Aurkaritza-juntadura

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aurkaritza-juntadura juntatzen diren atalak aurkakoak direla adierazten duen juntadura-mota da. Aurkaritza hitzak berak aski ongi adierazten duen bezala, lehenbiziko juntagaiari bigarren bat ezartzen zaio, nolabait kontra, aurka eginez. «Bai baina», «ez baina» esaten denean gertatzen den bezala.

  • Oso mutiko begikoa da, baina alfer samarra.
  • Libre nago bihar, baina etxean geratuko naiz.

Aurkaritza modu askotara eman daiteke aditzera. Inolako juntagailurik erabili gabe ere bai. Adibidez:

  • Oso mutil begikoa da, alfer samarra, hala ere.
  • Nik zinema dut atsegin; zuk, antzerkia.

Juntagailu aurkariak hauek dira: BAINA, BAIZIK eta BAINO. «Aldiz», «ordea», «hala ere» eta antzekoak ez dira egiazki juntagailuak, lokailuak baizik.

BAINA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau da juntagailu aurkari nagusia. Nolabait kontrajarritzat ematen diren bi perpaus edo sintagma juntatzen ditu:

  • Nobela hori oso ona da, baina ulertzeko lanak izan ditut.
  • Pozik joango nintzateke zurekin, baina ez dut dirurik.


BAINA juntagailuak perpausak juntatzen ditu batez ere, perpaus osoak, aipatutako aurkaritza hori perpausetan hobeki gertatzen delako edo. Hala ere, perpaus horietan, gainerako juntaduran gertatzen den bezala, ezabaketak gerta daitezke:

  • Horrek hitz politak darabiltza, baina gezurrezkoak.
  • Kalean uso bat da, baina etxean otsoa.


Adjektiboak ere junta ditzake juntagailu honek:

  • Ipuin labur baina sakon bat idatzi du Mikelek.

Jakina, adjektibo horrek izen predikatu bat osatzen duenean ere BAINA aurkitu daiteke:

  • Arratiako txekorra, txikerra baina gogorra (da).


Izen-sintagmak juntatzeko, ordea, ez du balio, nonbait. Horren arrazoia bilatzeko semantikara joan beharko da, seguruenik. Bestalde, ETAk eta EDOk ez bezala, BAINAk ez ditu bi juntagai baino gehiago biltzen. Hemen ere arrazoi semantikoak, dudarik gabe. Zeren bi elementu kontra jar daitezke, baina hortik gora, binaka ez badoaz, nekez.

  • ??Etxe polita baina garestia baina txikiegia.
  • Etxe polita baina garestia.
  • Etxe garestia baina txikiegia.

Ezabaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainerako juntaduretan bezala, hemen ere ezabaketak gertatzen dira:

  • Zuek Leioara joaten zarete, baina gu Donostiara [Ø].
  • Agintzea erraza da, baina ematea ez [Ø].
  • Jonek ez du lana amaitu, baina besteok ere ez [Ø].


Beti bezala, joera izango da errepikatzetik ihes egitekoa. Hori da goiko perpausetan gertatzen dena ere, zeren perpaus horien ordain «osoak» honako hauek lirateke:

  • Zuek Leioara joaten zarete, baina gu Donostiara joaten gara.
  • Agintzea erraza da, baina ematea ez da erraza.
  • Jonek ez du lana amaitu, baina besteok ere ez dugu amaitu.

BAINAren kokagunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorago aipatua den moduan, juntagailu honen bidez bi juntagai bakarrik junta daitezke. Normalena, bestalde, juntagailua bi juntagaien artean kokatzea da. Baina bada beste erabilera bat ere, non juntagaiak lekuz aldatuak gertatzen diren, baina juntaduraren azken muturrean gertatzen denean:

  • a) Isildu egingo naiz, gauza asko konta ditzaket baina.

Hori esan edo beste hau esan, funtsean, gauza bera da:

  • b) Gauza asko konta ditzaket baina isildu egingo naiz.

Hain zuzen, ETA juntagailuaz bideratutako juntaduran ere horixe gertatzen da. Leku-aldaketa horren ondorioz, emendiozko juntaduran esanahi-aldaketa bat gertatzen da, perpausak balio kausala hartzen baitu. BAINArekin ez dago halako esanahi-aldaketarik, nahiz eta, behar bada, a) bezalako perpausetan balio kontzesiboa markatzen dela dirudien. Baina, esanahiaren aldetik, perpaus kontzesiboak eta aurkaritza-juntadurakoak oso hurbilekoak dira, gauza bera ez badira.

BAIZIK eta BAINO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi juntagailu hauek baliokideak dira. Euskalki desberdinetakoak izatea da alde bakarra. Juntadura hau orain arte ikusi ditugunak ez bezalakoa da hitzen hurrenkerari begiratzen badiogu behintzat. Oraingoan, juntagailua ez da bi juntagaien artean kokatuko. Hau izango da ordena: Ez A, B baizik (A eta B kontrajartzen diren osagaiak izanik)

Adibidez:

  • Ez dit JONEK eskatu zigarroa, PERUK baizik.
  • Jonek ez dit ZIGARROA eskatu, SUA baizik.
  • Berri horrek ez nau POZTU, KEZKATU baizik.


BAIZIK juntagailuaren baliokidea da BAINO, mendebaldeko euskaran:

  • Ez ginen MENDIRA joan lehengoan, ARRANTZARA baino.
  • Ez nago EMAN GURA, KUNPLITU GURA baino.

BAIZIK, hala ere, koka daiteke bigarren osagaiaren aurrean ere:

  • Ez dit Jonek eskatu zigarroa, BAIZIK Peruk.

Iparraldean, berriz, BAIZIKen ordez, BAINA erabiltzen da:

  • Ez dit Jonek eskatu BAINA amak.
  • Ez gaitzazu tentaldira eraman, BAINA atera gaitzazu gaitzetik.

Haren parekoa litzateke, bestalde, honako hau:

  • Jonek EZ-BAINA amak eskatu dit.

Perpaus hauek direla eta, interesa duena da lehenbiziko partean ezeztapena ezartzen dela eta bigarrena beti baiezkoa dela. Gainera, kontrajartzen diren osagai horiek galdegai izan ohi dira. Horregatik, behar bada, ez da esamolde hori gehiegi baliatzen perpaus osoak juntatzeko. Normalean, bi perpausetako osagaiak izan ohi dira kontrajartzen direnak, ez perpaus osoak. Nolanahi ere, perpausak kontrajartzen direnean, BAIZIK ezin da bigarren perpausaren azken muturrean kokatu, bien artean baizik:

  • Ez gaitzazu utzi tentazioan erortzen, baizik libra gaitzazu gaitzetik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]