Oñatiko Corpusak

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Migel Goiaingerua eta apostoluak prozesioan.

Corpusa Erdi Arotik datorren jai erlijioso bat da, Urbano IV.a aita santuak 1264an sortua. Hala ere, 1311 arte ez zen Eliza Katoliko osora zabaldu, Klemente V.aren garaian. Hala, bada, Europa osoan ospatzen da, eta denboraren poderioz garrantzi handiko jaia bilakatu da, sozialki eta kulturalki oso aberatsa, sorreran zeukan izaera erlijiosotik haratago.

Eukaristian, hau da, Eukaristiako ogian eta ardoan, Jesukristoren gorputza eta odola daudela aldarrikatu nahi zuen Eliza Katolikoak Corpus Christi egunean. Beraz, Eukaristiaren omenez urtero egun berezi bat ospatzea zuen helburu, jendartean publikoki poz eta alaitasuna erakutsiz, Sakramentu Santuaren ohoretan dantza eta eta kantuz osatutako jaialdi eta prozesioekin. Hartarako data zehatz bat izendatu zen liturgia katolikoaren barruan: Mendekoste ondorengo bigarren osteguna, azken urteotan hurrengo igandera pasatu bada ere.

Corpus jaiaren historia munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaia Erdi Aroan sortu zen, 1208an Juliana de Cornillon erlijiosoak Eukaristian dagoen Kristoren Gorputz eta Odolaren ohorez jai bat ospatzeko ideia sustatu zuenean. Liejako (Belgika) gotzainak, bere elizbarrutian jaiak ezartzeko zuen ahalmenaz baliatuz, 1247an Mendekosteko zortzigarrenaren ondorengo ostegunean Corpus Christi-koa bere elizbarrutian ospatzea agindu zuen. Hasiera batean, prediku gutxi izan zuen Liejatik kanpo. Hala ere urte batzuk geroago, Hubo San Caro kardinalak ospatu egin zuen eguna, berak meza nagusian predikatuz, eta gainera bere apezpiku guztiei jaia beren elizbarrutietan ospatzeko agindu zien.[1]

1263. urtean, apaiz bat Bolsenako (Italia) elizan meza ospatzen ari zen bitartean, Ostia sagaratua haustean odola sortu zen, tradizioaren arabera. Gertaera horrek, oso zabaldua eta ospatua, behin betiko bultzada eman zion Corpus Christiko liturgia-jai gisa ezartzeari. 1264ko irailaren 8an sortu zuen Urbano IV.a aita santuak, "Transiturus de hoc mundo" buldaren bidez. Tomas Akinokoari agindu zitzaion eguneko Ofizio eta Mezarako testuak prestatzea, ereserkiak eta sekuentziak barne, hala nola Pange Lingua (eta bere azken zatia Tantum Ergo), Lauda Sion, Panis angelicus, Adoro te devote edo Verbum Supernum Prodiens.[2]

Corpusaren ospakizuneko une nagusia prozesioa izaten da, eta bertan, ostia kontsakratua bedeinkatutako kustodia batean erakusten da. 1311ko Vienneko Kontzilioan (Frantzia), Klemente V.ak tenpluen barruko prozesio-segizioa antolatzeko arauak eman zituen, eta desfilera gehitu nahi zuten agintariek bete behar zuten lekua ere adierazi zuen. 1316. urtean, Joan XXII.ak Zortziurrena sortu zuen, Sakramentu Santuaren esposizioarekin. Baina babes handiena Nikolas V.a aita santuak emango zion, 1447. urteko Corpus Christi egunean Ostia Santuarekin prozesioan Erromako kaleetatik irten zenean.[3]

Gaur egun munduko nazio askotan ospatzen da jaiegun bezala. Beste batzuetan, Alemanian edo Suitzan adibidez, eskualde batzuetan soilik da jai. Espainian 1989tik aurrera ohiko osteguna lanegun bezala ezarri zenez, jaia hurrengo igandera pasatu zen. Baina hainbat hiri eta herrietan zaindariaren jai izendatu zuten ostegunean ospatzen jarraitzeko, hala nola Toledon, Bejar-en, Sitges-en, etab.[4]

