Maritxu Oiartzungoa eta Katalina Belauntzakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maritxu Oiartzungoa eta Katalina Belauntzakoa

Maritxu eta Katalina, Dardarak albumaren pertsonaiak. Egilea: Irune Irureta
Bizitza
JaiotzaXV. mendea
Herrialdea Euskal Herria
HeriotzaXVI. mendea ( urte)
Jarduerak

Maritxu Oiartzungoa eta Katalina Belauntzakoa (XV. - XVI. mendekoak) Donostian bizi ziren. Garai hartan lesbianak izateaz akusatu eta atxilotu zituzten lehenak izan ziren. 1503ko uztailaren 21ean, Katalinaren kontrako auziaren epaia aditzera eman zuten Valladolideko Kantzelaritzak eta Gorteko alkateek. Elkarrekin haragizko harremanak eduki izana leporatzen zieten.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaiketa hau, lehenengo instantzian, Donostian hasi zen, bertako alkate zen Miguel de Ochoa Olazabalek Belauntzako Katalina atxilotu, torturatu, eta ondoren, jabetza guztiak kenduta, erbesteratzeko agindua eman zuenean, Maritxurekin sexu harremanak izan zituela salatuz.

Herritar batek alkateari abisua eman zion, jakinaraziz Katalina eta Maritxu ikusi zituela, gizon batek emakume batekin soilik egin zitzakeen haragizko ekintzak egiten:

Usavan en uno commo onbre e muger, echávanse ençima desnudas e retoçándose e besándose e cavalgándose la una a la otra e la otra a la otra, subyéndose ençima de sus vyentres desnudas, pasando e fasyendo avtos que onbre con muger deverían faser carnalmente.”[1]

Errege-erregina Katolikoek homosexualitatea –bekatua eta delitua- gogorrago zigortzeko legea ezarri zuten 1487. urtean, naturaren kontrakoa zela argudiatuz.[2]

Atxiloketa, tortura eta erbesteratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salaketa ikertu, eta leporatzen zitzaiena berretsi ostean, alkateak Katalina Donostiako Sakramenteroen Dorrean kartzeleratu zuen, bere jabetza guztiak konfiskatuz. Fama publikoa zuen harremana zela, edo bestela esanda, haien arteko sexu harremanak Donostia osoan ezagunak zirela egozten zitzaion Katalinari. Honek, bere kontrako akusazioa faltsua zela esan zuen, emakume ondradua eta fama onekoa zela argudiatuz. Haren esanetan, lekukoek ez zuten egia esan, ez zegoen frogarik, eta inondik inora istorio hori ez zen sonatua hiribilduan.[1]

Alkateak bi aldiz tortura zezaten agindu zuen ur bidezko tortura esaten zaion teknika baliatuz, akusatuak errudun aitor zezan bere burua. Katalinak, ordea, errugabea zela esanez jarraitu zuen, eta hala ere, alkateak prozedurarekin aurrera jarraitu zuen, Katalinaren jabetzak publikoki enkantean eskaintzen zituen bitartean. Azkenean, eta nahikoa froga sendorik gabe, alkateak epaia aditzera eman zuen. Akusatzen zitzaion delitua oso larria zela kontuan hartuz, errudun deklaratu zuen Katalina, epai honek aurrekari bezala balio zezan tentazioan eror zitezkeen gainontzeko herritarrentzat, hiribilduarentzako eredugarria izango zelakoan.[3]

Jasandako torturak eta gainerako neurriak nahikoak izan ez baziren, alkateak zigor moduan, Katalina hiribildutik betiko erbesteratzea erabaki zuen, eta auzi guztiaren gastuak beregain hartzera kondenatu. Katalinak inoiz Donostia zapaltzen bazuen, plazan soka batetik buruz behera zintzilikatuko zuten, bertan hil arte:

“La pendiesen e presa la atasen las manos con una cuerda e la pusiesen una soga de trença al pescueço e desnuda fasta la çintura la traxiesen públicamente por la dicha villa. E así traída con pregón público e competente para en tal delito, la pusiesen colgada pies arriba en una horca pública e la dejasen estar ende públicamente fasta que muriese… para ejemplo, terror e castigo de los que lo viesen.”

