Vegezio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mulomedicina (1250-1375 ingurukoa, Medicea Laurenziana liburutegia, pluteoa 45.19)

Flavio Vegezio Renato (latinez Flavius Vegetius Renatus), Vegezio[1] izenez ezaguna, IV. mendeko Erromatar Inperioko idazle bat izan zen. Ez dakigu ezer bere bizitzaz, berak bere lanetan dioena izan ezik. Vegezio ez da militar gisa identifikatzen, baizik eta vir illustris et comes (goi klase sozialeko gizon eta konde) gisa. Titulu horiei esker badakigu aristokrata zela[2], enperadorearen hurbileko pertsona behar zuela; vir illustris antzinatasun berantiarreko titulua zen, Erromako eta Konstantinoplako senatarien mailarik altuenak formalki adierazten zituena. «Renato» izenak iradokitzen du helduaroan kristautu zela.

Datu biografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dakigu noiz jaio eta noiz hil ziren. Bere lanean, ordea, gutxi gorabehera kokatzeko balio duten zenbait erreferentzia daude: bere Epitoma rei militaris-aren arabera, Graziano enperadorea jainkotuta dago dagoeneko, hau da, hilda zegoen, eta horrek K.o. 383. urtean kokatzen du idazlana; Flavio Eutropio, Konstantinoplako eskribaren ohar bat, Vegezioren eskuizkribuetako bati buruzkoa, K.o. 450. urtekoa da. Beraz, 383 eta 450. urteen artean idatzi zuen Vegeziok.

Garai hartan nagusi zen enperadoreari eskaini zizkion bere lanak Vegeziok, baina ez du adierazten nor zen; ikertzaile batzuek iradokitzen dute litekeena Teodosio I izatea, beste batzuek, aldiz, Valentiniano III.a izan zela uste dute.

Bere bi lan ezagutzen dira: Epitoma rei militaris, De re militari ere esaten zaiona, eta Digesta Artis Mulomedicinae ez hain ezaguna, zaldi eta mandoen gaixotasunei buruzko albaitaritza tratatua. Lehenengoak, Epitoma rei militarisek (Teknika militarraren bilduma) eman zion ospe handiena.

Epitoma rei militaris[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazlan horretan, erromatar armadak antzinaroan izan zituen erabilera militarrak deskribatzen dira. Vegezioren beraren aipua prefazioan:

« Lehenengo liburuak sakonki erakusten die gazteei nola egin aukeraketa, zein leku hartuko dituzten soldadutzat, edo zein arma-ariketaz irakatsi behar zaien. Bigarren liburuak antzinako miliziaren ohiturak jasotzen ditu, infanteriako armadak haien inguruan ikas dezan. Hirugarren liburuak lur gaineko borrokarako beharrezkoak diruditen arte mota guztiak erakusten ditu. Laugarren liburuak hiriak erasotzeko edo defendatzeko erabiltzen diren makina guztiak zerrendatzen ditu, eta horiei, itsas gerrako arauak gehitzen zaizkie. »

Autoreak berak dioenez, lehenik, I. liburua tratatu independente gisa idatzi zuen, eta ondoren, enperadoreak eskatuta, hurrengo hiru liburuekin zabaldu zuen.

Batez ere lan praktikoa, laburra eta latin sinple batean idatzia izateagatik, Erdi Aroko eta Pizkundeko militarren erreferentzia gisa hartu zen, eta, kontaketaren xehetasunagatik, historialariek iturri garrantzitsutzat jo zuten. Askotan kopiatu zen ez, testuak orain arte osorik iraun du, eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen inprenta asmatu aurretik. Izan ere, Utrechten inprimatu zen lehen aldiz 1473an. XVI. mendetik aurrera, Vegezio iturri historiko gisa garrantzia galtzen hasi zen beste idazle klasiko batzuk aurkitu ostean, hala nola Polibio, eta Erromatar Inperioko hainbat garaitako instituzioak nahasten zituelako.

Vegeziok hainbat iturri aipatzen ditu, besteak beste, Katon, Cornelio Celso, Frontino, eta Augusto, Trajano eta Hadrianoren konstituzio inperialak aipatzen ditu bere iturrien artean.

Liburu osoak ezaugarri hauek ditu: aurreko garaiekiko nostalgia, iraganeko loria goratzen du, bere garaiko armadaren egoera deitoratzen du, eta hura berpizteko proposatzen du, diziplinaren eta entrenamenduaren beharra bereziki azpimarratzen dituelarik.

Vegeciori «si vis pacem, para bellum» esaldia zor zaio («bakea nahi baduzu, presta zaitez gerrarako»), nahiz eta jatorrizko testuak, zehazki, beste hau dioen: «igitur qui desiderat pacem, praeparet bellum» («beraz, bakeak nahi duenak, presta dezala gerra») (3. liburuaren hitzaurreaa).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Vegezio - Pertsona-izenak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  2. Paniagua, David. (2003). «LA EPITOMA REÍ MILITARIS DE VEGECÍO Y EL IMPERATOR INVICTUS» Voces (Salamanka: Salamankako Unibertsitatea) 14: 165-183..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Flavio Vegecio Renato (2006). Compendio de técnica militar. Madrid: Cátedra. ISBN 978-84-376-2313-9. 
  • — (1999). Medicina veterinaria. Introducción, traducción y notas de José María Robles Gómez. Madrid: Gredos. ISBN 978-84-249-2245-0. 

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]