2023-2024ko Israel-Palestina gerrari buruzko nazioarteko erreakzioak

Wikipedia, Entziklopedia askea

2023-2024ko Israel-Palestina gerrari buruzko nazioarteko erreakzioak urriaren 7tik hasi ziren Hamasek eta Gazako erakunde politiko-militarrak mugak hautsi eta Israelgo eskualde mugakideetara oldartu zirenean. Luze gabe, bi bloke sortzen joan ziren, elkarren kontrako posizioaz. Hasierako palestinar oldarraldiari Israelek ofentsiba suntsigarri luze batez erantzun zion, hainbat eragile politikok eta humanitariok «genozidiotzat» jo izan dutena. Estatuen artean, Iranek eta Hegoafrikako Errepublikak hartu dute gogorren Israelen kanpaina militarra, bigarrenak Israeli Nazioarteko Justizia Auzitegian genozidio salaketa bat jarriz. Kontrako aldean, AEBk, Europar Batasunak, Erresuma Batuak eta Australiak, besteak beste, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea eta «terrorismoaren kontrako borroka» argudiatu dute.

Nazio Batuak pausa humanitario eta menia baten aldeko posizioa agertzetik gero eta gehiago laguntza humanitario bermatzearen alde eta Israelen jokabidea arbuiagarritzat jotzera pasa dira. NBEko UNRWA erakundeak ezinbesteko lana egin du gutxienezko baldintza humanitarioak eta osasun zerbitzuak eskaintzen. Aldiz, Israelek «Hamasi laguntzea» leporatu zion, eta Mendebaldeko zenbait herrialdek diru laguntza kendu zioten. Bitartean, hainbat nazioarteko erakundeek palestinar biztanleria zigortuari laguntza humanitarioa eskaintzen jarri zuten indar osoa, Israelek sarritan eragotzia. World Central Kitchen karitate erakundearen kontra ere jo zuen, zazpi aktibista erailez, AEBko Joe Biden presidentearen sumina piztu zuena. Horrek, ordea, ez zuen aldatu haren funtsezko posizioa: Israel armaz hornitzea eta politikoki babestea.

Gerrak aurrera egin ahala, Mendebaldean, arrakala batzuk sortu ziren, Israelen kontrako gerra krimen salaketak areagotu ahala. Horien artean, Espainiak bi estatuen soluzioaren aldeko jarrera berretsi eta sustatu zuen, baita UNRWAren aldekoa ere. Errusiak eta Txinak jarrera erdibideko jarrerak agertu zituzten, gerra amaitzeko konpromiso baten aldekoak. Ekialde Hurbileko eta nazioarteko aliantza sistemak jarrerak polarizatu eta lurralde eta herrialde mugakide guztietara hedatu zuen krisia.

Munduko estatuen banaketa, 2023ko urriko Israelen kontrako erasoa "terrorista" izan zela uste dutenen eta ez dutenen artean
Munduko estatuen banaketa, 2023ko urriko Israelen kontrako erasoa "terrorista" izan zela uste dutenen eta ez dutenen artean

Nazioarteko agintari politikoen erantzuna eta interbentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Roberta Metsola Europar Kontseiluko burua Israeleko biktimekiko elkartasun ekitaldi batean
Antony Blinken AEBko estatu idazkaria eta Benjamin Netanyahu elkarrekin 2023ko urtarrilean
AEBko itsas armadako gerraontziak Mediterraneo ekialdera bidean

Europar Batasunak eta Estatu Batuek erabat kondenatu zuten urriaren 7-8ko Hamasen erasoa.[1] Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak babes osoa adierazi dio Israeli, «bere burua defendatzeko betebeharra» duela aipatuz.[2] Urriaren 13an, gatazka hasi eta bost egunera, Ursula von der Leyenek eta Roberta Metsolak, Europar Batasuneko erakunde nagusietako buruek, Israelera bidaiatu zuten Hamasen erasoen biktimekin elkartasuna adieraztera.

