Desestalinizazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Stalin, Khrustxov eta ume talde bat

Desestalinizazioa (errusieraz: десталинизация, transl.: destalinizátsiya) Stalinen pertsonaganako kultu eta aldi estalinistaren (1924-1953) lana ezabatzea helburu zuen prozesua izan zen.[1] Teknikoki 1953an hasi zen, Stalin hil ondoren, baina ez zen ofiziala izan 1956ra arte, Nikita Khrustxov Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako lehen idazkariaren txosten sekretua zabaldu arte, SBAKaren XX. biltzarraren ondoren.

Khrustxoven txostena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonaganako kultuari eta haren ondoriorei buruz

Khrustxoven hitzaldi sekretua, Pertsonaganako kultuari eta haren ondorioei buruz (errusieraz: О культе личности и его последствиях)[2] izenekoa, 1956ko otsailaren 25ean jakinarazi zitzaien SBAK taldeko 1436 ordezkariri, klaustro itxian bilduta. Beraz, atzerriko alderdi komunistetako kideak (Ekialdeko Blokekoak barne) baztertu zituzten.

Pertsonaganako kultuari buruz txostena, hasieran sekretua zena, ez zen jendaurrean azaldu Sobietar Batasunean 1980ko hamarkadaren bukaerara arte. Hala ere, laster ezagutu zuten mundu osoan; izan ere, Nikita Khrustxoven arabera, atzerriko zerbitzu sekretuei saldu baitzioten Sobietar Batasunaren aurka zeuden komunista poloniarrek.

Hitzaldi honetan, besteak beste, alatuak izan ziren erbesteratze masiboak; «komunista zintzoen eta iraultzaren etsai gisa tratatuak izan ziren buruzagi militarren» errepresio politikoa; Stalinen ezintasuna Gerra Aberkoi Handiaren prestakuntzetan; eta haren neurriz kanpoko izaera mesfidatia, alderdi komunista atzerritarren eta bere herrikideen aurka hustua. Aitzitik, Stalinen biografia ofizialak «estratega bikain» eta gogor eta bidegabeki kritikatua izan zen «jakintsu handi» gisa aurzkezten zuen, eta «gizateria osoaren jenioa merezi duten» gaitasun intelektualak ematen zizkion.

Txostenak diktadore zaharraren aurkako kritika-prozesu bat ireki zuen, baina ez berak sortutako sistemaren aurkakoa. Beraz, 1934. urtea (Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XVII. Kongresua egin zen urtea) Stalinen izaeraren «degradazioaren» hasiera gisa aukeratzea esanguratsua da: Khrustxovek nahiago izan zuen txostenean ez aipatzea politika ekonomikoaren zatirik handiena (planifikazioa eta kolektibizazioa), ezta Stalinen errepresio politikoa ere, izan Leninen antzinako burkideen aurka, izan Sergei Kiroven beraren aurka. Hain zuzen, kritika Stalinen kultua salatzean oinarritu zuen, doktrina-arrazoiengatik, eta estalinismoaren gehiegikerien zatia ezabatzen saiatu zen.

Pravda egunkariak, 1956an, honakoa idatzi zuen: «pertsonaganako kultua guztiz osasuntsua den organo baten gaindikina da». Halaber, gaineratzen zuen «pertsona bat gorestea, naturaz gaindiko tasunak dituen supergizakia jainkoarenaren mailara igotzea» debekatu beharko zatekeela, «marxismo-leninismoaren printzipioen kontrako ideia delako».

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1953ko martxoaren 5ean hil zen Iosif Stalin. Honek bide eman zion desestalinizazioa deritzogun prozesuari. Stalinen heriotzaren ostean, 1953ko martxoaren 27an dekretatutako amnistiaren[3] ondorioz, Stalinen erregimenean zehar kartzelaratutako preso politikoak era mailakatuan aske uzten joan ziren. 1957an, Gulageko presoen % 2,3 ziren preso politikoak. 1953an, aldiz, % 21,9[4] ziren, nahiz eta ordurako Purga Handiaren eta bortxazko kolektibizazioaren biktima gehienak hilda egon.

