiako Olinpiar agintariek 10.000 metroko lasterketa esleitu ez ziotelako, hori baitzen Nurmiren lasterketa kuttunena[11]. Olinpiar Jokoak bukatu ondoren Paavo Nurmik bost munduko errekor zituen aldi berean, 1.500 m, milia, 3.000 m, 5.000 m eta 10.000 m[5].

1925eko Estatu Batuetako bira eta Amsterdam 1928[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Calvin Coolidge presidentearen alboan Paavo Nurmi, 1925ean Etxe Zurian.

1925. urtearen hasieran Estatu Batuetan bost hilabeteko birari ekin zion. 55 lasterketatan hartu zuen parte, hauetatik 45 pista estalian izan ziren. Bira honi urtarrilaren 6an eman zion hasiera New York hiriko Madison Square Garden eraikinean. Leporaino beteta zegoen estadioan miliako lasterketan Joie Ray eta Lloyd Hahn garaitu zituen eta 5.000 metrokoa Ritola. Proba bietan munduko errekor berriak ezarri zituen[12]. Estatu Batuetako Biran pista estaliko beste hamar munduko errekor egin zituen, eta hainbat distantzia arraroetako marka onenak ere bai.

Guztira 55 lasterketatatik 51 irabazi zituen eta batean erretiratu egin zen lasterketa bukatu aurretik. Gainerakoetan podiumeko postuak egin zituen. Yankee Stadiumean egindako milia erdiko lasterketan Alan Helffrich estatubatuarrak aurrea hartu zion eta Nurmik 800 metrotatik gorako lasterketatan lau urtez izan zuen garaipen bolada eten zuen, 121 garaipen guztira[13]. Nurmik berehala zoriondu zuen Helffrich. Bira honetan Nurmi oso maitatua bihurtu zen etatubatuarren artean, hainbeste ezen Etxe Zurian Calvin Coolidge presidenteak hartu baitzuen[14]. Nurmi ordea lasteketa gehiegi egin izanaren eta ondorioz motibazioa galdu izanaren beldurrez itzuli zen Finlandiara[15].

Motibazio faltari erreuma eta orpazurdako arazoak gehitu zitzaizkion[4]. Makinen delineante lana utzi eta 1926an ekonomia ikasketak abiatu zituen gogoz. 1926an Edvin Widek zuen 3.000 metroko errekorra hautsi zuen birritan (Berlinen eta Stockholmen). Hor ez lortzeko Nils Eklöf suediarra saiatu zen Nurmiren pausua moteldu arazten eta asko haserretu zen Paavo Nurmi, Nils Eklöfen aurka beste lasterketarik ez zuela egingo esanez[5]. Urte berean 1.500 metrotan Otto Peltzer alemaniarra gailendu zitzaion eta munduko errekor berria ezarri zuen. Bost urte ziren (eta 133 lasterketa) 1.000 metrotik gorako lasterketarik galtzen ez zuela[5]. 1927an Finlandia eta Suediaren arteko desafioa jokatu zen. Nurmik esana zuen Nils Eklöfekin lasterketarik ez zuela egingo eta Finlandiako atletismoko agintariek 1927an nazioarteko lasterketa ez jokatzearekin zigortu zuten. Nurmik 1928ko Olinpiar Jokoetan ez aritzearekin mehatxatu zuen[5].

Amsterdamgo Olinpiar Jokoetarako sailkapen lasterketak iritsi ziren. Nurmik 1.500 metrotako lasterketan hirugarren egin zuen eta distantzia luzeagoetan zentratzea erabaki zuen. 5.000m eta 10.000m korrituko zituen eta horri 3.000 metro oztopoak gehitu zizkion, bi aldiz soilik aritua zen arren oztopo lasterketatan[5]. 10.000 metrotakoan urrezko domina lortu zuen sprintean Ritola garaituta[16], 5.000 metrotako lasterketarako nekea somatzen hasita zegoen eta Edvin Wideren atzetik zilarra eskuratu zuen[16]. Hurrengo egunean 3.000 m oztopo lasterketa zuen eta atseden hartzeko asti nahikorik ez zuen izan. Toivo Loukola espezialista finlandiarraren atzetik beste zilarrezko domina bat jaso zuen. Hala ere aipatu behar da biek ala biek hobetu zutela aurreko munduko errekorra[16].