Lloyd Austin Estatu Batuetako defentsa idazkariak, bitartean, bonbak eta munizioa eskaini zituen. Bitartean, Antony Blinken AEBko estatu idazkaria Mahmud Abbas Palestinako presidentearekin ere bildu zen; adierazi zuenez, «Hamasek ez du palestinar herria ordezkatzen».[3] Atzerriko agintari horiek guztiek Hamas eta haren ekintzak terrorismoa zirela nabarmendu zuten, betiere.[4] Gazaren setioaren gorenean, Bidenek AEBren inoizko diru laguntza handienetako bat agindu zion Israeli, 14.300 milioi dolarrekoa, misil eta aire defentsa, finantzamendu militar eta enbaxadetarako, besteak beste.[5] Gainera, AEBk gerra hegazkinak eta bi hegazkin-ontzi igorri zituen Mediterraneo ekialdera, azken bi ontzi horiek AEBren armadako handienak, Israeli babesa erakusteko eta hari Iranek edo/eta Hezbolak erasoa egitea Irani eragozteko, CNN AEBko albisteen korporazioaren arabera.[6]

Kongresuari bizkarra emanez, abendu hondarrean, hilabetean bigarren aldiz, Joe Bidenek 147,5 milioi dolarreko arma salmenta onartu zuen Israelentzat, gogoan hartuz «premiazko defentsa beharrizanak» dituela.[7] 2024ko apirilaren 20an, AEBko Kongresuak gehiengo zabalez onartu zuen laguntza pakete bat Israelentzat eta Ukrainarentzat: guztizko 95.000 milioi dolarretik 26.400 Israeli zegozkion, gehienak defentsa eta erasorako azpiegiturak, ekipamendua eta hornikuntza, aldi berean NBEko UNRWAri funtsik igortzea debekatuz; Netanyahuk biziki eskertu zuen estatubatuar babesa.[8] Apirilaren 24an, AEBko Senatuak berretsi zuen, laguntza horretan Taiwan ere sartuz. Biden presidenteak adierazi zuen era horretan «demokraziaren argi eta mundu askearen lider gisa duen rola sendotzen» zuela.[9]

Urriaren amaieran, Irango Ali Khamenei ayatollahk, Hamasen urriaren 7ko erasoa «sionismoaren kontrako erresistentziatzat» jotzen zuenak, gerraren eskalada baten arriskuaz ohartarazi zuen, Israelek Gazaren kontrako operazioa jarraituz gero.[10] Bere aldetik, azaroaren 2an, Israelekin harreman diplomatiko oro eteteko deia egin zien herrialde musulmanei.[11]

Gaza iparraldea jendez husteko Israelen aginduaz, Josep Borrell Europar Batasuneko atzerri politikako buruak adierazi zuen Gazako milioi bat pertsona husteko agindua ezinezkoa zela eta, ildo beretik, NBEren arabera, Israelen bonbardaketen aurrean, «Gazan ez dago toki segururik zibilentzat».[12][13] Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak rol nabarmena hartu zuen gatazkan, eta onartezintzat jo zuen Gaza iparraldea husteko agindua, oinarrizko giza eskubideen kontrakotzat. Vladimir Putinek gaitzetsi egin zuen Gazaren lur inbasio baten aukera, eta erabat onartezintzat jo eragin lezakeen biktima zibilen kopurua, gogora ekarriz, halaber, Leningradeko setioa (1941-1944); Israelgo agintarien eta Hamasen arteko berehalako bitartekaritza erreklamatu zuen.[12]

Urriaren erdialdean, nazioarteko Bakearen aldeko Kairoko Goi-bilera egin zen Egipton, Israel-Gaza gerraren inguruko konponbideak bilatzeko eta gatazka Ekialde Hurbileko beste lekuetara hedatzeko. Bertan, ez zuen Israelek parte hartu, ezta Iranek ere. Egiptoko Abdel Fatah al-Sisi presidenteak «hondamendi humanitariorako» bide orri batera deitu zuen, eta Israeli «bere burua kontrolatzera». Gainera, palestinarrak Egiptoko Sinai penintsulara lekualdatzearen kontra agertu zen, Israelen kontrako base bihurtuko zelakoan. Bestalde, 2024an, Qatar-eko gobernua bitartekari lanetan aritu zen Israelgo agintarien eta Hamasen artean, Gazarako menia bat lortzeko eta Hamasen eskuetan ziren gatibuak askatzeko. Aldiz, 2024ko apirilaren 18an adierazi zuen berraztertu egingo zuela bere rola, aldeek beren «interes politiko estuak» besterik bilatzen ez zituztelakoan.[14]

