Eztabaida:Nabarrismo

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Nabarrismo euskaltzalea kendu da[aldatu iturburu kodea]

Egun on Urtar eta besteak, nabarrismo euskaltzalea kendu egin da bat-batean artikulu honetatik eta, trukean, beste artikulu bat sortu da: Nafartasuna. Uste dut ez dela egokia eta eztabaida gehiago behar duela; izan ere, historikoki ez da horren erraza biak bereizten XX. mende erdialde arte (Baleztena? Urmeneta?). Bestalde, Nafartasuna ez da egokia ere: Nafarzaletasuna izango litzateke, baina erabilera aldetik... herren. -Iñaki LL (eztabaida) 12:06, 1 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]

Barkatu nire aldaketa egokia izan ez bada, oraintxe desegin dut, baina nire ustez "nabarrismo" euskaltzalea kontraesana dirudi. Euskaltzale batek ezin du gaztelaniazko hitza erabili bere burua euskaraz definitzeko euskal hitz jatorra horretarako existitzen bada. Euskaltzaindiaren hiztegian nafartasun aurkitu dezakegu, "nabarrismo" ez ordea, eta euskarazko wikipedian euskarazko hitzak hobesten ditugu.
Erabilera aldetik Geroa Bai alderdiak nafartarra erabiltzen omen du gaztelaniazko "navarrista"ren euskal ordaintzat, Sortuk hemen argi eta garbi desberdintzen ditu nabarrismo atzerakoia eta nafartasun aurrerakoia, eta Eusko Ikaskuntzaren lan honetan ere nafartasuna aurkitzen dugu. Hortik aurrera euskaraz nafartarra, nafartasun aldekoa, "nafarzalea" ala "nafartzalea" erabili behar den ez dakit ziur, baina azkeneko bi hitzak ez daude Euskaltzaindiaren hiztegian. Ados nago gai hau gehiago eztabaidatu behar dela, eta eskerrik asko zure ekarpenarengatik.
Azkenik ohar bat, wikipedia entziklopedia bat da, eta uste dut itzulpengintza ez dela horren helburua, baizik eta existitzen den jakintza eta hitzak biltzea. Zoritxarrez, gure euskal unibertso txiki honetan, beti ez ditugu euskarazko ordainak aurkitzen, edo oraindik ez dira sortu. Kasu horietan bene-benetan eskertzen da wikilarien artean itzultzaile prestuak izatea, eta jakina, Euskaltzaindiaren lana.-Urtar (eztabaida) 14:38, 1 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]
Konponbide hau proposatzen dut: Nabarrismo izenburupean gaur agertzen den guztia Nafar erregionalismo (politika) orrialdean gehitzea, eta Nabarrismo artikulu honetan honelako zerbait idaztea: "Nabarrismoa, euskal abertzaleen artean, aldi berean Espainia eta Nafarroaren aldeko jarduera politikoa eta kulturala adierazteko erabiltzen den gaitzespen hitza da. Nabarrismoaren aldekoari nabarrista deitzen zaio.", "Ikus gainera Nafar erregionalismoa eta Nafartasuna" gehituz.-Urtar (eztabaida) 09:35, 2 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]
Urtar eta Iñaki LL Gaur egun, nik ardatz bezala euskara hartuko nuke eta hortik banatu "nabarrismo espainolista" eta "nabarrismo euskaltzalea". Nabarrismo euskaltzale horren barnean ere korronte desberdinak mugitzen direlako, batzuk autonomistagoak, besteak independentistagoak. Adibidez, Nafarroako Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdiak euskaltzaletasunean sailka daitezke, baina ez abertzaletasunean. Azkenean, zein hizkuntzaren aldekotasuna duen batak edo besteak, hor ikusten baita zein den bere benetako ideologia, foruzaletasuna, independentismoa edo erregionalismoa bezalako hitz zurrunak erabili gabe. Xabi22 (eztabaida) 20:24, 2 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]
Urtar Eskerrik asko argibideengatik. "Nafartarra" bereziki ulergarriagoa zait; "nafartasuna", berriz, kategoria neutro bat iruditzen zait, zerbaiten aldeko jarrera baino. Kontua da nafartzale/nabarrista batzuen artean "Nabarra" hitza ere onartzen dela askotan, eta hortik "nabarrista" ere erraz eratortzen da. Arrazoi duzu ez dela EU WP ez dela itzulpen bat izan behar, baina eu erabilera zein den ere ez dago garbi, ez bada "nabarrista" ("nafartarra"...?).
Xabi22 Bat nator oro har zuk esaten duzunarekin. Bi jarrera oso argi bereizten dira, baina Nabarrismo euskaltzale horretan (Bigarren Errepublikaren garaian, adibidez, Ezker Errepublikanoa) ñabardura handiak daude. Pixka bat denboran urrunduz, adibidez. Ignacio Baleztena Amaiurko monumentuaren alde agertu zen 1922an, oro har euskaltzalea, Victor Pradera aurrez aurre zuela (berau bai espainolista hutsa, egungo UPNren aitzindari, edo), baina Baleztenak 1936ko estatu kolpearen alde egin zuen. Nik artikulu bakarra uztearen alde. -Iñaki LL (eztabaida) 08:17, 3 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]