Amsterdamgo Jokoak amaitu berritan suediar egunkari batean esan zuen "hamabost urtetan lasterka aritu naiz eta dagoeneko nahikoa egin dut"[3]. Baina korrika egiten jarraitu zuen, hori bai, distantzia luzeetan espezializatu zen ordutik aurrera. Urte hartako urrian munduko hiru errekor ezarri zituen, 15 km, 10 milia eta ordubetean korrika, hirurak ere Berlinen[17]. Ordubetean 19.210 m korritu zituen eta errekor honek 17 urtez iraun zuen, 1945ean Viljo Heino atleta finlandiarrak gainditu zuen arte[18]. 1930an 20 kilometroko distantzian egin zuen munduko errekorra eta 1931eko uztailean bi miliatako distantzia ezohikoan ezarri zuen errekorra[17].

Los Angeles 1932an debekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paavo Nurmiren 1932ko 40,2 kilometroko maratoi "laburra".

Los Angelesko 1932ko Olinpiar Jokoetarako 10.000 metrotako lasterketa prestatzen hasi zen, ikusi baitzuen 5.000 metrotako lasterketarako bazirela hiru atleta finlandiar bera baino hobeak eta ez zuela tokirik izango taldean[19]. 1932ko apirilean Atletismo Amateurreko Nazioarteko Federazioak (IAAF) Paavo Nurmiren amateur izaera zalantzan jarri eta nazioarteko lasterketatan parte hartzea debekatu zioten. Finlandiako Olinpiar Komiteak protesta egin zuen baina ikerketa egingo zuela zin egin zuen[20]. Astebete beranduago Finlandiako Komiteak esan zuen ez zegoela Nurmiren profesionaltasunaren zantzurik[21] eta Nurmik pentsatu zuen arazorik gabe lehiatu ahal izango zuela Los Angelesen[22].

Olinpiar Jokoetarako sailkapena buruan maratoi "labur" bat egin zuen, 40,2 km-koa, eta 2:22:03.8 denbora lortu zuen. Maratoi estandarrera estrapolatuz 2:29:00 izango zen denbora, garaiko munduko errekorraren azpitik[23]. Finlandiako Olinpiar Komiteak bi probatan eman zuen Paavo Nurmiren izena, 10.000 m eta maratoian. Nurmi Lors Angeleseko Olinpiar Hirira joan zen orduan, bere ibilbidea maratoian urrezko domina eskuratuz amaitzeko asmotan, Kolehmainenek 1910. hamarkadan egin bezala[2].

IAAF erakundean Sigfrid Edström suediarrak bere kabuz ikerketa abiatu zuen eta 10.000 metrotako lasterketa izan baino hiru egun lehenago Nurmiren partehartzea debekatu zuen[24]. Ez zen argi geratu zein izan zen arrazoia, baina dirudienez 1931ean Berlinen egindako lasterketatako antolatzaileek esan zuten Nurmik 250-500 dolar jaso zituela egindako lasterketa bakoitzeko[25]. Helsinkin milaka pertsona atera ziren kalera protestan, debekuaren arrazoi bakarra politikoa zela esanez.

Maratoiaren egunean finlandiar atletek esan zuten ez zirela irteeran izango Nurmiren parte hartzea onartzen ez bazen[26]. IAAF bildu eta bozketan Nurmiren profesionaltasunaren aurka atera zen, 13-12 emaitzaz. Suediarrek orduan adierazi zuten bozketaren emaitza oso estua zela eta bigarren bozketa bat egin beharko zela auzia erabakitzeko, 1934ko Stockholmeko bileran[27]. Filnadiar Komiteak suediarrarekin harreman guztiak hautsi zituen eta urtero jokatzen zen Suedia-Finlandia desafioa 1939 artean eten zen[28]. 1934ko bilera hartan Finlandiak bi proposamen aurkeztu zituen baina biak atzera bota zituzten. 12-5 emaitzaz Nurmiren debekua behin betikoa bihurtu zen.

Ordutik aurrera Paavo Nurmik ez zuen profesional munduan sartu nahi izan eta Viipurin 1934ko irailaren 16an 10.000 metrotako lasterketa irabazita erretiroa hartu zuen[3]. 10.000 metrotakoa gustukoen zuen distantzia zen eta 14 urtetan ez zuen lasterketa bakar bat galdu[5]. Krosean 19 urtetan lasterketa guztiak irabazi zituen[5].

Erretiratu ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paavo Nurmi ireki zuen erropa dendan, 1939ko argazkia.

