Eskiaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eskiaren historia gutxienez K.a. V. mendean hasten da.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 2500. urtean, Radoy uhartean (Norvegia), Historiaurreko gizaki batek ehiztari baten irudia grabatu zuen harri gainean. Irudiko ehiztariak larruz estalitako ohol makur bana du oinetan. Oslon, Holmenkollengo Eskiaren Museoan gorde dituzten zenbait piezak erakusten dutenez, antzinako eski haiek hiru metrotik gorako luzera zuten[1].

Eskiari buruzko lehen idatziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskiaren inguruko idatzizko aipamenik zaharrena Prokopio historialari bizantziarrak egin zuen VI. mendean; elur gaineko lasterketa deskribatu zuen, parte hartzaileak “iparraldeko herrialde urrun” batekoak zirela nabarmenduz. Mende batzuk geroago, eskandinaviar literaturak Harald III.a Norvegiakoaren Hardrade erregearen dohainak goraipatu zituen. Izan ere, 1060an, Bergenen, errege norvegiarra bere arerio nagusietako batekin lehiatu zen eski lasterketan.[1]

Snorri Sturluson (1127-1241) islandiar poetak Ull jainkoa aipatu zuen bere obran. Ull eskiaren jainkoa zen eta, Sturlusonen hitzetan, “hain da arkulari eta eskiatzaile trebea, inork ezin baitu harekin lehiatu”.[1]

Eskiaren zabalkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkataritza harremanei eta migrazio mugimenduei esker, eskia Europan, Ipar Amerikan eta Japonian zabaldu zen. Gerrek ere bultzada eman zioten ohol pareari, ejertzitoak, beren mendiko batailoietan, eskiatzaileak trebatzen hasi baitziren. Jardueraren garrantziaren lekuko, Islandian 1730ean indarrean jarri zen honako legea: erregearen mandatuz, herritar guztiek eskiatzen ikasi behar zuten.[1]

Eski modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eski modernoa zen 1825. urtean iritsi zen. Orduan, Sondre Norheinek telemark izeneko teknika sortu zuen. Norhein norvegiarra zen, baina Norvegia, garai hartan, ez zen independentea. Lehenik daniarren esku egon zen eta, gero, suediar koroaren menpean, 1905ean independentzia lortu zuen arte. Hortaz, XIX. mende osoan eskia identitate nazionalaren ikur bihurtu zen.[1]

1888an Fridtjof Nansen esploratzaileak Groenlandiako kasko polarra zeharkatzea lortu zuen, eta heroi nazional bilakatu zen Norvegian. Hasiera-hasieratik eskiaren garapena norvegiarren esku izan arren, azken bultzada austriar batek eman zion.[1]

Nansenen epopeiak inspiratuta, Mathias Zdarskyk bere eskiak fabrikatu zituen, baina funtsezko aldaketa erantsiz, eskiek 1,80 metroko luzera besterik ez izatea. Horri esker, eskiatzeko teknika izugarri erraztu zen, eta gero eta herritar gehiago hasi zen malda elurtuetan behera bi oholen gainean jaisten.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g Irazustabarrena, Nagore. (2008-12-28). «Historiaurretik dirauen slalom-a» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]