Androkanto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Androkanto
Oskarbiren musika-lana
Egilea(k)Oskarbi
Argitaratze-data1972
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daEskutari (albuma)
Kantua zuei (albuma)
Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 (albuma)
HitzakKoldo Romero Eskamendi
Bestelako lanak
MusikagileaKoldo Romero Eskamendi
Argumentu nagusiaJorge Oteiza, Arantzazuko Apostoluen Frisoa eta Euskararen historia

Androkanto (edo Androkanto y sigo kantan 1972ko bertsioan) Oskarbi taldeak Eskutari albumean 1972an plazaratu zuen abestia da. Doinua eta hitzak taldeko zuzendaria zen Koldo Romerorenak dira.[1]

Abestiaren bertsio berriak argitaratu zituen taldeak 2004an Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 diskoan,[2] eta 2021ean Kantua zuei albumean.[3]

Koldo Romerok Jorge Oteiza bisitatu zuen Arantzazuko lanak egiten ari zirenean, eta liluratuta geratu zen eskulturorearen pentsakerarekin. Hortik abiatu zen kantu hau sortzeko.

Koldo Romeroren musika eta hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Don Boscoko abesbatzako zuzendari izandako Koldo Romero Eskamendi antxotarrak Oskarbikoei lagundu zien hasiera haietan konposizio eta zuzendaritza lanetan. Kanturako dohain eta afizio itzelekoa –besteak beste Aita Donostiaren abesbatzan aritua–, Romerok herri kantutegi tradizionalarekin ez ezik, abangoardiako korronte garaikideko erreferente zen Jorge Oteizarekin jarri zituen harremanetan Oskarbikoak, haren oso laguna baitzen. 1969an Arantzazun apostoluak jartzen ari zela artista ezagunarekin egun pasa egin zuten: Egun osoa pasa zuen Oteizak aholkuak ematen, euskal kultura gora eta behera, eta ukituta itzuli ziren Oskarbikoak.[4]

Geroztik, Oteizaren Andro canto y sigo eta antzeko lanetan inspiratuta estetika kantuak osatu zituzten, eta, esaterako, Oteizak diseinatu zituen taldearen logotipoa eta lehen diskoaren portada. Beste iturri garrantzitsu bat Bitoriano Gandiaga izan zen: hura ere han ezagutu zuten, Arantzazun, eta haren poemak sarritan erabili zituzten kantuen letrak osatzeko. Norabide horretan, ezinbestean egin zuten topo Ez Dok Amairurekin.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Gorkaren ('Oteizaren') hamalau irudiak" Arantzazun

Frankismo betean, garrantzitsua zen kalean egotea, arnasbide bakarra zen askorentzat zentsura gainditu eta euskara hutsean kantatzeko. 1972an, Hego Euskal Herriko frankismoaren azken urte gogorretan, hiru protagonista nagusi agertzen dira abestiaren hitzetan:[5][4]

  • Jorge Oteiza ('Gorka') eta bere pentsaera. "Hartu behar det zintzela / Kanta zaharren baimena / Noiz arte ez dakiat / Hau nere herri maitea / Hau nere herri torpea"
  • Arantzazuko Santutegiko frisoko hamalau apostoluak. 'Gorkaren hamalau irudiak / Hamalau atetikan karrasi / Hamalau harri ixil-ixil bilutsik / Harriaren hutsetik oihuka / Harriaren tartetik kantari'
  • Kezka euskararen galeraz "Noiz arte, noiz arte / Noiz arte lo zorroan / Noiz arte iji-ajan / Nortasuna galduta? / Ez degu behin ikasten / Arima malda beheran / Arima behin galduta / Nor gera euskaldunak?"

Arantzazuko apostoluen frisoa Arantzazuko santutegiaren fatxada nagusian dagoen Jorge Oteizaren eskultura da, izenak dioen bezala kareharrizko apostoluez osaturiko frisoa. Aipatzekoa da hamabi izan beharrean, hamalau apostolu direla, Oteizarentzat garrantzizkoena figurek irudikatzen dutena baita eta ez zenbat diren, horregatik hamalau figura zergatik jarri zituen galdetzean “Gehiago kabitzen ez zirelako” erantzuten zuen.

Honela hasi eta bukatzen dira abestiaren hitzak:[5][4]

« ANDROKANTO

Entzun nahi duenentzat hamalau
Gorkaren irudiak salatzen
Hamalau atetikan karrasi
Hamalau harri ixil-ixil bilutsik
Harriaren hutsetik oihuka
Harriaren tartetik kantari
Nora zoazte gogorrak
Oharrak aditu gabe?

[...]

Hartu behar det zintzela
Kanta zaharren baimena
Noiz arte ez dakiat
Hau nere herri maitea
Hau nere herri torpea
Gaur ez da igandea
Ezta ere osteguna
Udaberri atsaldean

Noiz arte, noiz arte
Noiz arte lo zorroan
Noiz arte iji-ajan
Nortasuna galduta?
Ez degu behin ikasten
Arima malda beheran
Arima behin galduta
Nor gera euskaldunak?

»

Koldo Romero Eskamendi


Andro canto y sigo poema-liburua (1954)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jorge Oteizak Arantzazuko bere lanaz eta Londresko monumentuaz hizkera espazial eta abstraktu berri bat erdietsi nahi zuen , euskal abangoardia bat sortuko zuena. Historiaurrean eratu zen “euskal arima jatorrizkoa” izango da Oteizaren kezka gailenena orduan eta geroago. Une horretan idatzi du Androcanto y sigo poema-liburua, 1954an argitara emana.[6]

Oteizaren poesia-lanak hiru kezka eta lan ildo nagusi ditu: ontologiko-teologikoa, estetikoa eta politikoa, gizartearen hobekuntza espiritualaren kultura-dinamikarako kontzientzia hartzeko; dinamika hori indibidualtasunen batura gisa sortu da, mundua hautemateko sentsibilitatea lantzeko aukera gisa, pertzepzio mugikorra, aberatsa, askotarikoa, eta jakin-min batek aberastu du intelektualki, jakintzaren bilaketa proiektu esperimental bihurtzen baitu.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Eskutari» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  2. «Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  3. «Kantua zuei» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  4. a b c Apaolaza Avila, Urko. (2020-11-08). «Iluntasunaren aurrean, kantuaren arnasa» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  5. a b «Androkanto» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  6. a b (Gaztelaniaz) OTXOA, JULIA. (2008-10-26). «La poesía de Jorge Oteiza» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]