Salobreñako gaztelua

Koordenatuak: 36°44′38″N 3°35′22″W / 36.74381°N 3.58955°W / 36.74381; -3.58955
Wikipedia, Entziklopedia askea
Salobreñako gaztelua
Alcazaba
Kultura ondasuna
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Andaluzia
ProbintziaGranadako probintzia
UdalerriaSalobreña
Koordenatuak36°44′38″N 3°35′22″W / 36.74381°N 3.58955°W / 36.74381; -3.58955
Map
Ondarea
BICRI-51-0007812

Salobreñako gaztelua Salobreña herrian kokaturik dagoen gaztelua da, Granadako kostaldean. Espainiako Kultura ondasun eta Ondare historiko izendapenak ditu.

X. mendean dagoeneko gotorleku bat egon bazen ere gaztelu hau nazarien garaian eraiki zen. Garrantzia militar estrategikoa bazuen ere nazariek aisialdirako jauregi gisa eta errege familiakoen presondegi gisa erabili zuten[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzina Salobreñako alde zaharra dagoen harkaitza penintsula bat zen eta istmo estu batek kostaldearekin lotzen zuen. Guadalfeo ibaiak ekarritako sedimentuek harkaitza erabat inguratu eta lautada zabala eratu zuten[2]. Harkaitz haren gainean eraiki zen gaztelua.

XIII. mendean Yaqut al Rumi geografo egipziarrak Salobreñako gaztelua deskribatu zuen. Honela zioen hark: "Itsasertzean dagoen hisn (gaztelu) bat da bananondoz, azukre-kanaberaz eta artez inguratuta dagoena"[3]. Garrantzia militar estrategiko nabarmena bazuen ere, nazariek aisialdirako jauregi gisa erabili zuten eta baina herbesteraturiko pertsona garrantzitsuen presondegia ere izan zen; Yusuf III.a, Muhammad VIII.a, Muhammad IX.a, Abu Nasr Sad eta Muley Hacen Granadako erregea. Yusuf III.a hamabost urtez izan zen salobreñako gazteluan preso, anaiak zuen Granadako tronutik aldenduta[1]. Kondairak dioenez xake partida bat amaitu izanak salbatu zuen heriotzatik. Nazarien garaian Salobreñaren garrantzia estrategikoa handia zen, hori erakusten dute sultan nazarien ohiko presentziak eta herriaren hedapen urbanistikoak[3].

1489an gaztelarrek konkistatu zuten Salobreña Francisco Ramírez de Madrid buru zutela. Ramírez de Madrid gazteluaren alkate izendatu zuten Errege-erregina Katolikoek[4].

Hurrengo mendeetan Salobreñako gazteluak toki estrategikoa izaten jarraitu zuen eta XVIII. mendean berrikuntza handiak egin zitzaizkion. Ondoren ordea garrantzia militarra galdu zuen eta bertan behera gelditu zen. XX. mendearen amaiera aldera berrizte lanak egin ziren. 2014-2015 bitartean Erdi Aroko, Aro Modernoko eta XVIII. mendeko egiturak berreskuratu ziren. Dorreak eta harresiaren zatiak berriztu ziren eta jauregiaren bainu eremua azaleratu zen[5].

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru altuera maila dituen gaztelua da, oinplano trapezoidala duela, harkaitzaren beharrei egokitua. Nazariek lau dorre ezarri zituzten harresian; dorre nagusia, dorre berria, dorre zaharra eta polboraren dorrea. Gaztelarrek bi dorre berri gehitu zizkioten, kuboa eta bateria. Harresietatik kanpo bi dorre berri aurkitzen dira, uraren dorrea eta Coracha dorrea, azken honen babes funtzioa zeukan.

Goiko mailako eremua da zabalena. bertan kokatu zen nazarien jauregia eta 2014-2015ean burutu zen indusketa eta berriztatze lanetan jauregiko bainuen eremua azaleratu zen[5].

Gazteluaren harresiak iparraldetik mendebaldera inguratuz Paseo de las Flores ("Loreen pasealekua") dago. Bertan kontzertuak egiten dira[6].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Yusuf III | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  2. «Breve recorrido histórico - Salobreña - Costa Tropical de Granada» www.ayto-salobrena.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-05).
  3. a b «Navas-G Consuegra» www.ugr.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  4. (Gaztelaniaz) Hoy, Granada. (2012-11-25). «Salobreña saca el talonario para la reforma del castillo» Granada Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  5. a b «El Castillo de Salobreña - Salobreña - Costa Tropical de Granada» www.ayto-salobrena.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-14).
  6. (Gaztelaniaz) «Conciertos en Paseo de las Flores de Salobreña (Granada) - Locales» Conciertos en Granada (Noiz kontsultatua: 2022-08-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]