Epaiaren apelazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Kultura Ministerioa. Valladolideko Chancilleria auzitegiko exekutorien erregistroa, c.181-39; 1503, 07, 21.[4]

Katalinak epaia apelatu zuen Valladolideko Chancilleriako Auzitegian, errugabetzat jo zezaten eta bere fama ona eta ohorea itzul ziezaioten eskatuz. Auzitegi gaztelar gorenak errugabe deklaratu zuen, frogarik ez zegoelako eta akusazioak lekuko bakarra aurkeztu zuelako, argi geratuz Katalinari egozten zitzaion delitua ez zela fama publikokoa. Ez zen, beraz, Donostiako bizilagunen artean ezaguna, eta ondorioz, absolbitu egin zuten, eta Katalinari fama oso-osoa itzultzera derrigortu zuten Donostiako alkatea.[5]

Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan gordetzen den agiri baten arabera, Katalina Belauntzakoa Tolosan hil zen 1546ko ekainaren 4an.

Prozesuaren azterketa eta ateratzen diren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesús Ángel Solórzano (2005) historialariak dion bezala, inongo momentutan aipatzen ez den delitu baten kasua da hau: itsusia dela esaten da, “porque siendo el delito tan grave e feo”, alkateak Katalina suntsitzen du, ondasunak kentzen dizkio, eta bere komunitatetik kanporatzen du. Alkateak epaia ematen du, eta bertan aitortu ez dagoela froga nahikorik, eta hala ere, erbestea deklaratzen dio.

Katalina emakume “independiente” bezala ageri da, hau da, gizonik gabea eta bere negozio propioak dituena, garaian ez zena ohikoena. Ekonomikoki ondo zihoakiola argi ikusten da, jabetzak kenduta ere Entzutegi Nagusian errekurritu ahal izanak adierazten duen bezala; izan ere, oso garestia zen Valladoliden helegitea jartzea, hilabeteetako egonaldia, letraduak, prozesu-kostuak etabar ordaindu behar izaten baitziren.

Emakumeek haien negozio propioak izatea oso ezohikoa zenez garaian, pentsa daiteke bere senitarteko gizonezko guztiak hil edo desagertu zirela, eta beraz, haien negozioarekin gelditu zela. Horrez gain, heterosexualitatearen eta ezkontzaren instituzioaren arauetatik kanpo gelditzea erabaki zuela ondoriozta daiteke, eta honek, garai hartako emakumeekin alderatuz, Katalina emakume aski burujabea zela erakusten du.

Maritxuri buruz, aldiz, ezer gutxi dago. Pentsa daiteke prozesua Katalinaren kontrakoa izan zela, Solórzanok dioen bezala Katalina bera zelako bien artean pertsonaia ikusgarria, hau da, garaiko emakumearen rol otzanarekin apurtzen zuena, jaungoikoaren mandatuari izkin egiten ziona, eta gizonen boterea ezbaian jar zezakeena. Hortaz, Maritxuri buruzko ondoriorik ateratzeko adina informazio ez dago. Hala ere, espedientean Maritxu subjektu prozesatu bezala ez agertzeak ez du esan nahi, adibidez, epaiketa paralelo bat eduki ez zuenik.[6]

Dardarak artxiboan. Maritxu eta Katalinaren kasua kalera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idatzitako liburutik abiatuta, Dardarak artxiboan erakusketa proiektua sortu dute Karmele Mitxelena eta Joana Aurrekoetxeak. Liburuan, berez, adineko bi emakumeren arteko harremana kontatzen da, eta etxegabetze bat dago tartean. Bere oinarria XVI. mendeko gertakari bat da eta horri buruz irakurtzen eta ikertzen erabaki zuten Karmelek eta Joanak, Maritxu eta Katalinaren bizitzari beste hedapen bat ematea, erakusketa prestatuta.  

Erakusketak Erdi Aroaren eta Errenazimentuaren arteko europar mendebaldeko trantsizio garaira garamatza. Maritxu eta Katalinaren istorioa bitarteko hartuta, historiografia tradizional androzentrikoak sistematikoki baztertu eta ikusezin bilakatu dituen bizitzen agertoki izan nahi du.

Erakusketako ibilbidea osatzeko, Dardarak album ilustratuko elementuak, informazio eta irudi historikoekin nahasiko dira, elkarren arteko zubiak eratuz iraganaren, orainaren eta istorio fikzionatuaren artean. Horrela, albumean irudikatuak diren hainbat espazio eta objektuk, garaiko dokumentu judizial eta literarioak zeharkatzeko testuingurua eskainiko dute.

Egitasmo honek, oroimen historikoaren bitartez, garaian eman ziren genero eta sexu adierazpen eta praktika ezberdinen erresistentzien errelato bat kaleratu nahi ditu, aitortza eta erreparazio sinboliko bat eskainiz, bai eta etorkizun oparo eta desiragarriago bat berrasmatuz Maritxu eta Katalinarentzat.