Corpus jaia Oñatin. Erdi Arotik XX. mendera: 1470-1936[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corpus eguneko ospakizunaren ardatza meza nagusiaren ondoren herrian zehar egiten den prozesioa da. Oñatiko Corpus Christi dokumentatuta dago 1470.etik, udal bando batek auzotarrei prozesioa igaro behar zen kaleak garbitu eta ihiak zabaltzeko eskatu zienean.[5] Hala ere, XVI. mendearen hasieran lortu zuen Corpus egunak distira, Apostoladuko Kofradia sortu zenean jaiaren ardura bere gain hartuz. San Migel parrokiako Kontuen Liburuan Kofradiaren lehen aipamena 1526an ageri da, kofrade bakoitzak marabedi bana urtero ordaindu behar zuelako. Gerora, San Frantziskok eskatuta 1553an Julio III Aita Santuak bulda bat eman zuen, Oñatiko kofradeei Italiako Minerva Kofradiako dohain eta induljentzia berdinak ematen. Harrez gero, Oñatiko Apostoladuko Kofradia Minerva izenarekin ere ezagutzen da.[6]

Kofrade guztiak.

Antolakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau eratako partaide ateratzen dira nagusiki prozesioan: Sakramentu Santuaren Kofradiakoak, santuen imajinak eramaten dituzten andariak, dantzariak, eta parrokiako abadeak. Antolakuntza orokorra Kofradiaren gain joaten zen, eta gero partaide talde bakoitzak bere antolamendu propioa izaten zuen.[7] Kofradiaren barnean, idazkari-maiordomoa zen antolakuntzaren arduraduna, eta San Migel parrokiako kabildoko kide batek izaten zuen horren kargua. Garai honetako azken maiordomoa, 1920tik aurrera, Don Miguel Eladio Diez y Umerez izan zen.[8]

Aurreko eta ondorengo jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corpus eguneko ospakizun ezagunenak prozesioa eta dantzak dira. Aurretik, ordea, beste jarduera batzuk izaten ziren. Astean zehar Santa Anako mojak arropak eta Kofradiako gauzak prestatzen zituzten.[9] Bestalde, dantzariak, bezperan udaletxeko plazan elkartu eta herriko kaleetan dantzatzen zuten, txistulariek lagunduta, bi dantzarik etxe guztietan talderako dirua eskatuz.

Ondorengo jarduerei zegokienez, “oktaba” egunean, hau da hurrengo ostegunean, beste prozesio apalago bat egiten zen, San Migel bezala mutiko bat jantziz. Ondoren, Kofradiako kideak bazkaria izaten zuten. Dantzariak berriz, Corpus egunaren biharamunean baserriz baserri aritzen ziren binaka, dantzatu ondoren talderako dirua batuz. Eta oktaba egunean, irudiei laguntzen zien binaka eta kriskitinak joz.[10]

Corpus eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Migel Parrokiako hamarretako meza nagusia baino ordubete lehenago, bertara prozesioan aterako ziren irudiak eramaten hasten ziren, ermitetatik edo gordetzen ziren etxe partikularretatik. Irudi bakoitzak apaiz bat, bi dantzari eta “San Migelen Zortzikoa” jotzen zuen txistularia zituen lagun. Dantzariek kriskitinak jotzen laguntzen zieten, dantzarik egin gabe, parrokiako ateraino. Irudiak Pietatearen nabean jartzen ziren. Eramaten zuten azken irudia San Migel Goiaingeruarena zen, udaletxean gordetzen zena, eta haren bila dantzari guztiak joaten ziren, eta amaieran alkatea eta udalbatzako kideak.[11]

Meza hastean, Kristo, San Migel eta hamabi apostoluak Santa Ana komentuan janzten hasiko ziren. jarduera pribatuan. Kristo eta apostoluak eliza ondoko atondoan, hiru emakumeren laguntzarekin, eta San Migel bere aldetik, bisitarien atondoan eta emakume batek lagunduta. Alde bietan aritzen zen beste emakume bat ilea apaintzen. Meza denboran, baita, prozesioko kaleetan ihiak botatzen ziren

