Erregetxo bekainzuri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erregetxo bekainzuri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaRegulidae
GeneroaRegulus
Espeziea Regulus ignicapilla
(Temminck, 1820)[2]
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Bizi itxaropena5,6 urte
Zabalera14 cm
Errute denbora16 egun

Erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapilla) Regulidae familiako hegazti paseriformea da Europako eskualde epeletan eta ipar-mendebaldeko Afrikan bizi dena[3]. Europako txori txikiena da, bitxia eta geldiezina.9 cm luze da eta 5 gramo pisatzen du

Bizkarraldeko lumajea oliba kolorekoa du eta sabelaldean, zuri grisaxka. Buztan eta hego ilunak ditu, marra zuri bat begien gainean ("bekain zuria"), beste marra ilun bat, eta buruaren erdian, marra distiratsu bat (arrek, laranja eta emeek, horia). Gorputzaren goiko aldeak berde distiratsuak dira, eta sorbaldetan tonu hori eta laranjak ditu. Hego ilunak ditu, bularralde argia eta moko zuzen eta fina. Intsektuak jaten ditu eta habia zuhaitzetan egiten du. Euskal Herrian arrunta da, koniferoetan batez ere.[4] [5]

Uliako Mintegietako parkean enblematzat hartu zuten, parkea bezalaxe, txikia, bitxia eta geldiezina baita.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregetxoak gure hegaztietan txikienak dira, Buru hori edo laranja distiratsuz koroatutako lumadun bolatxo bat. 8-9 cm-ko tamaina du eta 4-6 gramoko pisua. Europako hegaztirik txikienak dira.

Bi espezieak oso antzekoak dira: goialdea berde-oliba kolorekoa eta azpitik zuri-grisaxka alboetan tindu berdexkaren batekin. Hegoak eta buztana ilunak, beltzaxkak. Hegoetan ondo markatutako marra zuri pare bat dituzte.

Erregetxoen ezaugarririk handiena, eta bi espezieak bereizteko aukera ematen diguna, buruaren kolorea da. Biek erdiko orban horia edo laranja dute arrek, emeek horia bakarrik bi zerrenda beltzekin alboetan. Buruaren gainontzekoa gris-oliba antzekoa da, mendi-erregetxoan kolore-detaile gehiagorik gabe, baina Erregetxo bekainzuriak bekain zuri argi bat du eta begien azpian eta begia zeharkatzen duen marra ilun bat. Lepoaren bi aldeetan urre koloreko orban bat ere badu, mendi erregetxoan falta dena. Bi espezietako kumeek ez dute hori edo laranja koloreko burugainik.

Bi espezieek antzeko silueta eta jarrera dute: txikiak, potoloak eta burugaineko lumak tentetzeko ohitura, kolore deigarria agerian utziz, asaldatuta daudenean. Kantua da bi espezieak hobeto bereizteko aukera ematen diguna.[6]

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txioak bezain aktiboak dira eta haiek bezala mugitzen dira, betiere zuhaitz eta zuhaixken hostoen artean, normalean hosto iraunkorretan, koniferoetan edo hostozabaletan. Segundo batean ere ez dira gelditik egoten.

Hain txori txiki batean hainbeste jarduerak energia-kontsumo handia dakar, eta intsektu eta armiarma txiki ugari harrapatzearekin konpentsatzen dute. Horiek harrapatzeko, erregetxoak sarritan airean gelditu egiten dira, ikertu nahi duten puntuaren aurrean, hegaldi estatiko batean, tximeleta bat bezala.

Gure latitudean sedentarioak dira. Neguan eremu zabal samar batean ibiltzera mugatzen dira eta, nolanahi ere, goi mendietan bizi direnak neguko hilabeteetan babestutako eremuak bilatzen dituzte.

Bi adartxoen artean hamaka bat bezala esekita egon ohi den habia eraikitzen dute, normalean koniferoetan. Egiteko, goroldioa eta likenak erabiltzen dituzte, amaraunezko hariekin lotzen eta eusten dituztenak.

Espezie oparoak dira, normalean 7 eta 11 arrautza artean egiten dituzte, eta ez da arraroa urtaro bakoitzean bi kumaldi haztea. Hegazti txiki eta delikatu hauen hilkortasun handia konpentsatzeko modu bat da. Emeak inkubatzen du, 15 bat egunez, biek elikatzen dituzte eta 17-18 egunera hegan egiten dute.

Oso espezie lagunkoiak dira ugaltze garaitik kanpo. Talde txikietan mugitzen dira normalean, askotan paridoen konpainian. Elkarren arteko kontaktua mantentzen dute apeuen bidez, uneoro igortzen duten “tsi-tsi-tsi-tsi” fin eta zorrotz bat.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendi erregetxoa Europako eta Asiako klima boreal, epel eta menditsuetan ugaltzen da. Erregetxo bekainzuriaren eremua askoz zabalagoa eta etenekin izan arren, Afrikako ipar-mendebaldera eta Ipar Amerikara iristen da, klima mediterraneo epel eta borealetan, baina ez du mendi-erregetxoak bezain gora igotzen latitudean.

Iberiar penintsulan erregetxo bekainzuria ohikoa da iparraldean edozein altitudetan, gainerakoetan menditarra baino ez da. Mendi-erregetxoa mendietan kokatzen da: Pirinioetan, Kantauriar eta Iberiar mendilerroetan eta Guadarraman.

Euskal Herrian Erregetxo bekainzuria oso ohikoa da eta banaketa orokorra du, mendi erregetxoa, oso arraroa da, Arcena-Peñagobia mendilerroko pinu gorrien pinudietako gune batzuk baino ez ditu okupatzen, Arabako mendebaldean.

Erregetxo bekainzuria oso ugaria da gaur egun Kantauri isurialdean, non Pinus radiata eta beste konifero batzuen birpopulaketek asko mesedetu baitute, zuhaitz mota horietan da arruntena. Artadietan ere aurkitzen da eta gutxiago pagadietan eta harizti batzuetan.

Araban ere ohikoa, batez ere pinudietan eta artederretan, zertxobait gutxiago erkametzetan, ametzetan eta pagadietan. Azken hauetan hobe zuhaixka-geruzan ezpelak badaude.

Beste izen batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz izenak beste aldaera batzuk jaso ditu: burugorri, kaskogorri, erregetxopit, mikelete-txori, pinu-txori, txio (burugorri).[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)BirdLife International (2012) Species factsheet. www.birdlife.org webgunetitik jaitsia 2012/05/07an
  2. (Ingelesez) IOC Master List[Betiko hautsitako esteka]
  3. BirdLife International (2004). Regulus ignicapilla. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  4. Larrañaga, Jon. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Elhuyar, 187 or. ISBN 84-87114-09-1..
  5. de Vicente de Viana, Joseba Gurutz. (2009). Kristina Enea-Gladys Parkea. Historia-Flora-Fauna. Haritzalde Naturzaleen Elkartea, 563-565 or. ISBN 978-84-613-2455-2..
  6. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 271 or. ISBN 84-7542-639-5..
  7. Erregetxo bekainzuria Txoriak.eus webgunean. (Noiz kontsultatua: 2017-08-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak

Ikus ere bai[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.