Beti bakarrik entrenatzen zen eta ez zion inori erabiltzen zituen metodoak erakusten[7]. Erretiratu ondoren atleta finlandiarrak entrenatzeari ekin zion Berlingo 1936ko Jokoetarako[8]. Haren taldeko atletek urrezko hiru domina, zilarrezko hiru eta brontzezko bat eskuratu zuten[29].

1936an gizonezkoentzako erropa denda ireki zuen eta turista askok bisitatzen zuten[30]. Emil Zátopek atleta txekoslovakiar ezaguna ere izan zen bertan, Nurmi ezagutzera joanda[31]. Dendaren atzealdeko gelan beste jarduera ekonomiko bati forma ematen hasi zen, eraikitzaile bihurtu zen. 100 apartamentutako 40 etxe eraiki zituen[32]. Nurmiren aurkaria izan zen Vitolari apartamentu horietako bat saldu zion prezio erdian[2]. Ekonomia ikasketak baliatuz burtsan inbertitu eta Finlandiako pertsona aberatsenetakoa bihurtu zen[33].

1939 amaieran Neguko Gerra lehertu zen Finlandia eta Errusiaren artean. 1940ko otsailean Paavo Nurmi eta haren babeseko Taisto Mäki atleta, 10.000 metrotako lasterketa 30 minututik behera egin zuen lehenengo gizona, Estatu Batuetara joan ziren Finlandiaren aldeko laguntza eskatzera. Herbert Hoover presidenteak kostatik kostarako tourra antolatu ziren eta haiek jaso zituenean horrela esan zuen "Munduan dagoen lasterkari nazio handienaren enbaxadoreak dira"[34]. Apirila amaieran itzuli ziren Finlandiara. Hurrengo urtean etorri zen Jarraipenaren Gerran militar finlandiarrak entrenatzen aritu zen eta sargento izatera iritsi zen[5].

1952an Olinpiar Jokoak Helsinkin jokatu ziren eta Paavo Nurmi izan zen suziria Helsinkiko estadioan sartu eta suziri handia piztu zuena[33].

1966ko otsailaren 18an egin zuen azken exibizio lasterketa New York Athletic Club erakundeak gonbidatuta, Madison Square Gardenen, New Yorken[5].

Erretiratu zenetik bizimodu diskretua eraman zuen, komunikabideetan elkarrizketarik ia egin gabe. 70 urte bete zituenean Finlandiako Yle komunikabide publikoan elkarrizketa zabala egin zuen. Ordurako osasun arazo handiak zituen. Bihotzekoa eta garuneko isuria izanak zituen eta ikusmena jaitsita zeukan. Kirola denbora galtzea zela esan zuen Zientzia eta Artearen aurrean[5]. 1973an hil zen eta estatu hileta egin zitzaion Helsinkin[35].

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sylvi Laaksonenekin ezkondu zen 1932an. Emazteak ez zuen atleta bizimodua gustuko eta Nurmik Matti semea entrenatu zezan ez zuen nahi izan. 1935ean dibortziatu egin ziren[36]. Matti semea distantzia ertaineko atleta izan zen, baina aita-semeen arteko harremanak ez ziren errazak izan[37]. 3.000 metrotako lasterketan aitaren denbora berdintzera iritsi zen Matti Nurmi. Bestalde Maila Nurmi aktoresa Paavoren iloba zela esan izan zen arren, ez da ziurra[38].

Paavo Nurmik finlandiako sauna oso atsegin zuen, eta 15 eta 21 urte artean begetarianoa izan zen. Pertsona serioa, aurpegikera aldatzen ez zuena eta egoskorraren fama zuen eta lagun minik ez zuen. Finlandiak izan duen kirolari arrakastatsuena izan arren ez zen ospakizun publikoen zalea[4].

Aintzatespena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paavo Nurmiren entrenatzeko teknika eta metodoak aintzindariak izan ziren eta ondoren etorriko ziren atleta ugarirentzako erreferente bihurtu zen.

Nurmiren estatua ugari eraiki ziren. 1925ean Wäinö Aaltonen eskultorean brontzezko estatua bat egin zuen. Hura egiteko moldeak erabilita kopiak egin eta ezarri ziren Helsinkiko Olinpiar Estadioaren aurrean eta Lausanako (Suitza) Olinpiar Museoaren aurrean, besteak beste[39].

Paavo Nurmiren biografia azaltzen duen lehen liburua 1925ean argitaratu zen Suedian, Boken om Nurmi izena du[40].