Ama Birjina eta Banderaduna irudikatzen zituztenak ez ziren mozorrotzen. Hamabi apostoluen artean San Paulo zegoen, Judas ordezkatuz, eta guztiek alba, kapa, eskularruak, ileordea, kareta, sandaliak eta egurrezko ziria zeramatzaten, eta bakoitzak bere atributua, tradizioaren irudiari jarraituz, hala nola San Pedrok giltzak, San Pablok ezpata, San Juanek kaliza, Santiago nagusiak makulu bat, San Andresek arrain bat zintzilik duen gurutze ikoroskia, etab. San Migel, segizioko pertsonaiarik ikusgarriena, margoetan agertzen zen bezala janzten zen, burdinazko armadura batekin petoan eta bizkarraldean, bi hegalez, bi belaun-babes eta bi besoz osatua. Lepo zuri bat eta tulezko bi eskumutur. Zetazko brodatuak dituzten zapatila zuri pare bat. Buruan kareta, kasko bat bere lumekin, gerrian bi ezpata. Eskuineko eskuan gurutzean bukatzen zen makulu bat zeraman, eta ezkerrekoan zurezko kandela bat. Apostolugaiak kapa beltz batez estaltzen ziren, eskuan zurezko kandela bat zeramatela. Komentutik prozesioko ordenan irteten zirenean denak, dantzariek “San Migelen Zortzikoa” dantzatzen zuten, San Migeli Corpus eguneko erreberentzia berezia eginez amaieran. Ondoren, parrokiako Donostiako atera joaten ziren, prozesioaren irteerako euren txanda itxarotera.[11]

Prozesioa enparantzatik parrokia aldera, XX. mendearen hasieran.

Prozesioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goizeko hamaiketan meza nagusia bukatutakoan, herriko kanpai guztiak joz eta suziriak botatzen zituzten bitartean, prozesioa ate nagusitik irteten zen. Kale guztiak ihi berdez estaliak zeuden, eta ehunka herritarrek parte hartzen zuten prozesioaren egitura honakoa izan zen mendeetan zehar:

  • Parrokiako gurutzea, hasiera emanaz
  • Alboetako espaloietan, prozesio osoan, anaidietako partaideak
  • Erdian, imajinen alboetatik igarota, dantzariak gora eta behera arituko dira kriskitinak etengabe jotzen, batzuetan oinez eta bestetan dantzan.
  • Zutoihala eta Arantzazuko Amaren imajina
  • Zutoihala eta Sorkundez Garbiaren imajina
  • Bandera eta San Isidroren imajina, San Martinen imajina
  • Zutoihala eta San Rokeren imajina
  • Bandera eta San Krispin eta San Krispinianoren imajina
  • Bandera eta San Juanen imajina
  • Bandera eta San Joseren imajina
  • Bandera eta San Sebastianen imajina-
  • Txistulariak
  • Zutoihala eta San Migelen imajina, Pragako Umearen imajina,
  • Zutoihala eta San Frantziskoren imajina
  • Gau Gurtzaren bandera, Katolikoen Ekintzako emakumeen bandera
  • Lehen jaunartzea egin zuten haurrak
  • Aingeru jantzitako neskatilak otzaratxoetan arrosen petaloak daramatzatela

Apostolugaiak..........Anaidiako bandera......Apostolugaiak

San Simon...................................................San Tadeo

San Bartolome.........San Migel....................San Mateo

Santiago Txikiena........................................San Felipe

Santo Tomas............Ama Birjina.................Santiago Handiena

San Juan.....................................................San Andres

San Pablo.................Kristo..........................San Pedro

  • Diakonoak, sakristaua eta bi monagillo
  • Sorbalda-zapiarekin babestuta Jaunaren kustodia zeraman Parrokoa eta bi diakono, palio pean
  • Udaletxeko agintariak
  • Emakumeak [12]