──────────────────────────────────────────────────────────────────────────────────────────────────── Iñaki LL eta Xabi22, Nafartasun orrialdea aldatu dut eta kategoria neutroa da orain. Hala ere, nafartasunaren alde egitea edo nafartasuna defenditzea posiblea dela pentsatzen dut.

"Nabarra" hitza batzuetan gaztelaniaz erabiltzen da, baina euskaraz ez dut ikusi, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ez dago. Agian hor dago koska, gaztelaniazko eta euskarazko hitzak eta esanahiak nahastea. Adibidez, gaztelaniaz españolismo hitza neutro edo positiboa bada ere, euskaraz espainolismo gaitzespen hitza da, eta uste dut gaitzespen hitzak kontu handiz erabili behar direla Wikipediaren neutraltasunaren politikaren kontra egin nahi ez badugu.

Bestaldetik, nire kezka hizkuntzaren ingurukoa da, artikulu bakarra edo bi sortzea ez zait hainbeste axola. Baina Iñakik zioen bezala, ez dut hain argi ikusten nor den euskaltzalea eta nor ez. Entziklopledia batean hitz zurrunak ez dakit, baina hitz zehatzak erabili behar dira. Nire atzoko konponbidea berriz proposatzen dut.-Urtar (eztabaida) 10:47, 3 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]

