Wikipedia, Entziklopedia askea

Amerikako historia

Historiaurreko giza migrazioak.

Amerika izena Ameriko Vespuzio esploratzailearen omenez jarri zitzaion kontinenteari, bera izan baitzen lehena ulertu zuena lur haiek ez zirela Asiakoak –Indiakoak, hain zuzen–, europarrentzat ezezaguna zen kontinente bat baizik.

Kristobal Kolonek 1492an europarrentzat "aurkitu" ondoren, europarrek "mundu berri"-tzat hartu zuten, "kontinente zaharra" zen Europaren aurrean, ez bakarrik lurralde haiek beraientzat berriak zelako, baina baita bertan aurkitu zituzten ikusi gabeko gauza ugariengatik ere. XVIII. mendean, kolonia ingelesetako eta Estatu Batuetako biztanleek aldarrikatu egin zuten "mundu berria" esamoldea, Europako erregimen zaharren aurrean eraiki nahi zuten gizarte berriagatik.

Amerikaren aurkikuntzatik aurrera, espainiarrek eta portugaldarrek kontinentearen erdialdea eta hegoaldea kolonizatzeari ekin zioten batez ere, eta ingeles eta frantsesek, aldiz, iparraldea. Ondorioz, bi Amerika bereizten dira askotan: Latinoamerika, erdialde eta hegoaldean; eta Ipar Amerika. Alabaina, geografiaren ikuspuntutik, zuzenago da hiru zati bereiztea gaur egungo Amerikan:

Azken biek batera osatzen dute Latinoamerika deitzen dena.

Kolon aurreko Amerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maien piramide bat.

Kontinenteko lehen populazioak Asiatik iritsi ziren duela 15.000 urte inguru, garai hartan kontinentearen iparraldea Asiarekin konektatzen zuen Beringia izeneko lurraldetik.

K.a. lehen milurtekoan hasi eta XV. mendearen bukaera arte, zibilizazio handi batzuk garatu ziren Erdialdeko Amerikan eta Andeen inguruetan: inkak, aztekak eta maiak. Hiru zibilizazio hauek erresuma indartsuak eratu zituzten, eta garapen handia lortu zuten artean, arkitekturan eta baita zientzietan ere. Hala ere, ez zuten ezagutzen gurpila eta horrek asko zaildu zituen garraioak. Zaldiak ere ez zituzten ezagutu europarrek eraman zituzten arte.

Kolon iritsi baino lehen, badirudi itsasgizon bikingoak izan zirela kontinente zaharretik iritsitako lehen europarrak 1000. urte inguruan, eta, beharbada, baita euskaldunak ere, geroago. Baina gertaera horrek ez zuen ondorio garrantzitsurik izan.

Europarren iristera eta kolonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konkistatzaile espainiarrak.

149an, Kolonek zuzendutako itsasontziak iritsi ziren Bahametako uharte batera, eta haren ondoren beste esploratzaile ugari hasi ziren bidaiatzen kontinenteko lurralde desberdinetara hango aberastasunez jabetzeko asmoz. Berehala, 1494an, espainiarrek eta portugaldarrek kontinente osoa bien artean banatzea adostu zuten; horrela, Espainiak erdialdeko eta hegoaldeko lurrak hartu zituen beretzat eta Portugalek, berriz, gaur egun Brasilgoak diren lurraldeak. Batzuek nahiz besteek helburu berbera zuten: kontinente aurkitu berriko aberastasun ekonomikoez jabetzea eta, lehen lekuan, urrea eta bestelako metal baliotsuak aurkitzea.

Espainiarrek konkista militarrari ekin zioten, eta Hernán Cortés eta Francisco Pizarro konkistatzaileen eskutik azteka eta inken inperioak menderatu egin zituzten. Konkistatzaileek eragindako sarraskiek eta eraman zituzten gaixotasunek milioika indigena hil zituzten; horregatik, geroagoko garaietan, europarrek Afrikako esklaboak eraman zituzten, milaka eta milaka, haiek ordezkatzeko. Europarrek amerindiarrentzat ezezagunak ziren animaliak eraman zituzten bertara, zaldiak, mandoak eta idiak batez ere; eta kontinente zaharrean ezezagunak ziren landareak eta laboreak eraman zituzten Europara, artoa, patata, tomatea, tabakoa eta kakaoa, adibidez.

Espainiaz eta Portugalez gain, XVII. mendean beste kolonizazio batzuk hasi zituzten frantsesek Antilletan eta Kanadan, eta ingelesek Ipar Amerikako kostalde atlantiarrean. Bi herrialde kolonizatzaile haiek gatazkan sartu ziren 1763tik aurrera, ingelesek Kanadaren kontrola frantsesei kendu zietenean. Ingelesen kolonizazioa ez zen mugatu lurralde haietako aberastasunez jabetzera; Europatik bidalitako gizon-emakumeekin jendeztatu nahi izan zituzten euren koloniak. Denborarekin, migrazio handi bat hasi zen, batez ere kontinente zaharrean jazarriak ziren disidente erlijioso eta politikoekin. Haietako asko kultura handikoak eta gaitasun politiko eta profesional handikoak ziren eta gizarte berri bat eraiki nahi izan zuten mundu berri hartan.

