Zatzaizkit

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zatzaizkit artea eta diseinua euskaraz sortu eta zabaltzea helburu duen marka bat da, 2017ko uztailaren 1ean sortua. Diseinu abstraktu eta minimalistako laminak, poltsak, jertseak eta kamisetak eskaintzen ditu markak. Diseinuak markaren sortzailea den Beñat Iraolak egiten ditu, eta serigrafiaren bidez estanpatzen ditu.[1][2]

Zatzaizkit markako kamisetetako bat

Oinarria edo kontzeptua honako hau da: diseinuak definitu gabe eta bakoitzak nahi duena interpreta dezala[3].

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zatzaizkit marka 2017an jaio zen Beñat Iraolaren eskutik (Hernialde, 1993)[4]. Marka sortu aurretik unibertsitatean diseinuko irakasle aritu zen lanean, baina lanean askatasuna falta zela sentitzen zuen eta bere proiektu propioa aurrera eramatea erabaki zuen. Minimalismo abstraktua jarraitzen dute marka honen diseinuek eta hasiera batean diseinuak tamaina ezberdinetako laminetan saltzen zituen; A4, A5, A6…

Handik gutxira produktua lamina moduan erostea zaila zela ohartuta, diseinuak kamisetetara pasatu zituen, egunerokotasunean gehiago saltzeko asmoarekin. 2017ko uztailaren 1ean Zatzaizkit sortu zuen. Marka euskalduna izatea nahi zuenez Euskal Herrira itzuli zen uztailaren 3an markarekin lanean hasteko. Bere etxe azpiko txoko bat lanerako prestatu, serigrafiatzeko materiala lortu eta produktuekin hasi zen.

Enpresaren jabea Beñat Iraola da eta berak bakarrik eramaten du marka, hortaz, berak hartzen ditu enpresarekin zerikusia duten erabakiak eta ondoren berak eramaten ditu aurrera; zer, nola eta zenbat ekoiztu, besteak beste. Pertsona juridikoari dagokionez, autonomoa da, erantzukizun mugagabea du eta hasteko ez zuen gutxieneko kapitalik behar izan.[5]

Markaren izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beñat Iraolak Zatzaizkit izena aukeratu zuen gaztetan lagun artean txantxetan erabiltzen zuen hitza zelako. Maiz erabiltzen zuten hitza, baina benetan ez zekiten hitza noiz erabili edo nola jokatu.

Belarriarentzat hitza atsegina zen berarentzat, eta hortaz sarean informazioa bilatu zuen. Aditza “zu niri” moduan jokatzen dela aurkitu zuen, eta modu horretan, hitzari zentzua ematen hasi zen, salduko zuen produktuaren eta izenaren arteko lotura eginez. Bere hitzetan “nire obrak oinarri bat dira eta pertsonari joaten zaizkio, orduan izan daiteke zu kontzeptua niri bezeroaren ikuspuntutik”. Diseinuen interpretazioa jendeak egitea nahi du eta jendea bere lanera hurbiltzen da, zu niri bere ikuspuntutik.

Balioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Markaren eginkizuna garrantzitsua da kontsumitzaile zein ekoizlearentzat, izan ere, markak bere horretan produktuaren inguruko informazioa ematen du. Kontsumitzaileari erosketak sinplifikatzen zaizkio, markak berak gauza asko adierazten dituelako eta ekoizlearentzat ere tresna baliagarria bilakatu daiteke.

Zatzaizkiten kasuan, markaren nortasunaren zati garrantzitsuena komertziala ez izatea da. Salerosketa prozesu honen estrukturak, gainontzeko markekin alderatuz zenbait berezitasun ditu. Batetik, dirua egitea ez du helburu nagusitzat, produktua plazaratzeari lehentasuna ematen dio. Bestetik, euskara da proiektu honen ardatza, baita komunikatzeko orduan ere. Euskara eta gaur egungo produktu “modernoen” eskaria bateragarriak direla erakutsi nahi du.

