Sexu erasotzaile

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizon erasotzailea Erdi Aroko irudi batean.

Sexu erasotzaile esaten zaio beste pertsona bati, helduari, nerabeari edo haurrari, eraso egiten dion gizabanakoari, sexu-abusu gisa zein bortxaketa gisa, hura sexualki menderatzeko helburuarekin. Sexu-erasotzailearen nozioa aldatuz joan da denborarekin, jabetzaren, gorputzaren, eskubideen edo sexu-askatasunaren kontzeptuak nola aldatu diren kontuan hartuta. Orokorrean, sexu gogoa asetzeko baino gehiago, botere adierazpen gisa ultertu behar dela ikusi da.

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat teoria daude sexu-delinkuentziaren jatorriari buruz. Ikertzaile batzuek faktore biologikoak eta genetikoak kontuan hartzen dituzten arren, gehienak bat datoz sexu-erasotzaileen portaera desbideratuaren jatorria subjektu horien haurtzaroan dagoela esatean.

Faktore biologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faktore biologikoen artean, hauek daude:

Faktore kulturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu-delinkuentziaren jatorriari buruzko gizarte- eta ingurumen-teoriek faktore espezifikoen eginkizun protagonikoa identifikatzen dute:

Gizarte- eta kultura-eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazteek komunikabideetan ikusten dituzten irudikapenen arabera, gizonezkoak boteretsuak eta oldarkorrak dira, eta emakumeak nahi duten bezala tratatzeko eskubidea dute. Telebistako programetan indarkeriaren presentzia, esaterako, gizarteak indarkeria onartzen laguntzen du. Pertsonen arteko indarkeria, gizonen menderatzea eta emakumeekiko jarrera negatiboak gizarte patriarkalen estereotipo komunen parte dira.

Zenbait ikerketa antropologikok erakusten dute indarkeri zaleak ez diren gizarteetan bortxaketak ez direla gauza arrunta; aldiz, gerra-gizarteetan, gizonezkoen nagusitasuna eta indarra goraipatzen diren horietan, askoz ere ohikoagoak dira bortxaketak.[1]

Profila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jendeak nahiago du pentsatu sexu-erasotzaileak edo haurren abusatzaileak «zahar berdeak» direla, adimen-ahuleziaren bat duten pertsonak, alkoholikoak, drogazaleak edo arloteak, eta pertsona horietan erraz aurkituko liratekeela haien munstrotasunaren ebidentziak, baina hori ez da horrela. Iruditeria sozialak sexu-erasotzaileaz izan ohi duen irudi hori, emakume helduen bortxatzaileaz nahiz haurren sexu-abusatzaileaz izan, errealitatetik oso urrun dago. Jendeak munstro bat bezala irudikatzen du bortxatzailea edo sexu-abusatzailea, itxura arriskutsu eta desatsegina duena. Errealitatea oso bestelakoa da. Sexu-erasotzailea, gehienetan, beste edozein bezalako gizabanakoa da, eta ezin da bereizi gainerako pertsona «normaletatik». Emakume batek sei aldiz aukera gehiago ditu senide batek eragindako sexu-erasoa edo bortxaketa pairatzeko ezezagun batek eragindakoa baino.[2] Haurren sexu-abusua prebenitzeko zailtasun nagusia da, bestetik, haurrei arrotzekin ez fidatzen irakasten zaiela, sexu-erasotzaileak haurren gertuko ezagunak izaten baitira: gurasoak, senideak, irakasleak, erlijio-buruak, entrenatzaileak, bizilagunak, etab.[3]

Helduen aurkako sexu-bortxaketak ia gizonezkoek bakarrik egiten dituzte, eta biktima gehienak emakumezkoak dira, baina gizonezkoen bortxaketa ere gertatzen da. Estatistikek erakusten dutenez, sexu-erasotzaileen % 97 gizonezko helduak dira, eta arraza, kultura, talde etniko, gizarte-maila, hezkuntza-maila eta lanbide guztietakoak izan ohi dira.[4] Emakumeek ere haurren eta nerabeen sexu-askatasunaren aurka egin dezakete, eta askoz neurri txikiagoan parte hartu haurren sexu-abusuen kasuetan.

