Wikipedia, Entziklopedia askea
Hodei motak eta azpimotak.

Hodeiak atmosferan zintzilik dauden ur tantaz edo izotz-partikulaz osaturiko multzoak dira.

Nola osatuta daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tanta eta partikula edo kristal horiek txiki-txikiak dira eta atmosferan dagoen ur-lurruna kondentsatzean sortzen dira, tenperatura hotzagoak aurkitzen dituztenean; oso txikiak dira, 0,01 milimetro ozta-ozta, eta oso arinak direlako egoten dira airean zintzilik.

Aire beroko masa bat zeruan gorantz igotzen denean, bere barruan duen ur-lurruna hoztu eta kondentsatu egiten da, tantatxoak edo izotz kristalak eratuz: horrela sortzen dira hodeiak. Hodei altuenak hotzago daude, atmosferako tenperatura hotzagoa den altueran daudelako, eta, horregatik, hodei altuenek izotz kristalak baino ez dituzte; aldiz, hodeirik baxuenak beroago egoten dira eta, horregatik, ur tantak dituzte; dena dela, badaude hodei mistoak ere, hau da, ur-tantak eta izotz-kristalak nahastuta dituztenak.

Beraz, hodeiak ez daude ur-lurrunez osatuta, baizik eta, esan bezala, ur-tanta eta izotz-kristal txiki-txikiez. Lurrunez osatuta egonez gero, ikusezinak izango lirateke. Aldiz, ur eta izotz partikulak bai ikusten dira.

Hodeiak altuera desberdinetan egoten dira zeruan, atmosferako baldintzen arabera. Hodei altutzat jotzen dira 7.000 metrotik gorakoak; altuera ertaineko hodeiak 7.000 eta 2.000 metro bitartean egoten dira, eta baxuak 2.000 metrotik behera.

Hodei motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxuraren eta altueraren arabera, hodei-mota desberdinak bereizten dira; azpimota ugari daude, baina lau dira mota nagusiak:

  1. Kumuluak: beheko altueran agertzen dira eta itxura biribila izaten dute.
  2. Estratuak: lurretik hurbil agertzen dira eta zeru guztia tapatzen dute.
  3. Ninboak: ekaitzak sor ditzaketen hodei ilunak.
  4. Zirruak: goiko altueran agertzen diren hodei zuriak.

Hodeien kolorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hodeiek gehienetan kolore zuriz ikusten ditugu; eguzkiaren argiak ur-tantatxoetan duen eraginaren ondorioz gertatzen da hori: eguzki-argiak kolore konbinatu guztiak aldi berean islatzen eta sakabanatzen dituenez, kolore zuriak ikusarazten digu.

Berez, zuria da hodeien kolorea, baina eguraldi txarra edo ekaitza dagoenean, kolore gris eta ilunez ere ikusten ditugu. Hori gertatzen da euriz kargatutako hodeiak oso trinkoak eta handiak direlako eta argiari oztopoa ipintzen diotelako; horregatik ikusten ditugu lurretik kolore ilunez. Aldiz, euri-hodei horiek goitik ikusten ditugunean, hegazkin batetik adibidez, zuriak izaten jarraitzen dutela ikusten dugu.

Ekaitz-hodei batek bi eta zortzi kilometro arteko lodiera du eta 30.000 tona ur izan ditzake bere barruan.