Azaroaren amaieran, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta Alexander De Croo Belgikakoak Israelera bidaia egin zuten, eta Netanyahurekin elkartu. Espainiakoak aurrez aurre adierazi zion Israelgo buruzagi nagusiari Israel-Palestina bi estatuen aldeko soluzioaren aldekoa zela eta, Hamas eta Hamasen ekintzak gaitzetsi ez ezik, palestinar zibilen «hildako kopuruak jasanezinak» zirela. Horrek, gero, Israelen haserrea piztu zuen, europarrek «terroristak babesten» dituztelakoan; krisi diplomatiko bat sortu zuen.[15][16]

NBE eta nazioarteko beste erakundeen ekintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieratik, Nazio Batuen Erakundeak erantzun humanitarioan eta nazioarteko zuzenbidearen urraketaren gaitzespenean jarri du indarra. NBEren eta Israelen arteko harremanak gero eta gehiago mikaztu dira estatu sionistaren ofentsiba militarraren ondorio suntsigarriak areagotu ahala. 2023ko urrian, tentsioa NBEra heldu zen erakundeko Antonio Guterres presidenteak berehalako su-etenera deitu zuenean, eta gogora ekarri ere «nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa gordina» eta Palestinaren hamarkadetako «okupazio itogarria». Israelek gogor erantzun zion NBEren egoitzan, haren dimisioa eskatu zuen, eta gehitu NBEren ordezkariei bisa eragotziko ziela.[17][18][19] Luze gabe, urriaren 27an, NBEren Batzar Nagusiak berehalako eta premiazko su-eten eskaera ez-loteslea onartu zuen, AEBk eta Israelek kontra bozkatu arren.[20][21][22] Europar Batasuneko herrialdeek, elkarrekin hala adostuta, abstentziora jo zuten.[23]

Suntsipenaren tamaina ikusita, Antonio Guterres NBEko zuzendari nagusiak ezohiko Segurtasun Kontseilua deitu zuen gerran inplikatuak berehalako su-eten batera deitzeko. Nazio Batuen Agiriko 99. artikulua erabili ondoren —afera batean esku hartzera deitzen du Segurtasun Kontseilua, afera horrek «nazioarteko bakea eta segurtasuna» kolokan jartzen dituela argudiatuta— egin zuten bozketa, abenduaren 8an. Aldiz, AEBk betoa jarri zion su eten proposamenari, «Hamasen onerako» izango zelakoan; Erresuma Batua abstenitu egin zen. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek «Gazako sarraskiaren erantzuletzat» jo zuen AEB.[24] Hala ere, abenduaren 12an, NBEko Batzar Nagusiak, larrialdiko saioan, gehiengo zabalez onartu zuen su-eten humanitario bat egiteko eskaria, 153 herrialderen aldeko botoaz, hamar kontra, eta 23ren abstentzioaz. Haatik, politikoki eta moralki garrantzitsua izan arren, erabakia ez zen loteslea.[25]

Hegoafrikaren Nazioarteko Justizia Auzitegiko salaketari munduko estatuek eman erantzuna

Hegoafrikak, bestalde, Israelen kontrako salaketa jarri zuen Nazioarteko Justizia Auzitegian, palestinarren «genozidio kalkulatu» bat egiten ari zelakoan. Salaketok 2024ko urtarrilaren 11n aurkeztu zituen Hegoafrikako Auzitegi Goreneko epaile Adila Hassimek Hagako Auzitegian: «Gazan bizi diren palestinarren aurka txikizio handiak eragiten dituzten armak erabiltzea; zibilak hiltzea; zenbait eremu segurutzat jotzea eta gero horiek bonbardatzea; zerrenda setiatzea eta horko biztanleak oinarrizko beharrizanik gabe uztea eta zibilen azpiegiturak suntsitzea, hala nola eskolak, meskitak, ospitaleak eta etxebizitzak». Hegoafrikarrek, hala ere, gaineratu zuten palestinarren ustezko suntsipen ahalegin hori ez zela urriaren 7an hasi, askoz lehenago baizik.[26] Bada, urtarrilaren 26an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli eskatu zion Gazan genozidioa eragozteko neurriak har zitzala. Laguntza humanitarioa zerrendara iristeko erabakiak hartzeko galdegin zion Auzitegiak Tel Avivi, baina su-eten eskaera aipatu gabe. NBEren organo judizial nagusiarentzat, «nahikoa ebidentzia» zeuden genozidio kasutzat ikertzeko.[27]