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arantzazuko ama. Gurutzearen atzetik, Arantzazuko Ama Birjinak ematen dio hasiera Corpus eguneko prozesioari. Santutegiko imajinak ez bezala, prozesiokoak garai batean zeraman mantoa mantentzen du. Gipuzkoako zaindaria da Arantzazuko Ama 1913 urtetik, baina Oñatirekin bostehun urtetik gorako harreman estua du. Herriko kofradiarik zaharrena haren izenean sortu zen 1489an eta 1834a arte iraun zuen.
  • San Migel Aozaratza. Oñatin jaiotako fraide domingotarra, Japoniara joan zena misiolari gisa. Nagasakin hil zuten 1637an, martirio luze baten ondoren. Eliza katolikoak dohatsu aldarrikatu zuen 1981ean Manilan eta santu Erroman 1987an. Prozesioan santu egin zuten urtetik aurrera irteten da. Hartarako irudia Jesus Etxezarreta artista oñatiarrak zizelkatu zuen. Urtean zehar bere jaiotetxea izandakoaren orubean jaso den kaperatxo batean egoten da.
  • Ama sortzez garbia. Ama Birjinaren beste irudi hau Bakardadeko Amaren kaleko Galartza familiaren etxean gordetzen da urtean zehar. XX. mendearen lehen erdialdean indar handia zeukan Mariaren alabak izeneko nesken kongregazioarekin zerikusia izan zuen. Gerora Eliza Katoliko erakundeko emakumeak arduratu ziren irudi honetaz. Bere tamaina handiagatik ez ezik, burutik behera datozkion hamabi zintengatik ere nabarmentzen da. Haurtxo pilatxoa joaten da prozesioan bere inguruan zintei eusten.
  • San Isidro. Goribar auzoko Santa Katalina ermitan du bere egoitza San Isidrok, orain hango santu titularra da eta. Dena den, prozesiorako ekartzen duten irudia ez da baselizaren aldarean kokatzen dena, geroago egindako beste bat baino. San Isidro nekazarien zaindaria da eta, Oñatin sasoi batean laurehun baserritik gora izanik, ez da harritzekoa santu honenganako debozioak indar handia edukitzea oñatiarren artean.
  • San Martin. Makina bat eliza eta ermita dago Euskal Herrian santu ezagun honi eskainiak. Oñatin ere ermitarik politenetako batek Tourseko apezpiku horren izena darama. Prozesioan irteten dena ez da baseliza horretako aldare nagusirako Pierres Picart eskultore frantsesak XVI. mendean moldatu zuen irudi platereskoa, baizik eta hango sakristian gordetzen den modernoago bat. San Martinen kofradia errementariena zen eta, lanbide horrek Oñatin izugarrizko indarra zeukanez, kide ugari izan zuen. Oraindik ere jarraitzen du hileta ermandadetzat.
  • San Roke. Santu estimatua hauxe, Erdi Aroaz geroztik izurriteen aurkako babeslea baitzen. Oñatiko San Rokek San Martin ermitako eskumako erretaulan dauka bere kokalekua. Egia esan, bi San Roke dira han daudenak: bata txikia eta XVI. mendekoa; bestea handiagoa eta XIX. mendekoa. Azken hori da prozesiorako ekartzen dena.
  • San Krispin eta San Krispiniano. Bi martiri hauek Lezesarri auzoko San Esteban ermitan dute egonlekua aspalditik. Zapatarien gremioaren zaindariak dira eta euren izeneko kofradia zuten Oñatin 1621era orduko. Prozesioan kaleratzen diren bi irudiek badaukate besteek ez duten berezitasun bat: ez direla gorputz osokoak, hiru laurdenetakoak baizik. Imajinak 1894an eginak dira, zapatatxo batzuk daramatzate zintzilik eskumuturretatik eta anden gainean zurezko estalki dotore bat dute.
  • San Juan Bataiatzailea. Kristandade guztian santu izen zabalduenetakoa izango da San Juanena. Oñatin ere bi ermita izan zituen luzaroan: bata Garagaltzakoa, herrigunetik hurbil, oraindik zutik dagoena; eta bestea Artiakoa, Arantzazuko mendietan. Prozesioan irteten den San Juanen irudiak, orain Kale Barriko Agerrena etxean gordetzen bada ere, antzina Garagaltzako ermitan zeukan bere egoitza. Santuaren izeneko kofradia ere hantxe zeukan 1628ra ordurako eta XX. mendera arte iraun zuen.
