Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
622.359
🔎
Azalera
13.812 km²
🏙️
Hiriburua
Podgorica
📷
Argazkiak
ikusi
Montenegroren kokapena.

Montenegro Europako hego-ekialdean dagoen herrialde txiki bat da. Ia XX. mende osoan Jugoslavia izeneko herrialdearen parte izan zen. Jugoslavia desagertu zenean, Serbia eta Montenegro deitutako beste herrialde baten parte izatera igaro zen. Geroago, 2006an Montenegrok independentzia aldarrikatu zuen. Bi hiriburu ditu: Podgorica eta Cetinje.

Herrialdeko ia biztanle guztiak montenegroarrak dira, Serbiako serbiarren antzekoak diren eslaviarrak. Montenegroar eta serbiar gehienak ekialdeko kristau ortodoxoak dira eta serbokroaziera hitz egiten dute. Montenegron bosniarrak eta albaniarrak ere badaude, baina gutxiago. Talde horiek batez ere musulmanak dira.

Montenegroren bandera.

Industria da Montenegroko ekonomiaren sektore nagusia. Fabriketan janaria eta metalak (adibidez altzairua) produzitzen dituzte. Nekazariek zerealak lantzen dituzte batez ere, eta ardi eta ahuntzen abelazkuntza da nagusi. Meatzaritza, baso-ustiapena eta turismoa ere garrantzitsuak dira.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montenegro Balkanetako penintsulan dago, itsaso Adriatikoaren ondoan. Montenegrorekin mugakide diren herriak honako hauek dira: Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Serbia, Kosovo eta Albania. Mendi aldapatsuek eta haranek osatzen dute Montenegroko ia lurralde guztia. Ia herrialde guztian neguak hotzak dira eta udak beroak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jendea antzinatik bizi izan da gaur egun Montenegro den tokian. Montenegroarren arbaso eslaviarrak VII. mende inguruan iritsi ziren lur horietara. Montenegro Serbiaren parte izatera igaro zen XII. mendean. 1389an otomandar turkiarrek Serbia konkistatu zuten, baina Montenegro ez. Une hartan, Montenegro independente izan zen 500 urte baino gehiagoan.

XX. mende hasiera aldera, Montenegrok Serbiarekin batera Turkiaren aurka borrokatu eta irabazi zuen, azken horrek agintzen baitzuen lurraldean. 1918an Montenegro eta Serbia batu egin ziren eta bien artean herrialde handiago bat sortu zuten: Esloveniar, Kroaziar eta Serbiarren Erresuma, geroago Jugoslaviako Erresuma izango zena; herrialde horri 1929an izena aldatu zioten eta Jugoslavia izatera igaro zen.

1990eko hamarkadan hainbat lur Jugoslaviatik banandu ziren herrialde independenteak sortzeko. Gerra zibil bat hasi zen. Azkenean, Serbiak eta Montenegrok Jugoslaviaren parte izaten jarraitu zuten. 2003an beste herrialde bat osatu zuten, Serbia eta Montenegro izena zuena. 2006an, ordea, Montenegro independizatu egin zen.


Argazki batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]