Informea, zalantzarik gabe, talka bat izan zen, bereziki Ekialdeko Blokeko alderdi komunistentzat, Komite Zentralaren hutsezintasun printzipioa bertan behera utzi baitzuen. Hungariarrek Rákosi estalinistaren kargugabetzea eskatzen zuten; txekiarrek, poloniarrek eta yugoslaviarrek estalinismoa defendatzen zuten tokiko buruzagien aurkako haserrea adierazten zuten artean. Bestalde, oraindik Stalinen jarraitzaile sutsuak ziren atzerriko buruzagiek, txinatarrek eta albaniarrek kasu, zalantzan jartze publiko horrekiko atsekabea adierazi zuten. Desestalinizazioa 1960an SESBen eta Txinako Herri Errepublikaren arteko haustura politikoa eragingo zuten elementuetako bat izan zen. Txinako Herri Errepublikan Maok Khrustxovi «komunismoari traizio egitea» leporatuko zion.

Desestalinizazioa 1956ko Hurgariako Iraultzaren eta urte bereko Poloniako krisiaren eragile nagusietako bat izan zen. Dena den, Poloniako Herri Errepublikan akordio bat sinatzea lortu zen, non Wladislaw Gomulkak, Khrustxoven jarraitzaileak, aurreko buruzagitza estalinistaren lekua hartzea lortu zuen. Hungariako Herri Errepublikan, baina, ez zen halako ordezkatze baketsurik lortu. Horrek herri-iraultza jendetsua eragin zuen, SESBek baimendutakotik haratago zihoan transformazio politiko bat bultzatzen zuena. Horrek desestalinizazioaren mugak agerian utzi zituen: Khrustxovek Sobietar Armadari Hungaria inbaditzeko eta bertako matxinatuak bortizki zapaltzeko agindu zion.

Izaera sozialeko desestalinizazio neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. Kongresuak hartutako erabakiek Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren politika sozialetan aldaketak eragin zituzten, hainbat neurri sozial eta politiko ekarri zituztenak aldi berean. Horien adibide litzateke, esaterako, hainbat lege zapaltzaileren aldaketa ala abolizioa. Hala, besteak beste, lantegietako lan-orduak gutxitu ziren; etxebizitza sozialeko programa bati hasiera eman zitzaion, khrustxovka izeneko etxebizitzen eraikuntzaren bitartez; estatu mailako pentsio-sistema ezarri zen; barne pasaportea (Nortasun Agiriaren baliokidea) eman zitzaien landatar egoiliarrei, aurretik ezin baitzuten 30 egunez baino gehiago utzi euren bizilekua; eta 1940ko dekretua eraldatu zen.[5][6] Azken dekretu honek langileei euren borondatez lantegiz aldatzea galarazten zien, bi eta lau hilabete arteko kartzela zigorra zekarrena, eta justifikatu gabeko lanuzteak sei-hilabetera arteko bortxazko lanekin eta soldataren % 25eko beherapenekin zigortzen zituen.

Desestalinizazioaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista

1960tik aurrera SESB desestalinizazioak eragindako Khrustxoven urtzaldia disidentzia politikoaren eta SBAK zalantzan jartzearen justifikazioa izan ez zedin saiatu zen. Politika horiei jarraikiz, Boris Pasternak 1958ko Literaturako Nobel Sariari uko egitera derrigortuta ikusi zen.

Sobietar buruzagiak desestalinizazioak eta hark eragindako urtzaldiak eragin zezaketen sistema komunistaren eta Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren monopolioaren zalantzan jartze masiboaren beldur ziren. 1962ko Kubako Misilen Krisian Khrustxovek izandako jarrerak Estatu Batuekiko jarrera gogorragoa defendatzen zuten buruzagi sobietarrak desengainatu zituen. 1964an Khrustxovek ez zuen dimititzea beste aukerarik, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren presioak eraginda. Hala, desestalinizazioa tupustean bertan behera geratu zen Leonid Brezhnevek boterea eskuratzean. Brezhnev boterean finkatu ahala, Stalinen autoritarismoa jendaurrean gorazarri zen berriz ere, nahiz eta nortasuna gurtzea ez zen onartzen.

Nikita Sergeievitx Khrustxov agintaldiaren amaiera SESBen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikita Sergeievitx Khrustxovek, meritu handiko gizona bazen ere, gainditu behar ez zituen mugak gainditu zituela uste zuten Sobietar Batasuneko goi mailako arlo administratiboko partaide askok, baita Alderdi Komunistako elite esanguratsu batek. Izan ere, atzerri-politikan akatsak egin zituela eta gaizki ateratako «esperimentuak» ugariak zirela leporatzen zizkioten.