2024ko martxoaren 22an, NBEren Segurtasun Kontseiluak atzera bota zuen Gazan menia ezartzeko AEBen proposamena. Izan ere, Errusiak eta Txinak betoa jarri zioten Washingtonek aurkeztu zuen testuari. Errusiako ordezkariak iritzi zion NBEk «ontzat» jotzen zuela Israelgo armadak Rafahn (Gaza) operazio militar bat egitea.[28] Martxoaren 26an, NBEko Batzar Nagusiak berehalako su-etena erreklamatzeko ebazpena onartu zuen, AEBren abstentzioaz.[29] Gerra honetan lehen aldiz, AEBk ez zion jarri betorik jarri Gazan su-eten bat eskatzeko ebazpen bati.[30] Israel Katz Israelgo Kanpo Gaietako ministroak «errore moral eta etikoa» deitu zion ebazpen horri.[31] Martxoaren 24an, NBEk txosten bat atera zuen 1967tik Palestinak eta beste arabiar lurralde okupatuek izan duten egoeraren inguruan, Genozidio baten anatomia izen adierazgarriaz.[32] 2024ko apirilaren 18an, NBEren Segurtasun Kontseiluak eragotzi egin zuen Batzar Nagusiak Palestinari estatu izaera aitortu ahal izatea, hamabi boto alde, bat abstenitu, eta bat kontra izan zuen arren: AEBren betoa.[33] Maiatzaren 8an, Rafahren lehorreko inbasioan, Guterres NBEko idazkari nagusia gordintasunez mintzatu zen berriz Israelen kanpaina horrek zekartzan askotariko ondorio kaltegarriez, besteak beste «amesgaizto humanitario» deituz.[34]

Erantzun humanitarioa eta UNRWA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NBEren baitan, UNRWA erakundea arduratzen da gerrako errefuxiatu palestinarrei gutxienezko asistentzia ematen. Elikagaiak eta erregaiak kamioietan sartu izan dituzte Gazako herritarren ataka larriaren aringarri. AEBren eta haien europar aliatuen kezka nagusia gerraren bigarren astean Israelek Gazan laguntza humanitarioa onartzea bihurtu zen, eta urriaren 18an Joe Biden AEBko presidenteak iragarri zuen Israelek hori onartu zuela, laguntza Egiptotik hornituz.[35] Benetako beharrizanen aldean, ordea, azaroaren 18 arte, oso kopuru urritan sartu zen laguntza humanitarioa. Gerra baino lehen, 500 kamioik gurutzatzen zuten muga egunero; urriaren 21etik, berriz, ia hilabeteko epean, 1.187 kamioi sartu ziren soilik.[36]

Urtarrilaren erdialdean, Qatarren bitartekaritzaz jositako Israelen eta Hamasen arteko hitzarmen baten ondorioz, lehenengoa azaroko pausa humanitariotik, botika bidalketak sartu ziren Gazara palestinarren eta gatibu israeldarren ataka goxatzeko. Gatibuentzako botika kutxa bakoitzeko, palestinarrek 1.000 jaso zituzten, Hamasek adierazi zuenez.[37] Hala ere, bonbardaketek jarraitu zuten, bereziki Gaza hegoaldean; 2024ko urtarrilaren 11n, Israelek telekomunikazioen gaineko erabateko blokeoa inposatu zuen Gazan, Internet ere tartean.[38] 2024ko apirilaren 1ean, 400 tonako elikagaien bidalketa bat, WCK-k antolatua eta Arabiar Emirerri Batuen diruz lagundua, bertan behera geratu zen 100 tona lehorreratu ondoren, Txiprera bueltatuz, erakunde horretako kideen kontrako israeldar aire eraso baten ondoren (ikus behean).[39]

