Edukira joan

Denborazko perpaus

Wikipedia, Entziklopedia askea

Denborazko perpausak NOIZ galderari erantzuten dioten perpaus txertatu adberbial motetako bat dira.

Perpaus adberbialak: -ENEAN, -ENETIK, -EN BITARTEAN, -ENERAKO, …[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora adierazteko, eta kasu bakoitzean denbora-erlazio desberdinaren berri emateko erabiltzen dira holako atzizkiak.

1. -ENEAN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus hauek, gehienetan, NOIZ galderari erantzuten diote:

  • a. Amaitzen duzunean, mesedez, etorri nire bulegora.
  • b. Motorra gasolinarik gabe gelditzen denean, ezin izaten da ibili.

Baina, itxura bereko perpaus txertatuak denbora barik lekua ere adieraz dezake. Adibidez, honako elkarrizketa honetan, erantzuna ez dagokio denborari, lekuari baizik:

  • - Ni, lagunek eskaini zidaten autoan etorri nintzen. - Ba, ni, inork nahi ez zuenean etorri nintzen.

Bigarren perpaus hori, testuingururik ezean, denborazkotzat hartuko litzateke:

  • Ni, inork nahi ez zuenean etorri nintzen = Ni inork nahi ez zuen garaian etorri nintzen.

Baina goiko elkarrizketako testuinguru horretan, argi dago lekua adierazten duela: «ni, inork nahi ez zuen autoan». Horrek erakusten du, -ENEAN horren azpian, berez, erlatibo bat dagoela. Gehienetan, -EN MOMENTUAN edo ulertzen da. Horregatik, hain zuzen, gehienetan ere, denborazko balioa izatea. Gertatzen dena da erlatiboetan maiz gertatzen dena: alegia, erlatiboaren ardatz den izena –testuinguruak horretarako bide ematen duenean– ezabatu egiten dela:

-ENEAN-ekin ere gauza bera gertatzen dela pentsa daiteke:

Konturatu nintzen momentuan Konturatu nintzenean

2. -ENETIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-ENEAN inesiboa da. Denboran kokagune finko eta jakin bat adierazten du. NOIZ galderak adierazten duen ideia bera, funtsean. -ENETIK, berriz, ablatiboa da. Jatorria adierazten du, abiapuntua. Lehen bezala, denbora nahiz espazioa adieraz dezake, baina, bestelako testuingururik ezean, normalean denbora adierazten du, NOIZTIK edo NOIZDANIK galderari erantzuten dio:

  • a. Gure morroiak etxetik alde egin zuenetik, ez da teilaturik konpondu.
  • b. Auto madarikatu hori erosi nuenetik, ez dut bakerik izan.
  • c. Ezagutu zintudanetik, askoz pozago bizi naiz.

Denbora-iraupena hobeki markatzeko edo, -ENETIK HONA erabil daiteke, zerbait gertatu zen garai hartatik hiztuna hitz egiten ari den unera bitartean dagoen aldia argiro adierazteko:

  • Emaztea hil zitzaionetik hona, burua ezin altxaturik dabil gizona.

3. -EN ARTE[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraingoan ere denboraz dihardu, baina epe bat adierazten da -EN ARTE ezarriz. Postposizio-sintagma bat da, hortaz. NOIZ ARTE galderari erantzuten diote horrelakoek:

  • Bigarren ikasgaia behar bezala ikasten duzun arte, ezin zara hirugarrenera pasa.

4. -EN BITARTEAN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau ere aurrekoaren oso antzekoa da. Bi gertaera erlazioan jartzeko erabiltzen da -EN BITARTEAN. Biak nolabait aldi berean gertatzen direla-edo adierazteko erabiltzen da BITARTEAN postposizio bidezko esapide hau:

  • Irakaslea kanpoan zen bitartean, ikasleak jolasean ari ziren.

Batzuetan, -EN BITARTEAN gisako perpaus txertatua erabilita aurkaritza-kutsua ematen zaio esaldiari:

  • Ni lanean ari naizen bitartean, zu jolasean!

Bai ARTE-rekin bai BITARTEAN-ekin, aditza jokatu gabe erabiltzeko joera guztiz arrunta da:

  • a. Zuk papera buruz ikasi bitartean, nik etxea garbituko dut.
  • b. Gela txukundu arte ez zara kalera irtengo!

5. -ENERAKO / -ENEKO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NOIZKO galderari erantzuten diote era horretako perpausek. Denboraren hariari epemuga ezartzen zaio horrelakoetan:

  • a. Etxera iritsi nintzenerako, amak guztiaren berri bazuen.
  • b. Aurpegia ikusi diodanerako konturatu naiz zer problema zuen.
  • c. Hogei urte bete zituenerako hasi zen gitarra kontzertuak ematen.

Haien baliokidea da [aditz jokatu gabea + ORDUKO] esamoldea:

  • a. Etxera iritsi orduko, amak guztiaren berri bazuen.
  • b. Aurpegia ikusi orduko konturatu naiz zer problema zuen.
  • c. Hogei urte bete orduko hasi zen gitarra kontzertuak ematen.

-ENERAKO-ren ordez, -ENEKO ere erabil daiteke. Biak baliokideak dira:

  • Plazara bildu zireneko, multzoka jarri ziren. (= plazara bildu zirenerako,…).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]