Wikipedia, Entziklopedia askea

Lurraren eremu magnetikoa

Magnetosferaren irudi artistikoa

Lurrak bere eremu magnetikoa (Eremu geomagnetikoa ere deitzen da) dauka, eta oso garrantzitsua da izaki biziontzat. Eremu magnetikoa indar magnetikoa duen iman baten inguruan dagoen espazio zatia da. Mugimenduan dauden korronte elektrikoek sortua da. Eta gure Lurrak iman baten antzera funtzionatzen du: barruko nukleoa burdinazkoa eta solidoa da, baina haren inguruan dagoen kanpoko nukleoa metal likidoz osatuta dago, burdina eta nikel urtua da batez ere, eta metal horiek mugimenduan daude kanpoko nukleoaren presioa txikiagoa delako eta metal urtu horiek tenperatura desberdinetan daudelako: materia hotz eta trinkoagoa hondoratzen da eta materia epelagoa eta ez hain trinkoa igotzen hasten da.

Etengabeko mugimendu horien ondorioz, Lurraren nukleoan halako konbekzio-korronte batzuk gertatzen dira eta horiek korronte elektriko mota batzuk sortzen dituzte. Konbekzio-korronteen prozesuari "geodinamika" deitzen zaio. Korronte elektriko horiek sortzen dute Lurraren eremu magnetikoa. Eremu hori nukleotik hasita kanpoko espazioraino iristen da. Lurra inguratzen duen eremu magnetikoaren atmosfera-zatiari magnetosfera ere deitzen zaio.

Lurraren eremu magnetikoak forma berezia du, zanpatua bezalakoa Eguzkira begira dagoen zatian, eta forma luzatua kontrako aldean. Eguzki-haizea delakoaren eraginez da horrela: eguzki-haizeak magnetosferaren zati bat konprimitzen du eta kontrako aldea zabaltzen du. Hedapen handi hau "isats magnetikoa" izenarekin ezagutzen da.

Zergatik da garrantzitsua?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magnetosferak berebiziko garrantzia du Lur planetan. Hari esker posible da gure planetan bizia egotea, Eguzkitik iristen zaizkigun erradiazioak neutralizatzen baititu; Eremu magnetikoaren babesik gabe, erradiazio-izpi horiek bete-betean joko lukete Lurrean eta arazo larriak sortuko lituzke izaki bizidunentzat.

Arazo larri horietako bat ozono-geruzaren desagerpena litzateke; ozono-geruza desagertuz gero, izaki bizidunek ezingo lukete eguzki-erradiazioa jasan eta hil egingo lirateke. Bestalde, urte-sasoien banaketan ere eragin kaltegarria izango luke, tenperatura-tarteak asko handituko liratekeelako: tenperatura ikaragarri beroak leku edo garai batzuetan eta ikaragarri hotzak beste batzuetan, 123 eta -153 gradu artean. Baldintza horietan, bizitza ez da posible.

Bestalde, magnetosferara iristen diren eguzki-haizeen eraginez, aurora polarrak gertatzen dira. Gainera, hainbat eta hainbat animaliak, hegazti eta dortokek adibidez, Lurraren eremu magnetikoa erabiltzen dute migrazio garaian orientatzeko.

Gizakiok orientatzeko ere oso garrantzitsua da Lurraren eremu magnetikoa. Izan ere, imanek bezala, Lurrak ere bi polo ditu, Ipar Poloa eta Hego Poloa. Bi polo horiek polo geografikoak dira, baina ez datoz bat Lurraren polo magnetikoekin: Ipar polo magnetikoa gradu batzuk desbideratuta dago eta haren kokapena aldatu egiten da denboran zehar. Nolanahi, oso hurbil daudenez, iparrorratzen bitartez Iparra erraz aurki dezakegu, eta hori oso baliagarria izan da eta da oraindik nabigaziorako eta hegazkinentzat ere.