2024ko urtarrilaren hondarrean, UNRWAri finantzazioa eten zioten dozena bat herrialdek, Hamas "babestea" leporatuta;[40] otsail hasierarako hamasei ziren.[41] Izan ere, Israelek herrialde horren hegoaldeko urriaren 7ko Hamasen erasoan inplikatu zituen UNRWAko hamabi enplegatu.[42] Akusazio hori Hagako Giza Eskubideen Auzitegiak Israel palestinarren genozidio bat eragiteko atarian zegoela adierazi eta berehala heldu zen.[40] Hilabete gutxi batzuk geroago, Catherine Colonna Frantziako kanpo gaietako ministro ohiak, Eskandinaviako hiru institutuk babestuta, ondorioztatu zuten Israelek ez zuela bere akusazioak babestuko zuen ebidentziarik erakutsi.[43] Apirilaren hondarrean, NBE bat etorri zen baieztapen horrekin, baina gaineratu zuen UNRWA neutralagoa izan behar zela.[44] Otsailaren 4an, Espainiako Gobernuak, berriz, iragarri zuen premiazko 3,5 milioi euroko laguntza helaraziko ziola UNRWAri, epe laburrera funtziona zezan, une horretan Gaza «erabateko etsipenean» zegoelakoan.[45]

Apirilean, Gaza iparraldean gosetea zabaldu ahala, 2024ko martxo erdialdean, 7.000 kamioi prest ziren Sinai iparraldean Gazara sartzeko, baina Israelek hori eragotzi zuen. NBEko idazkari Antonio Guterres Rafahko mugara bertaratu zen, eta hitz mikatzak izan zituen Israelen kontra, haren posizioa «izugarrikeria morala» deituz.[46] Eragile humanitarioek gordin adierazi zuten berriz ere beren salaketa maiatzaren 7an Israelgo armadak Rafah inbaditu zuenean. Kasu horretan, Erresuma Batuko 30 GKEk baino gehiagok erreklamatu zuten bertako palestinarren «sarraskia» amaitu zedila eta inbasioa berehala eteteko Israel estutu zezatela. Gizateriaren aurkako krimenak egiteko erabiltzen ari zelakoan, Israeli armak saltzeari uzteko ere eskatu zuten, eta UNRWAri berriz laguntza emateko.[47]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Occidente expresa su apoyo incondicional a Israel» euronews 2023-10-08 (Noiz kontsultatua: 2023-10-11).
  2. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :3 izeneko erreferentziarako
  3. (Ingelesez) «Von der Leyen and Metsola arrive in Israel in show of solidarity» euronews 2023-10-13 (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  4. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :2 izeneko erreferentziarako
  5. (Ingelesez) «The White House is asking for almost $106 billion for Israel, Ukraine and the border» npr.
  6. (Gaztelaniaz) Jimenez, Gonzalo. (2023-10-15). «Estados Unidos envía un segundo grupo de ataque con portaaviones y aviones de combate al mar Mediterráno» CNN (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
  7. (Ingelesez) Press, Associated. (2023-12-29). «Biden administration again bypasses Congress for weapons sale to Israel» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
  8. (Gaztelaniaz) Zegarra, Gonzalo. (2024-04-20). «Cámara de Representantes de EE.UU. aprueba paquete clave de ayuda exterior» CNN (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  9. (Ingelesez) «US Senate passes Ukraine, Israel, Taiwan bill; Biden to sign on Wednesday» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  10. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Izenik_gabekoa_10-20240110211913 izeneko erreferentziarako
  11. «Su etena hasi zenetik, Israelek atxilotu dituen palestinarrak gehiago dira askatu dituenak baino» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  12. a b (Ingelesez) «Netanyahu says Israeli bombardment of Gaza 'only the beginning'» France 24 2023-10-13 (Noiz kontsultatua: 2023-10-14).
  13. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Izenik_gabekoa_3-20231105093837 izeneko erreferentziarako
  14. (Ingelesez) «Qatar ‘re-evaluating’ role as mediator in Israel-Gaza truce talks» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-04-18).
  15. (Ingelesez) Jones, Sam. (2023-11-23). «Number of Palestinians killed is ‘truly unbearable’, says Spanish PM» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  16. (Ingelesez) «Israel in diplomatic dispute with Spain and Belgium over Gaza bombardment» The Irish Times (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  17. Susaeta, Igor. (2023-10-26). «Israelek jopuntuan jarri du NBE» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
  18. (Ingelesez) Carroll, Rory. (2023-10-24). «UN’s António Guterres calls for immediate ceasefire to end ‘epic suffering’ in Gaza» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-10-25).
  19. (Ingelesez) «UN chief says ‘clear violations of international humanitarian law’ in Gaza» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-25).