Yrjö Väisälä astronomoak Turkuko Obserbatorioan aurkituriko asteroide bati 1740 Paavo Nurmi izena jarri zion[41].

Paavo Nurmi Marathon izenarekin bi maratoi jokatzen dira; zaharrena Wisconsin (Estatu Batuak) hirian abiatu zen 1969an[42] eta bigarrena Nurmiren jaioterria den Turkun 1992tik aurrera.

Palmaresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olinpiar Jokoetako dominak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udako Olinpiar Jokoak
Txapelketa Domina Kategoria
Belgika Anberes 1920 1. postua, urrezko domina 10.000 m
1. postua, urrezko domina Krosa bakarka
1. postua, urrezko domina Krosa taldeka
2. lekua, zilarrezko domina 5.000 m
Frantzia Paris 1924 1. postua, urrezko domina 1.500 m
1. postua, urrezko domina 5.000 m
1. postua, urrezko domina Krosa bakarka
1. postua, urrezko domina Krosa taldeka
1. postua, urrezko domina 3.000 m taldeka
Herbehereak Amsterdam 1928 1. postua, urrezko domina 10.000 m
2. lekua, zilarrezko domina 3.000 m oztopoak
2. lekua, zilarrezko domina 5.000 m

Lasterketen historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtez urte
Urtea Distantziak Lasterketak Irabazi Podiumak Bukatu gabe
1920 1.500m - 10.000m 14 13 14 0
1921 800m - 10.000m 17 15 16 0
1922 800m - 4 milia 20 20 20 0
1923 800m - 5.000m 23 23 23 0
1924 800m - 10.000m 25 25 25 0
1925 800m - 10.000m 58 56 57 1
1926 1.000m - 10.000m 19 16 19 0
1927 1.500m - 5.000m 12 12 12 0
1928 1.500m - 1h korrika 15 12 15 0
1929 milia 1 - 6 milia 14 12 14 0
1930 1.500m - 20.000m 11 11 11 0
1931 2 milia - 7 milia 16 14 14 2
1932 10.000m - maratoia 3 2 2 1
1933 1.500m - 25.000m 16 13 15 1
1934 3.000m - 10.000m 8 8 8 0
Probaren arabera
Proba Urteak Lasterketak Irabazi Podiumak Bukatu gabe
800m / 880yd 1921-1925 8 6 8 0
1.500m 1920-1933 33 30 32 0
milia bat 1920-1929 10 9 10 0
3.000m 1920-1934 29 27 29 0
bi milia 1922-1931 23 22 23 0
5.000m 1920-1934 71 67 69 2
10.000m 1920-1934 17 17 17 0
krosa 1920-1934 23 23 23 0

Munduko errekorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IAAF erakundeak onarturiko Paavo Nurmiren munduko errekorrak:[17]

