Wikipedia, Entziklopedia askea

Erreakzio kimiko

Hidrogeno atomo bat eta oxigeno-hidrogeno atomo batek erreakzionatzean sortzen den erreakzio kimikoaren ekuazioa.

Erreakzio kimikoa "erreaktibo" izeneko sustantziak elkartzean "produktu" izeneko sustantzia ezberdin batzuk bilakatzearen prozesua da. Erreakzio horiek ekuazio kimikoen bitartez adierazten dira.

Erreaktiboa deritzo aldaketa hori eman aurretik dugun sustantziari eta produktua, berriz, aldaketaren ondoren lortzen dugun sustantziari.

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Burdinak oxigenoarekin erreakzionatzen duenean oxidatu egiten da eta erreaktibo izatetik produktu izatera bilakatu da, horrela burdina erdoildu egiten da.
  • Egurrak oxigenoarekin erreakzionatzen duenean sua hartzen du eta errautsa bukaerako produktu sortzen da.
  • Fotosintesia: CO2 eta ura eguzki izpien laguntzarekin janari bihurtzen dute landareek.
  • Ozpinak eta bikarbonato sodikoak bat egiten dute sodio azetatoa, karbono dioxidoa eta ura sortzeko.
  • Substantzia organikoak erretzen edo lehertzen direnean gertatzen dira.
  • Izaki bizidunetan gertatzen diren metabolismo-erreakzioak ere badira.
  • Erreakzio elektrokimikoak ere badira, pilak kargatzeko edo deskargatzeko orduan.

Erreakzio batzuk azkarrak dira, eta beste batzuk motelak. Izan ere, konposatu kimiko bakoitzak bere abiadura dauka, tenperaturaren edo kontzentrazioaren arabera. Esate baterako, substantzia batzuek ez dute erreakzionatzen hotz daudenean, baina pospolo baten beroa nahikoa da erretzen hasteko. Erreakzio batzuek energia askatzen dute, eta horiei erreakzio exotermikoak deritze. Energia kanpotik hartzen dutenei, ostera, erreakzio endotermikoak deritze.

Erreakzio kimikoetan, atomoen elektroiek hartzen dute parte, besterik ez. Baina erreakzio nuklearretan, atomoaren nukleoaren barneko protoiak eta neutroiak hartzen dute parte; beraz, erreakzio nuklearrak ez dira erreakzio kimikoak.

Oinarrizko lau erreakzio kimikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko lau erreakzio kimikoak: sintesia, deskonposizioa, desplazamendu bakarra eta desplazamendu bikoitza
  • Sintesi-erreakzioan, substantzia sinple bi edo gehiago konbinatzen dira substantzia konplexuago bat sortzeko.

A + B → AB

Bi erreaktibo edo gehiago elkartzen dira produktu bat emateko. Sintesi-erreakzioaren adibidea sufrearen eta burdinaren konbinazioa da burdin (II) sulfuroa emateko:

8 Fe + S8 → 8 FeS

Beste adibide bat oxigeno gas sinplearekin konbinatutako hidrogeno gas sinplea da substantzia konplexuagoa lortzeko, hala nola ura.

2 H2 + O2 → 2 H2O

  • Deskonposizio-erreakzioan substantzia konplexuagoa (erreaktiboa) produktu sinpleagotan banatzen da. Hortaz, sintesi-erreakzioaren kontrakoa da, eta honela idazten dugu:

AB → A + B

Deskonposizio-erreakzioaren adibide bat uraren elektrolisia da oxigenoa eta hidrogeno gasa lortzeko:

2 H2O → 2 H2 + O2

  • Desplazamendu edo ordezkapen bakarrean, elementu bakar batek beste konposatuaren elementu bat ordezkatzen du. Beste era batera esanda, elementu batek eta beste konposatuaren elementu batek lekuak trukatzen dituzte. Erreakzio hauen forma orokorra hauxe da:

A + BC → AC + B

Desplazamendu bakarreko erreakzioaren adibide bat da magnesioak uraren hidrogenoa ordezkatzen duenean magnesio hidroxidoa eta hidrogeno gasa sortzeko:

Mg + 2H2O → Mg(OH)2 + H2

  • Desplazamendu edo ordezkapen bikoitzean, bi konposatuen anioia eta katioia trukatzen dira, eta guztiz ezberdinak diren konposatuak sortzen dituzte. Erreakzio hauen forma orokorra hauxe da:

AB + CD → AD + CB

Adibidez, bario kloruroak (BaCl2) eta magnesio sulfatoak (MgSO4) erreakzionatzen dutenean, sulfato anioia (SO4–2 ) ordezkatzen da bi kloruro anioiekin (2Cl) konposatu berriak emateko: bario sulfatoa (BaSO4) eta magnesio kloruroa (MgCl2).

BaCl2 + MgSO4 → BaSO4 + MgCl2

Desplazamendu bikoitzaren beste adibide bat ematen da berun (II) nitratoak eta potasio ioduroak erreakzionatzen dutenean. Horrela, produktu berriak ematen dituzte: berun (II) ioduroa eta potasio nitratoa.

Pb (NO3)2 + 2 KI → PbI2 + 2 KNO3

Ekuazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreakzio kimikoa ekuazio baten bidez erakusten da:

A + B → C + D

Hemen, A eta B erreakzio kimiko baten erreaktiboak dira, eta produktu berriak sortzeko erreakzionatzen dute.

Errekuntza-erreakzioaren adibideetako bat:

C + O2 → CO2