  20. (Ingelesez) «United Nations votes overwhelmingly in favour of humanitarian truce in Gaza» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  21. (Ingelesez) «UN General Assembly adopts Gaza resolution calling for immediate and sustained ‘humanitarian truce’ | UN News» news.un.org 2023-10-26 (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  22. «Israelek lurrez eta airez egindako erasoak areagotu ditu Gazan, eta bertako komunikazio guztiak eten» EITB 2023-10-28 (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  23. «Unión Europea pide corredores y pausas humanitarias en Gaza, pero se abstiene de llamar al cese el fuego» France 24 2023-10-26 (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  24. «HRWek Gazako sarraskiaren konplize izatea egotzi die AEBei» Berria 2023-12-09 (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
  25. (Ingelesez) Hu, Caitlin. (2023-12-12). «UN General Assembly votes to demand immediate ceasefire in Gaza» CNN (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).
  26. «Hegoafrikak «kalkulatutako genozidio bat egitea» leporatu dio Israeli» Berria 2024-01-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  27. «Gazan genozidioa eragozteko neurriak hartzeko eskatu dio Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli» Berria 2024-01-26 (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  28. «NBEren Segurtasun Kontseiluak atzera bota du Gazan menia ezartzeko AEBen proposamena» Berria 2024-03-22 (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  29. (Ingelesez) «Gaza: Security Council passes resolution demanding ‘an immediate ceasefire’ during Ramadan | UN News» news.un.org 2024-03-25 (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  30. (Ingelesez) Harb, Ali. «‘Not enough’: Why the US did not veto a Gaza ceasefire resolution at the UN» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
  31. (Gaztelaniaz) «Tensión en las relaciones entre Israel y EEUU tras la resolución de la ONU sobre el alto el fuego en Gaza» LaSexta 2024-03-25 (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  32. (Ingelesez) M.I. «Anatomy of a Genocide - Report of the Special Rapporteur on the situation of human rights in the Palestinian territory occupied since 1967 to Human Rights Council - Advance unedited version (A/HRC/55/73)» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2024-04-03).
  33. (Ingelesez) «US vetoes Palestine’s request for full UN membership | UN News» news.un.org 2024-04-18 (Noiz kontsultatua: 2024-04-20).
  34. (Ingelesez) Gadzo, Nils Adler,Stephen Quillen,Mersiha. «Israel War on Gaza | Live updates | Today's latest from Al Jazeera» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  35. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :7 izeneko erreferentziarako
  36. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Izenik_gabekoa_6-20240110211913 izeneko erreferentziarako
  37. (Ingelesez) «Medicine for hostages and Palestinians arrives in Gaza under first Israel-Hamas deal since November» AP News 2024-01-17 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  38. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Izenik_gabekoa_3-20240324200151 izeneko erreferentziarako
  39. (Ingelesez) McKernan, Bethan; Doherty, Ben. (2024-04-02). «Seven Gaza aid workers including UK, US and Australian citizens killed in Israeli strike, charity says» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-04-03).
  40. a b «UNRWAri finantzazioa eten diote dozena bat herrialdek, Hamas 'babestea' leporatuta» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  41. (Ingelesez) «UNRWA warns of potential shutdown in Gaza by end of February» Le Monde.fr 2024-02-02 (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
  42. (Ingelesez) «Israel spells out accusations against UNRWA workers linked to Hamas attack» France 24 2024-01-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  43. (Ingelesez) Cordall, Simon Speakman. «Israel gave no evidence UNRWA staff linked to ‘terrorism’: Colonna report» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  44. (Gaztelaniaz) L.GÓMEZ, M. REY / L. GONZÁLEZ / M. CHARTE / A. SERRANO /. (2024-04-23). «Resumen de la guerra de Israel en Gaza el 23 de abril | La ONU investiga la presencia de cadáveres maniatados entre los más de 300 cuerpos hallados en fosas comunes» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  45. (Gaztelaniaz) elDiario.es. (2024-02-05). «Albares anuncia 3,5 millones de euros para UNRWA para que pueda mantener sus actividades a corto plazo» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  46. (Ingelesez) «UN chief says blocked Gaza aid is a ‘moral outrage’, calls for war to end» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  47. (Ingelesez) Osgood, Mersiha Gadzo,Brian. «Israel War on Gaza | Live updates | Today's latest from Al Jazeera» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]