Maria Dolores Arana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Dolores Arana
Bizitza
JaiotzaZumaia1910eko uztailaren 24a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaHermosillo1999ko apirilaren 5a (88 urte)
Jarduerak
Jarduerakpoeta eta idazlea

Maria Dolores Arana Ilarduya (Zumaia, 1910eko uztailaren 24a-Hermosillo, Mexiko, 1999ko apirilaren 5a) gaztelaniazko idazlea, gerra aurreko giro intelektualean ibili zen eta, gatazkan, errepublikaren alde jarri zen. Ondoren, Mexikora erbesteratu behar izan zen. Urte asko José Ramón Aranarekin ezkonduta eman zituen.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere gurasoak Remedios Ilarduya eta Victoriano Arana ziren, 1908an ezkondu zirenak. Aita Zumaiako aduanan lan egiten zuen eta aduana Irunera eraman zutenean, familia Donostiara joan zen bizitzera. Bederatzi anai-arreben artean zaharrena zen. Donostiako Eskola Frantsesean ikasi zuen, eta piano-eskolak ere eman zituen.

Donostian Mentxu Gal eta Mari Paz Angoso ezagutu zituen. Jose Manuel Aizpuruak zuzentzen zuen Donostiako Gu elkarte gastronomiko eta kulturalean sartu ziren. Elkarte horretan emakumeak onartuak ziren eta garaiko beste elkarteekin alderatuta berezitasun batzuk zituen: hikaz hitz egitea derrigorrezkoa zen, aktibitate kultural asko egiten ziren eta abangoardiekin kontaktuan zegoen. Izan ere, denboraz, Falangearen zerbitzura zegoen organo bihurtu zen. Aduanetako langile izateko oposizioetara aurkeztu zen, baina, azkenean, Madrilera joan zen Filosofia eta Letrak ikastera. 1936ko uztailean, literaturako irakasle oposizioetara aurkeztu zen, baina gerra zibilaren hasierak galarazi egin zion. Urte horietan hasita zituen aldizkari batzuetako kolaborazioak, besteak beste, Noreste eta Hoja literaria. 1935ean, besteik, bere lehen poesia liburua argitaratu zuen, Canciones en azul, Federico Compsek marraztutako egilearen lumazko erretratua zeramana; lan horrek kritika onak jaso zituen.

Gerra urte horietan Kulturaren Defentsarako Intelektualen Aliantzako idazkari gisa lan egin zuen. Kulturaren Defentsarako Idazleen Nazioarteko II. Biltzarrean parte hartu zuen, eta han, besteak beste, Octavio Paz ezagutu zuen, eta harekin adiskidetasun iraunkor batek elkartu zuen. Garai horretan José Ruiz Borau, UGTko buruzagia, ezagutu zuen; gizonak José Ramón Arana izen literarioa hartu zuen. Gerra amaitu zenean, biek erbestera jo zuten.

Aita frankista sutsua zen eta gaztea Errepublikaren aldeko jarrera hartu zuenez, jaraunsgabetu zuen. Maria Doloresek, orduan, Baionara ihes egin zuen. Han bizi izan zen Borau Gurseko kontzentrazio-esparruan sartuta egon zen bitartean. Han jaio zen bere lehen semea, Juan Ramon. Ondoren, Marseillako portutik, Margaret Palmer estatubatuarraren laguntzari esker, Ameriketara ihes egin zuten. Martinikan izan ziren, eta han jaio zen bere bigarren semea, Federico. Ondoren, Dominikar Errepublikan eta Kuban egon ondoren, azkenean Mexikora iritsi ziren, 1942an. Semeen izenak Juan Ramón Jiménez eta Federico García Lorcaren mirespenaren ondorio izan ziren.

Erbesteko aldizkarietan idatzi zuen, hala nola José Ramón Aranak sortu zuen Aragón. Gaceta Mensual de los Aragoneses en México, (1943-1945) eta Las Españas. Revista literaria (1945-1963), azken hori José Ramón Arana eta Manuel Andújarrek bultzatua. Horrez gain, Medea ezizenarekin Mexikoko aldizkarietan artikuluak eta komentarioak argitaratu zituen. 1953an, erbestean argitaratu zuen bere bigarren poema liburua, Arbol de sueños, Concha Mendezen hitzaurrearekin. 1960an banandu egin zen José Ramón Aranarengandik.[2]

1966an Arrio y su querella, kristau filosofiaren historiari buruzko liburu laburra argitaratu zuen, Hezkuntza Publikoko Idazkaritzak argitaratutako herri irakurketarako koadernoen bilduma batean. Bilduma horretan bertan Rekaredori buruzko beste izenburu bat argitaratu zuen. Gainera, La Martinican egon zenetik, buduaz eta magia beltzaz interesatu zen; interes horren ondorioz, 1987an, liburu bat argitaratu zuen, Zombies. El misterio de los muertos vivientes. 1961etik aurrera, eta Concha Mendezen etxean ezagutu zuen Luis Cernuda lagunaren bitartez,[3] Camilo José Celak zuzendutako Papeles de Son Armadans aldizkarian kolaboratu zuen, eta harekin gutun bidezko adiskidetasun luzea izan zuen. 17 artikulu bidali zizkion, mexikar egileak ezagutarazteko.

Mexikoko hainbat aldizkaritan ere kolaboratu zuen: Nivel, Kena (emakumeei zuzendutako aldizkaria), El Rehilete (1969tik), Revista de América, non 1967tik aurrera Maria Danara ezizenarekin elkarrizketak argitaratzen zituen, besteak beste. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, idazketa-tailer bat eman zuen UNAMeko Ekonomia Fakultatean. Gero, estilo-zuzentzaile gisa kontratatu zuten Administrazioko Gobernazio Idazkaritzan. Han hitzaldiak idazten zituen, lehendakaritzarako ikerketa kulturalak egiten zituen, eta artikuluak itzuli eta zuzentzen zituen.

1976ko udan, Francisco Franco hilda jada, Euskal Herrira itzuli zen lehen aldiz, bere seme zaharrenarekin batera, [[Donostiako Zinemaldia|Donostiako Zinemaldira. Halaber, Luis Cernudaren omenezko liburuan parte hartu zuen, 1977an argitaratua, 27ko Belaunaldiko beste poeta batzuekin batera. 80ko hamarkadan penintsulara bidaia gehiago egin zituen, hazi zen familiaren etxean bizi baitzen. Bere bizitzako azken urteak bere seme Juan Ramonekin eman zituen Hermosillon, Mexiko iparraldean, non 1999ko apirilaren 5ean hil baitzen.[4][5]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere obra ez da oso handia. Batez ere artikuluak eta komentarioak idatzi zituen. Izan ere zenbait liburu ere plazaratu zituen:

  • Canciones en azul. Zaragoza: Cierzo, 1935.
  • Árbol de sueños. Mexiko Hiria: Intercontinental, 1955. Concha Méndezen hitzaurrearekin.
  • Arrio y su querella. Mexiko Hiria: SEP, 1966.
  • “Sobre Luis Cernuda” kapitulua Derek Harrisek koordinatutako liburuan: Luis Cernuda. Madril: Taurus, 1977: 176-184. Aurretik, kapitulua Papeles de Son Armadans aldizkarian agertu zen.[6]
  • Zombies. El misterio de los muertos vivientes. Mexiko Hiria: Posada, 1987.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz): Mar Trallero: María Dolores Arana: El exilio republicano español desde una perspectiva feminista. Bartzelona: GEXEL, Universita Autònoma de Barcelona. [1]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]