Euskararekin duen konpromisoaz gain, bere hornitzaileen lan baldintzat aproposak izateaz arduratzen da. Bi hornitzaile nagusi ditu, % 90 “Stanley Stella” tik dator eta eta %10 “Continental”etik. Bi marka hauek hainbat ziurtagiri dituzte: oeko-tex, fair wear, organic 100, organic blended, global organic textiles standard, global recycled standard eta vegan.

Hornitzaileak ez dira euskaldunak. Materiala kalitate onekoa zein ingurugiro eta pertsonekin errespetuzkoa izaten saiatzen da marka, baina ez du inongo “eko” ziurtagiririk jartzen ez baitaki zehatz-mehatz benetan enpresa horietako langileen egoera zein den.

Hortaz gain, eskariaren arabera produzitzen du eta beraz ez du zaborrik eratzen[6].

Hizkuntza eta euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zatzaizkiten funtsetako bat hizkuntza da eta markaren komunikazioa hiru etapatan banatzen dela esan daiteke. Hasieran, ingelesez jarduten zen mezua mundu mailara helarazteko asmoz, baina markaren izena eta bezeroen gehiengoa euskalduna izanda, ingelesa alde batera uztea erabaki zuen Beñat Iraolak. Handik gutxira, komunikazioa euskaraz eta gazteleraz egiten hasi zen. 2019tik, gutxi gorabehera, euskara hutsean egiten du, alde batetik, markaren izaera euskalduna delako eta bestetik, errazagoa delako Beñatentzat komunikazioa soilik bere ama hizkuntzan egitea, itzulpenak eta beste hizkuntzetan izan ditzakeen akats ortografiko zein gramatikalak saihesten baititu horrela. Euskara soilik erabiliz, hizkuntza gutxitua lehen planoan jartzea du helburu[6].

Eslogana eta logoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zatzaizkiten logoa izena bera da, tipografia berezi batekin. Kasu batzuetan produktuetan logoari bokalak kentzen dizkio; ZTZZKT jarriz. Letrak soilik dira izatez logoa, baina maiz atzealdeak kolore desberdinak izaten ditu.

Eslogana ez dago finkatuta, baina 2 esaldi lotu daitezke zuzenki markarekin. Hainbat kamisetetako etiketan, Zatzaizkit minimalismo abstraktua irakurri daiteke. Bestalde, bere produktuetan zein banaketarako erabiltzen dituen kutxetan zu niri zatzaizkit esaldia erabiltzen da.

Bezeroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bezeroen perfila finkatuta izatea ezinbestekoa da produktu bat saltzeko orduan. Kasu honetan Zatzaizkiten bezero orok dute ezaugarri edo interes bat komunean: euskara. Komunikazioa euskaraz soilik egiten da markarekin dauden prozesuetan.

Marka honek egiten duen euskararen erabileraren ondorioz talde nortasun bat sortzen da bezeroen artean. Gaur egun balio gehiago hartu dute kontzeptu ez ukigarriak marka eta eroslearen arteko harremanean, kasu honetan publikoarekin konektatzea lortu du Zatzaizkitek euskarari esker. Beñat Iraolak bere markaren nortasuna eta irudia bateratu ditu, transmititu nahi duena bezeroarengana iristen baita.

Posizionamendua eta patentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zatzaizkit marka erregistratuta dago, marka eta patenteetan. Marka erregistratzerakoan, Niza sailkapenean dago hau. Niza sailkapena produktu eta zerbitzuen sailkapena da, fabrikako edo merkataritzako markak eta zerbitzuetako markak erregistratzeko. Zatzaizkit marka ehungintza eta papertegi sektoreetan dago erregistratuta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arin, Nagore. ««Nire ametsa estudio honetan dago; beste lanak osagarriak dira»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  2. (Gaztelaniaz) «Nor gara?» Zatzaizkit (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  3. «Zatzaizkit, kontzeptu abstraktuak gure egiteko sortutako marka» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  4. «Beñat Iraola | Tabakalera» www.tabakalera.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  5. ««Seme-alabak izatearen pareko sentsazioa dut proiektu honekin» - Hernialde» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  6. a b Kafea, Bigarren. (2020-05-19). «Euskaraz gehiago gustatzen zatzaizkit» irratia.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]