Estatu Batuen jaiotza eta Latinoamerikaren independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuen independentzia-gerra.

Kolonia ingelesetako biztanleak gero eta gehiago kexu ziren metropoliarekin zeukaten mendekotasun politiko eta ekonomikoagatik, eta 1773an Amerikako Iraultza hasi zuten. Kolono amerikarrek ingelesak garaitu eta Amerikako Estatu Batuak sortu zituzten 1783an, independentzia-gerra baten ondoren. Kanakak bakarrik jarraitu zuen koroa ingelesari loturik.

Ipar amerikarren bidetik, eta Espainiaren eta Portugalen ahultzeaz profitatuz, Hego Amerikako koloniek ere ekin zioten independentziaren aldeko borrokari. Horrenbestez, 1825erako, haietako asko herrialde burujabe bihurtu ziren. Alabaina, Latinoamerika nahiko atzeraturik geratu zen, egonkortasun politikorik gabe, estatu-kolpe ugarirekin, lurjabe aberatsen esku zeuden lur zabaletako nekazaritza atzeratu batekin eta bizimodu izugarri pobrea zeukaten nekazariekin.

Ipar Amerikan, bestalde, jatorrizko biztanle amerindiarrak ia erabat sarraskituak izan ziren eta zuriak jabetu ziren haien lur guztiez; geratu ziren apurrak erreserba deitutako lur-eremu mugatu batzuetan bizitzera behartu zituzten. XIX. mendean zehar, estatubatuarrek, ekialdeko kolonietatik hasita, gero eta urrutiago eraman zuten herrialdearen muga mendebalderantz, Ozeano Barera iritsi arte. Estatu berri batzuk sortu ziren lurralde konkistatu berrietan, eta garapen kapitalista handia izan zuten. Gauza berbera gertatu zen Kanadan ere.

Estatu Batuak, munduko potentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migratzaileak New Yorkera iristen.

Migrazio ikaragarri handia erakarri zuen Amerika osoak XIX. eta XX. mendeetan, jatorrizko biztanleen urritasunagatik, lurralde zabalak erabilgarri izateagatik eta langile-behar handia zegoelako alor guztietan. Aurreko mendeetan iritsitako esklabo afrikarrei, Europatik eta Asiatik iritsitako milioika migratzaile batu zitzaizkien.

XX. mendearen hasierarako, Estatu Batuak (AEB) munduko potentzia ekonomikorik handiena bilakatu ziren. Ordura arte, Europako arazo eta gatazka politikoetatik aparte egon ziren; gobernuaren ardura bakarra europarren interesak bere lurretatik urrun edukitzea zen. Horrela, isolazionismoa deitzen den politikan murgilduta egon ziren Estatu Batuak denbora luzez, munduko arazoez gehiegi arduratu gabe, baina Latinoamerikako herrialdeen eskubideak zainduz, bere interesen onerako.

Isolazionismo hori 1917an amaitu zen, Estatu Batuak ere Lehen Mundu Gerran sartu zirenean. Alemaniako eta Austria-Hungariako inperioek garaipena lortuko zuten beldurrez erabaki zuen gobernu estatubatuarrak aliatuekin batzea. Gerra ondoren, Estatu Batuek hazkunde ekonomiko nabarmena lortu zuten 20ko hamarkadan, baina 1929ko krisi latz batek Depresio Handia delakoa eragin zuen, eta mundu osora zabaldu zen.

Beste denbora tarte batez isolazionismora itzuli ziren, harik eta 1941ean Bigarren Mundu Gerran sartu behar izan zuten arte. Nolanahi, gerra horretatik, inoiz baino indartsuago irten ziren AEBak; geroztik, mendebaldeko munduaren gidaritza hartu zuten, alderdi politikoan, kulturalean eta militarrean. XX. mendearen erdialdetik hasita, komunismoari aurre egin zioten beren aliatuekin batera, Gerra Hotza delakoan, Sobiet Batasunaren eta Txinaren aurka, baina ez aurrez aurreko gatazka handietan, baizik eta munduko hainbat herrialdetan piztutako gatazka armatu txikien bidez.

Azkenik, 1990eko hamarkadan, erregimen komunista gehienak erori egin ziren, eta, gaur egun Txina da, garapen ekonomiko eta militar handia lortu ondoren, AEBei itzal egiten dion potentzia bakarra.

Latinoamerika, gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen bigarren erdian, Latinoamerikak krisialdi ekonomiko eta politiko ugari jasan ditu, eta Estatu Batuen kontrol ekonomiko eta politikoaren pean murgildu da gero eta gehiago, Kuba izan ezik, berau baita Ameriketan dagoen estatu komunista bakarra. Azken hamarkadetan, zenbait diktaduratatik igaro ondoren, demokratizazioa gehiago sendotu da, baina baita AEBekiko mendekotasuna ere.