Gaia aztertuta, nabarrismo izenaren alde egingo nuke. Arrazoiak:
  • Lurralde horren izenik zaharrena Nabarra da, dirudienez.[1][2] Beraz, kultismotzat har daiteke antzinako erro hori hartzea; eta, politologiako kontzeptu espezializatu honetan, zilegi da kultismoak erabiltzea.
  • nabarrismo izenak erabilera zabal-zabala du, hedapen handiko euskarazko testuetan.[3]
  • nafartasun askoz erabilera urriagokoa da, sentipen honen esanahiarekin. Gainera, berez, nafartasun izenak «nafarra izatea» esan nahi du. Beraz, nahasgarria eta zalantza-eragilea litzateke zentzu honekin ere erabiltzea. Izatekotan, nafartar adjektiboa oinarritzat hartuta, nafartartasun genuke (hitz ahoskagaitza, inondik ere), baina horren lekukotasun bakarra aurkitu dut.
Horiek horrela, nabarrismo hartuko nuke izenburutzat. --Xabier Armendaritz 2020-07-03, 10:01 (UTC)
Tira, gaiari buruzko azterketa xeheagoa eginda, iritzia aldatu dut: nafarzaletasun hobetsiko nuke. Arrazoiak:
  • nabarrismo izena, aurkitu ditudan testuetako askotan eta askotan (testuen erdietatik gora, esango nuke), espainolzaletzat hartzen da. UPNren inguruko ideologia adierazten du, alegia. Beraz, nekez balioko du artikuluko izenburu neutrotzat.
  • nafarzale eta nafarzaletasun izenak Egungo Euskararen Hiztegian ageri dira, eta artikuluko esanahi neutroarekin beste hainbat lekukotasun aipagarri ditu: Jesus Egiguren eta Patxi Zabaleta,[4] Iñaki Petxarroman,[5] Pako Sudupe, Berriako iritzi artikuluren bat[6]...
  • vasquismoren ordaintzat euskozaletasun hartzen badugu, izendapen sistema guztiz koherentea genuke: euskozaletasun / nafarzaletasun.
Eta ordu batzuez behintzat gai hau uzten dut, egun batzuetan Wikipediatik kanpoko lanetan ibili eta gero sobera aritu bainaiz... --Xabier Armendaritz 2020-07-03, 10:32 (UTC)
Uste dut ostiralean nahasi samar eman nuela nire iritzia, eta txukunago agertzen saiatuko naiz:
  • Bi aukera onargarri ikusten ditut: nabarrismo eta nafarzaletasun. Biek erabilera aipagarria dute, artikuluan lantzen den adierarekin. Bi izen horien artetik, nabarrismo erabiliagoa da, baina gehientsuenetan-edo «Nafarroari atxikipena erakusten dion espainolismoa» esanahiarekin; beraz, uste dut neutroagoa eta egokiagoa dela nafarzaletasun (gainera, Euskal Herri osoarekiko atxikipena izendatzeko euskozaletasun edo euskalerrizaletasun onartzen badugu, sistema koherente bat osatzearen abantaila ere izango luke).
  • nafartasun, berriz, erabilera urrikoa da testuetan, eta nahasgarria litzateke (berez «nafarra izatea» esan nahi duelako); ondorioz, ez zait esanahi honetarako egokia iruditzen.
Horra hor aurkitu nituen datuetatik ateratako ondorioak. --Xabier Armendaritz 2020-07-06, 08:23 (UTC)
Eskerrik asko Xabier Armendaritz bilaketagatik. Beste hainbatetan bezala, badugu kontzeptu bat aditzera emateko premia, baina hitz argirik ez horretarako. Dudak ez ditut falta, baina batzuetan Nabarra euskaraz ere aipatzen dela kontuan hartuz, lehengo status quoaren alde lerratzen naiz: Nabarrismo, bi joerak barnean bilduz. Ikus beste hau ere enbor berean oinarrituz, Nabarrismoaren bilakaera historikoaz. -Iñaki LL (eztabaida) 17:44, 6 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]
Gai konplexua, ziur aski problematikoa eta, zalantzarik gabe, polemikoa. Orduak eta egunak eman ditzakegu afera honi buruz eztabaidatzen. Hori nolabait ekiditeko, moztu beharra dugu. Horregatik Iñaki LLrekin ados nago: status quoaren alde alegia. Nabarrismo izena mantentzearen alde, bi korronteak barnean bilduz. Agian ez da irtenbiderik zuzenena edo zehatzena, baina aldatzen bada gauzak are gehiago nahasten direla uste dut. -Aihotz (eztabaida) 18:36, 6 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]
Uste dut hasierako eztabaida desbideratu egin dela. Iñaki LL eta biok eztabaidatzen hasi ginena "nabarrismo euskaltzalea" izendapena zen. "Nabarrismo euskaltzalea" ez du tradiziorik euskaraz eta kontraesana dirudi, "Nabarrismo" hitza euskaraz normalean gaitzespen hitza delako, eta "euskaltzale" ez.
Nik proposatzen dut izenburua dagoen bezala utzi eta artikulu barruan "nabarrismo euskaltzalea"ren ordez, "nafartasunaren aldeko euskaltzaleak" edo "nafar erregionalismo euskaltzalea" aukeratzea, Euskaltzaindiaren Hiztegian agertzen ez diren hitzak saihestuz eta gaur eguneko euskarazko erabilera jarraituz.-Urtar (eztabaida) 10:29, 9 uztaila 2020 (CEST)[Erantzun]