Distantzia Errekorra Data Tokia Nork hautsi (urtea)
1.500 m 3:52.6 1924-6-19 Finlandia Helsinki Otto Peltzer (1926)
milia bat 4:10.4 1923-8-23 Suedia Stockholm Jules Ladoumègue (1931)
2.000 m 5:26.3 1927-6-18 Finlandia Tampere Edvin Wide (1925)
5:24.6 1922-9-4 Finlandia Kuopio Eino Purje (1927)
3.000 m 8:28.6 1922-8-27 Finlandia Turku Edvin Wide (1925)
8:25.4 1926-5-24 Alemania Berlin Paavo Nurmi (1926)
8:20.4 1926-7-13 Suedia Stockholm Janusz Kusocinski (1932)
2 milia 8:59.6 1931-7-24 Finlandia Helsinki Donald Lash (1936)
3 milia 14:11.2 1923-8-24 Suedia Stockholm Lauri Lehtinen (1932)
5.000 m 14.35.4 1922-9-12 Suedia Stockholm Paavo Nurmi (1924)
14:28.2 1924-6-19 Finlandia Helsinki Lauri Lehtinen (1932)
4 milia 19:15.4 1924-10-1 Errusia Viipuri Janusz Kusocinski (1932)
5 milia 20:06.2 1924-10-1 Errusia Viipuri Gordon Pirie (1953)
6 milia 29:36.4 1930-6-8 Erresuma Batua Londres Ilmari Salminen (1937)
10.000 m 30:40.2 1921-6-22 Suedia Stockholm Ville Ritola (1924)
30:06.2 1924-8-21 Finlandia Kuopio Ilmari Salminen (1937)
15.000 m 46:49.6 1928-10-7 Alemania Berlin Volmari Iso-Hollo (1936)
10 milia 50:15.0 1928-10-7 Alemania Berlin Viljo Heino (1945)
20.000 m 1:04:38.4 1930-9-3 Suedia Stockholm Juan Carlos Zabala (1936)
Ordu bat 19.210 m 1928-10-7 Alemania Berlin Viljo Heino (1945)
4x1.500 m 16:26.2 1926-7-12 Suedia Stockholm Turun Urheiluliitto (1926)
16:11.4 1924-10-1 Errusia Viipuri Erresuma Batua (1931)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d «Paavo Nurmi's home» web.archive.org 2017-12-01 (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  2. a b c Sears, Edward Seldon. (2001). Running Through the Ages. McFarland ISBN 978-0786409716..
  3. a b c d «Paavo Nurmi – A Biography» web.archive.org 2016-10-20 (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  4. a b c d e f «Etusivu» kansallisbiografia.fi (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  5. a b c d e f g h i j k l m Raevuori, Antero. (1997). Paavo Nurmi, juoksijoiden kuningas. WSOY ISBN 978-9510218501..
  6. «Joseph Guillemot Bio, Stats, and Results | Olympics at Sports-Reference.com» web.archive.org 2020-04-17 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  7. a b c d Lovesey, Peter. (1968). The Kings of Distance: A Study of Five Great Runners. Taylor & Francis ISBN 978-3540002383..
  8. a b «SUL 100 vuotta - Paavo Nurmi | Eliittikisat» web.archive.org 2014-01-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  9. a b «Paavo Nurmi – Olympic Races» web.archive.org 2017-12-01 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  10. Robinson, Roger. (2008). The Greatest Races. Running Times, 48 or..
  11. «Paavo Nurmi - CNN.com» edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  12. «Paavo Nurmi – American Tour 1925» web.archive.org 2017-01-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  13. «The Meriden Daily Journal - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  14. (Ingelesez) Times, Special to The New York. (1925-02-22). «Coolidge Talks With Nurmi As They Pose for Pictures» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  15. «The Lewiston Daily Sun - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  16. a b c «Paavo Nurmi – Olympic Races» web.archive.org 2017-12-01 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  17. a b c «Paavo Nurmi - World Records» web.archive.org 2016-04-22 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  18. «Ottawa Citizen - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  19. «The Lewiston Daily Sun - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  20. «St. Petersburg Times - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  21. «The Telegraph-Herald and Times-Journal - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  22. «The Border Cities Star - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  23. Martin, David E.; Gynn, Roger W. H.. (2000). The Olympic marathon. Champaign, IL : Human Kinetics ISBN 978-0-88011-969-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  24. «The Telegraph-Herald - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  25. «Reading Eagle - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  26. «UKK935077» www.doria.fi (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  27. «Reading Eagle - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  28. «Helsingin Sanomat - International Edition - Sport» web.archive.org 2012-06-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  29. «Gettysburg Times - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  30. «HS.fi - Kertomuksia Helsingin kortteleista» web.archive.org 2012-03-09 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  31. Sandrock, Michael. (1996). Running with the legends. Champaign, IL : Human Kinetics ISBN 978-0-87322-493-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  32. «News | World Athletics» worldathletics.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  33. a b «HS Sport 15.8.2000 - Paavo Nurmi: a majestic runner but one thorny customer as a man» web.archive.org 2014-01-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  34. «The Pittsburgh Press - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  35. «Paavo Nurmi - CNN.com» edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  36. «The Calgary Daily Herald - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  37. «News | World Athletics» worldathletics.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  38. «Maila Nurmi - Muistokirjoitus - Muistot - HS.fi» web.archive.org 2013-01-13 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  39. «Helsingin Sanomat - International Edition - Metro» web.archive.org 2014-06-08 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  40. «Huomionosoituksia maassa ja taivaassa :: Suomen Urheilutietäjät ry» web.archive.org 2016-03-03 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  41. (Ingelesez) Schmadel, Lutz D., ed. (2007). «(1740) Paavo Nurmi» Dictionary of Minor Planet Names (Springer): 138–138.  doi:10.1007/978-3-540-29925-7_1741. ISBN 978-3-540-29925-7. (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  42. «Marathon Information» web.archive.org 2006-09-03 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]