Erakusketa 2024eko maiatzaren 9an zabaldu zen Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan.[7]

Erakusketaren iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katalina Belunza eta Maritxu Oiartzungoaren irudi bat. Baginen. Egilea: Elena Ziordia.

Maritxu eta Katalina, literatura argitalpenetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabilitako erreferentziazko bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bazán Díaz, Iñaki (1995). Delincuencia y criminalidad en el País Vasco en la transición de la Edad Media a la Moderna. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz.[10] [3]
  • Molina, Fernanda (2016). Mujeres que amaban a mujeres. Saberes eruditos y experiencias femeninas en torno a la práctica del homoerotismo femenino en la España moderna. Pedralbes: revista d’historia moderna (Departamento de Historia Moderna de la Universitat de Barcelona) 36, 213-248, eskuragarri hemen:[11]
  • Segura Graiño, Cristina (2006). Catalina de Belunçe: una mujer apela a la justicia de los Reyes Católicos. In Ricardo Córdoba de la Llave (koor.), Mujer, marginación y violencia entre la Edad Media y los tiempos modernos. Universidad de Córdoba, 127-147.orr.[12]
  • Solórzano Telechea, Jesús Ángel (2005). Justicia y ejercicio del poder: la infamia y los «delitos de lujuria» en la cultura legal de la Castilla medieval. In Cuadernos de historia del derecho, 12, 313-353 orr. Eskuragarri hemen:[1]
  • Artxiboko dokumentu judiziala: Archivo de la Real Audiencia y Chancillería de Valladolid, Reales Ejecutorias, c.181-39; 1503, 07, 21.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Gaztelaniaz) Solórzano Tellechea, Jesús Angel. (2005). «Justicia y ejercicio del poder: la infamia y los «delitos de lujuria» en la cultura legal de la Castilla medieval» Cuadernos de historia del Derecho 12: 313-353. ISSN 1133-7613..
  2. (Gaztelaniaz) tulaytula. (2020-05-16). ««Hacer pesquisa contra los putos». Cisneros contra la sodomía en Toledo y el Nuncio Francisco Ortiz» TulayTula (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  3. a b (Gaztelaniaz) Riaño Pérez, Eugenio. (1996). «Delincuencia y criminalidad en el Pais Vasco en la transicion de la Edad Media a la Moderna» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (16): 164–169. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  4. a b «Ejecutoria del pleito litigado por Catalina de Belunce, vecina de San Sebastián (Guipúzcoa), con Miguel Ochoa de Olazábal, alcalde ordinario de San Sebastián, sobre homosexualidad» PARES (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  5. (Gaztelaniaz) «La homosexualidad o sodomía en la Sevilla del XVI. Lesbianismo» web.archive.org 2007-05-05 (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  6. (Gaztelaniaz) Segura Graíño, Cristina. (2006). «Catalina de Belunçe: una mujer apela a la justicia de los Reyes Católicos» Mujer, marginación y violencia entre la Edad Media y los tiempos modernos, 2006, ISBN 84-7801-835-2, págs. 127-147 (Servicio de Publicaciones): 127–147. ISBN 978-84-7801-835-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  7. Erik, Gartzia(e)ko. (2024-05-03). «Kukuak non jo duen jakiteko» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-05-11).
  8. www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Baginen - Cira Crespo Cabillo» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  9. www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Dardarak - Karmele Mitxelena Etxebeste» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  10. (Gaztelaniaz) Bazán Díaz, Iñaki. (1995). Delincuencia y criminalidad en el País Vasco en la transición de la Edad media a la Moderna / Iñaki Bazán Díaz. ([1a. ed.]. argitaraldia) Eusko Jaurlaritza, Herrizaingo Saila = Gobierno Vasco, Departamento de Interior, ISBN 978-84-457-0559-9. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  11. (Gaztelaniaz) Molina, Fernanda. (2016-12-31). «Mujeres que amaban a mujeres. Saberes eruditos y experiencias femeninas en torno a la práctica del homoerotismo femenino en la España moderna» Pedralbes. Revista d'Història Moderna 36: 213–248. ISSN 2385-4391. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  12. (Gaztelaniaz) Segura Graíño, Cristina. (2006). «Catalina de Belunçe: una mujer apela a la justicia de los Reyes Católicos» Mujer, marginación y violencia entre la Edad Media y los tiempos modernos, 2006, ISBN 84-7801-835-2, págs. 127-147 (Servicio de Publicaciones): 127–147. ISBN 978-84-7801-835-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]