1964ko urriaren 14an, Khrustxov Krimeako penintsulan oporretan zegoen bitartean, Alderdiaren Batzorde Zentrala Moskun bildu zen. Khrustxov azken saioetara gonbidatu zuten. Herrialdeko buruzagia konplotaz ohartu zen, eta ohartarazi zuen ere; baina ez zuen militarren laguntza jaso. Izan ere, Sobietar Indar Armatuek ez zuten nahi Lehen Idazkariak bere postuan jarraitzea. Armadan egindako erreformek eta eskarmentu handiko milaka ofizial kaleratzeak ondorio larriak ekarri zizkion.

Batzorde Zentralaren komunikatuak honela zioen: «Nikita Khrustxov bere karguetatik aske geratzen da, adinagatik eta osasun-egoerak okerrera egin duelako».  Hala ere, Khrustxov zazpi urte gehiago bizi izan zen, bere datxan baztertua hitzaldiak eta elkarrizketak egiteko baimenik gabe.

Sergei-k,  Khrustxoven semeak, grabagailu batekin erregistratu zituen bere aitaren memoriak. Memoria hauek herrialdetik ezkutuan atera zituzten eta Mendebaldean argitaratu ziren. Memoria horietan, Khrustxovek ziurtatu zuen 30eko hamarkadan Stalinek burututako purgez ez zekiela ezer Stalin bizi izan zen artean. Lehen Idazkari ohia Stalinen kolaboratzaile estuenen artean zegoen garai hartan eta, kontatzen duenez, denbora guzti horretan «botere sobietarraren etsai amorratuak» baino ez zirela tiroz edo Gulageko kontzentrazio esparruetan hil uste izan zuen. Bere hitzetan, Stalinen heriotzarekin batera konturatu zen egiaz.

Hala ere, azken urteotan argitara emandako dokumentu sekretu ugarik frogatzen dute Khrustxovek erregimenak Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialistan Purga Handiko sasoian aurrera eramandako errepresalietan parte hartu zuela. Honen adibidetako bat Nikita Sergeievitx Khrustxovek sinatutako atxilotuen zerrendak dira.

Iosif Stalin eta Nikita Khrustxov, 1936

Politikariaren biografia onenetako baten egileak, William Taubman estatubatuarrak, bere Khrushchev: The Man and His Era (euskaraz: Khrustxov: gizakia eta bere garaia) lanean erantzuten dio etorkizuneko historialariek bere denbora nola baloratuko duten galderari: «Zalantzarik gabe, Leninekin, Stalinekin edo Brézhnevekin baino laxoagoak izango dira berarekin. Bestalde, argi dago arrakasta handiak ez ezik, akats larriak ere izan zituela arlo guztietan: politikan, ekonomian, gai pertsonaletan. Historialariek kontraste izugarriko garai gisa baloratuko dute Nikita Sergeievitx Khrustxoven gobernua».[7]

Khrustxoven hilarria, Ernst Neizvestnyk egina.

Nikita Sergeievitx Khrustxov Novodévichiko hilerrian lurperatuta dago gaur egun, Moskuko hilerririk ospetsuenean. Bertan, Nikita Sergeievitx Khrustxoven omenez eginiko  monumentu harrigarri bat dago. Marmol zuri-beltzezko zutabea da, material eta forma ezberdineko hainbat blokez osatuta dago eta goian hildakoaren bustoa du, marmolezkoa. Hilerriko bisitariek miresten duten monumentua Ernst Neizvestny eskultoreak egin zuen. Bitxia badirudi ere, artistak  arteari buruz ezer ez ulertzea leporatu zion Khrustxovi bere garaian. 1962an, Khrustxovek, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako Batzorde Zentraleko beste kide batzuekin batera, artista sobietar abangoardisten lehen erakusketa baimendua bisitatu zuen. Erakusteta hori ordurarteko errealismo sozialista ofizialaren aurka zihoan. Bertan Khrustxov, hizkera zakarra erabiliz, haserre agertu zen erakusketako lanekin. Bereziki, Neizvestnyren aurka agertu zen bere arteagatik. Khrustxov hil ondoren, haren senideek eskatu zioten eskultoreari hilobiko monumentua egin zezan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hélène Carrère d'Encausse, 1956 : La Déstalinisation commence, Éditions Complexe, Bruxelles, 1984
  • Branko Lazitch, Le Rapport Khrouchtchev et son histoire, Collection Points Histoire, Editions du Seuil, 1976