Erasotzaile motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Massachusetts Treatment Center erakundeak lau mota bereizi zituen:

  • Amorruz edo mendekuz oinarritzen dena: erasotzaile hauek biktimaren kaltea eta umiliazioa bilatzen dute. Lekualdatutako erasoa ere esaten zaio, biktimak ez baitu paper zuzenik izan.
  • Konpentsatzailea: Helburua sexuala du argi eta garbi; normalean ez da eraso fisikorik gertatzen. Biktimak erresistentzia izanez gero, baliteke atzera egitea. Erasotzaileak autoestimu txikia duenez, bere «botere soziala» frogatzen saiatzen da.
  • Agresibo sexuala: indarkeria erabiltzen dute, eta kasu askotan hil egiten dute. Indarkeriak kitzikatu egiten ditu, jolasean dabiltzala uste dute. Ezkonduta badaude, bikotekideen aurkako genero-indarkeria erabili ohi dute.
  • Oldarkorra: Sexu-erasoak egiten dituzte abagunea sortzen denean, normalean beste delitu batzuk egiten direnean.

Erasoen ezaugarri batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarritan, erasotzaileen motibazioa ez da sexuala, boterea erakusteko bidea baizik.

Ikerketek erakusten dutenez, emakume helduen bortxatzaileak eta haurren abusatzaileak biktimaren gaineko boterea eta kontrola sentitu behar dute. Pertsona babesgabeak edo ahulagoak bilatzen dituzte, indartsu eta boteretsu sentitzeko. Sexu-bortxaketekin batera, indarkeriazko ekintzak eta biktimaren degradazioak gertatzen dira. Erasotzaileak biktimaren umiliazioa bilatzen du, deskarga erotikoa baino gehiago. Estatistikek erakusten dutenez, bortxatzaileen % 70ek baino gehiagok doako indarkeria-ekintzak egiten dituzte biktimen aurka, eta horiek umiliatzen gozatzen dute. Kontrola, boterea, menderatzea eta etsaitasuna ohiko ezaugarriak dira sexu-eraso batean. Itxuraz, sexualitatea sexu-erasotzaileak bere helburua lortzeko aurkitu duen baliabidea da, hau da, boterea erabiltzea eta biktimaren gaineko kontrol-sentimendua lortzea. Horregatik, autore askok azpimarratzen dute bortxaketak zerikusi handiagoa duela kontrolarekin sexualitatearekin baino.[5][6]

Tratamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde asko hasi dira sexu-erasotzaileak tratatzeko programak garatzen. Tratamendu-programak psikologikoak, kognitibo-konduktualak izan ohi dira, 1960ko hamarkadan kastrazioaren eraginkortasunik eza frogatu zenetik, eta 80ko hamarkadan, kastrazio kimikoaren eraginkortasunik eza frogatu zenetik. Apaizeei soilik zuzendutako programak daude.[7]

Nafarroako kriminologoen elkarteko presidente den Nahikari Sánchezen hitzetan "Sexu erasotzaileen motibazioak askotarikoak dira. Gaitza modu orokorrean tratatzea arriskutsua dela uste du". "Arreta eduki behar da kastrazio kimikoa sexu erasoei aurre egiteko soluzio sinplista gisa proposatzen denean". "Inhibitzaileek frustrazioa eragin dezakete haiengan, eta hori arriskutsua izan daiteke. Inoiz ez dira erabili behar adituen jarraipenik gabe eta tratamendu bakar gisa".[8]

Zehazki, sexu-delituen berrerortze-tasa % 10,1ekoa izan zen tratatutako delitugileentzat, eta % 13,7koa tratamendurik gabeko taldearentzat.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. P. R. Sanday (1981). Female power and male dominance. Londres, Cambridge University Press. [1]
  2. P. Mones (1991). When a child kills. New York, Pockets Star Books. [2]
  3. Marshall, William L (2001). Agresores sexuales (itzulpena). Bartzelona, Ariel. ISBN 84-344-7472-7.[3]
  4. Marshall, William L. «The treatment of sex offenders in a community clinic». Going straight: Effective deliquency prevention and offender rehabilitation, 277-305. or. Otawa, Air training and Publications
  5. M Christie y W. L. Marshall (1979). «A descriptive study of incarcereted rapists and pedophiles». Otawa, Kanadako Prokuradore Nagusiaren txostena.
  6. J. L. Darke (1979). Handbook of sexual assault: Issues, theories and treatment of the offender, 55-72. or. New York, Plenum Press.
  7. Kelly, A.F. «Clergy offenders». Sourcebook of treatment programs por sexual offenders, 303.-308. or. New York, Plenum Press.
  8. https://www.berria.eus/euskal-herria/sarritan-sexu-erasotzailearen-nahia-ez-da-eraso-hori-egitea_1011658_102.html
  9. http://scioteca.caf.com/handle/123456789/1285

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]