Wikipedia, Entziklopedia askea
Espainiako zona klimatiko desberdinen mapa.
██ Klima mediterraneo kontinentala ██ Itsas aldeko klima mediterraneoa ██ Klima semiaridoa ██ Klima ozeanikoa ██ Itsas aldeko klima ozeanikoa ██ Mendialdeko klima ██ Klima subtropikala

Espainiako kliman alde handiak egoten dira eskualde batetik bestera, eta klima ugari daude, kokapenaren eta itsasoarekiko distantziaren arabera. Espainian topa daitezkeen klimak honako hauek dira:

  • Klima mediterraneoa: prezipitazioak urriak izaten dira; tenperaturak baxuak izaten dira neguan eta altuak udan. Barrualdeko lurretan, klima mediterraneo kontinentala dutela esaten da: euri gutxi egiten du, udaberrian eta udazkenean batez ere, eta tenperaturak baxuak dira neguak eta altuak udan. Aldiz, kostaldean, kostaldeko klima mediterraneoa izaten dute, euri gutxi eta irregularrekin, baina batzuetan uholdeak eragiten dituzte; tenperaturak leunagoak izaten dira neguak, baina altuak udan.
  • Klima ozeanikoa: euriak oso ugariak izaten dira urte osoan, eta tenperaturak leunak.
  • Klima subtropikala: prezipitazio urriak izaten dituzte, iparraldeko lekuetan ugariagoak. Tenperaturak leunak izaten dira urte osoan.
  • Mendialdeko klima: prezipitazio ugariak izaten dira, neguan elur forman. Tenperaturak oso hotzak izaten dira neguan eta leunak udan.

Ikus dezagun klima horiek denak nola dauden banatuta. Espainian, ondoko zona klimatiko hauek bereizten dira:

Iparraldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galiziatik Nafarroako Pirinioetaraino doan zatian, klima ozeanikoa dago.

Prezipitazio ugari (800 mm-tik gora urtean) eta erregularrak dituzte, urte osoan zehar banatuak (150 egun baino gehiagotan izaten dute euria), baina batez ere neguan eta gutxiago udan. Fronte polarrek ekarritako borraskak eta mendien hurbiltasunak eragiten dute prezipitazioen ugaritasuna.

Vigoko klimograma (Galizian).

Tenperaturak leunak izaten dira urte osoan (batez beste, 15 °C), eta urteko anplitude termikoa (denbora-tarte jakin bateko tenperatura altuenaren eta baxuenaren arteko diferentzia) txikia izaten da, 10 °C ingurukoa, Atlantikoaren eragin leungarriagatik. Neguak ez dira oso hotzak izaten (gutxitan jaisten da 6 °C-tik), izozterik gabe, eta uda freskoa izaten da (gutxitan igotzen da 22 °C-tik gora).


Mendilerroetako goialdeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Penintsulako hainbat lekutan sakabanatuta, 1.000 metrotik gorako altitudean dauden lekuetan, mendialdeko klima dute, euri ugarirekin eta tenperatura baxuekin.

Huescako klimograma (Pirinioetatik hurbil).

Beren altueragatik eta kokapenagatik, mendilerroek inguruetako ezaugarri klimatikoak aldatzen dituzte, besteak beste tenperaturak gutxituz eta prezipitazioak ugarituz (batez ere elur moduan).

Urteko bataz besteko tenperatura baxua izaten da (10 °C-tik behera), uda freskoekin iparraldeko mendialdeetan, eta beroagoekin erdialdeko eta hegoaldeko mendialdeetan, eta negu hotzekin (0 °C-tik behera).

Prezipitazioak ugariak izaten dira, mendien eraginez, urte osoan zehar banatuak eta askotan elur moduan.


Penintsulako barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Penintsularen erdialde zabalean, bi goi-lautadetan, Ebroko Haranean) eta Andaluziaren barnealdeko leku batzuetan klima mediterraneo kontinentala dute, prezipitazio gutxirekin eta tenperatura altuekin.

Zaragozako klimograma (Ebroko Harana).

Anplitude termiko handia dago (15 eta 20 °C bitartean), uda bero edo oso beroekin eta negu hotzekin. Barnealdea izanik, itsasoaren eragin oso txikia izaten dute, eta, gainera, altitude handiaren eragina ere jasaten dute.

Horren ondorioz, prezipitazioak urriak izaten dira (300 eta 800 mm artean urte osoan), bai eta irregularrak ere. Batez ere udaberrian eta udazkenean gertatzen dira, borraska atlantikoek ekarrita. Prezipitazioak ugariagoak izaten dira mendebaldean ekialdean baino, eta Ebroko sakonunea izaten da lehorrena.

Azoreetako antizikloiaren eraginagatik, udak lehorrak izaten dira, bi hilabetez goi-lautadaren iparraldean eta hiru-lau hilabetez hegoaldean.

Goi-lautadaren iparraldean neguak hotzagoak izaten dira (6 °C azpitik) eta udak leunagoak. Aldiz, hegoaldean, tenperatura altuagoak izaten dituzte neguan eta, bazte ere, udan (22 °C gainetik).


Penintsulako hego-ekialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almeriako klimograma (hego-ekialdean).

Alacanteko hegoaldean, Murtzian eta Almerian, bai eta Ebroko Haraneko puntu batzuetan ere, klima mediterraneo lehor edo semidesertikoa dute, tenperatura oso altuekin eta prezipitazio oso urriekin.

Prezipitazioak 300 mm baino gutxiagokoak izaten dira urtean, hainbat hilabete lehorrekin. erliebe orografikoaren eraginez borraska atlantiko eta mediterraneoak oso gutxi sartzen direlako gertatzen da lehortasun hori.

Tenperaturak bi eremu bereizten ditu: kostaldea, tenperatura epelagoekin (batez beste 18 °C), eta barrualdea, negu hotzekin.


Kanariar uharteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Las Palmaseko klimograma (Kanarietan).

Uharte hauetan, klima tropikal lehorra (subtropikala) dute, tenperatura beroekin urte osoan (batez bestekoa ez da jaisten 17 °C-tik hilabete bakar batean ere). Anplitude termiko txikia izaten dute: 5 eta 8 °C besterik ez.

Ekialdeko haize alisioek, Azoreetako antizikloiak eta Kanarietako itsaslaster hotzak eragiten dute klima mota hori. Dena dela, batzuetan, haizea Saharatik iristen denean, bolada beroak gertatzen dira; bestalde, uda bukaeran aldean, fronte polarreko aire-masa hezeak iristen direnean, euriak gertatzen dira.

Prezipitazioak oso urriak izaten dira behe-eremuetan (300 mm-tik behera urtean). Mendi inguruetan, berriz, 1000 mm-raino irits daitezke ekialdeko haizeen eragina jasaten duten isurialdeetan.