  • San Jose. Olabarrieta auzoan baseliza dauka San Josek bere izenean, XVI. mendeaz gero eta kofradia ere bai 1620tik aurrera. Gainera, arotzen ermandadearen zaindaria ere bada. Irudi hau Santa Marina plazako Madinabeitia etxean gordetzen zen, baina orain Aozaratza kaleko lokal batean egon ohi da beste santu batzuekin batera. Duela urte batzuk imajina zaharberritu zenean, Luis Salvador Carmona eskultore ospetsuak egina zela frogatu ahal izan zen.
  • San Sebastian. Ez zuten ermitarik Oñatin, baina San Sebastian eta San Rokeren irudiak herriko lau aldaretako erretauletan agertzen dira, ezker-eskuma, alderdi banatan beti. Antzina herriko patroiak izan zirela uste da, San Migelen aurretik. Baina prozesioan ikus daitekeen San Sebastianen imajina ez da horietakoaren bat, baizik eta lehen Santa Marinako etxe bateko kaperan eta orain Aozaratza kaleko irudi biltegian gordetzen dena. San Sebastianek kofradia ere bazuen, baina nobleentzat bakarrik.
  • San Migel Goiangerua. Ukaezinezkoa da San Migelen protagonismoa Corpus eguneko prozesioan. Herriko patroia izateak ematen dio, nonbait, pribilegio hori. Santuak pertsonifikatzeko janzten diren hamalau kideen artean nagusi baldin bada, irudietan ere badu berezko garrantzia, kontrapas dantza berezia egiten baitzaio plazan eta, udaleko kideek eta dantzari guztiek lagundurik, azkena eramaten baitute parrokiara meza nagusitara. Irudi hau puntura arte kontzejuko areto nagusian zegoen, baina udaletxearen azken eraberritzearen ondoren, Sana Ana aretoko erretaula batean gordetzen da.
  • Arrosarioko Ama. Prozesioan irteten den hirugarren Ama Birjinak tradizio luzea du Oñatin. Ez da alferrik Arrosarioko Ama, San Migelekin batera herriko zaindaria. Kapera dotorea dauka San Migel parrokian XVI. mendeaz geroztik, gutxienez, eta bere izeneko kofradia ere gizaldi berean sortua izan zen. Corpusetarako erabiltzen den irudia ez da elizako kaperan dagoena, baina bai haren antzeko imajina rokoko ederra. Orain parrokiako gela batean gordetzen da.
  • Pragako Jesus Haurra. Irudi honen izenaren jatorria Pragan aurkitzen da, garai batean Bohemia eta gaur egun Txekia den hiriburuko eliza batean, alegia. Oñatin kofradiarik eduki ez zuen arren, herriko jauntxo klasikoenetako batzuen egoitzan gordeta egoteak emango zion Corpus eguneko prozesioan kaleratzeko eskubidea, ziurrenik. Esan bezala, Lazarraga leinu ospetsuaren dorretxeko kaperan egoten da urtean zehar, eta prozesioan eramateko mutiko gazteak aukeratzen dira.
  • San Frantzisko. Asisko santuak debozio handia izan du Oñatin lau erlijio etxeren bitartez bereziki: Arantzazuko santutegia, Bidaurretako monasterioa nahiz ostatua eta Santa Anako komentua. Fraide frantziskotarrek eta klaratar mojek bostehun urteko tradizioa dute Oñatin. Kofradiarik ez bazuen ere, ez da ahaztu behar Frantziskotarren Hirugarren Ordenak sekularren artean izan duen eragina. Irudia Zubikoako Santa Anan gordetzen zen, mojak Garagaltzara aldatu ziren arte. Orain Bidaurretan gordetzen da.[10][13]

Ibilbidea eta aldareak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozesioa parrokiako ate nagusitik ateratzen zen Aita Madina kalera hartuz, barrenean Arkitekto Lizaur kalera ailegatutakoan norabidea aldatu eta Kale Zaharrera sartzen zen gorantz hartuz, eta Foruen Enparantzatik gora Kale Barria ia osoa zeharkatzen zuen, Kaioren kantaletik Iturritxora pasatzeko. Handik Atzeko Kaletik berriro behera Udaletxeraino, eta Enparantza erditik zeharkatuz parrokiako ate nagusira ailegatzeko prozesioari amaiera emanaz.

Ibilbidean lau aldare zeuden, bi Kale Zaharrean, bata Ortizenaren etxe parean eta bestea botika aurreko aldean, hirugarrena enparantzako arkupeen paren, erdi aldera, eta laugarrena Iturritxon, Urrutxu etxearen aurreko aldean. Aldare bakoitzaren aurrean prozesioa geratu egiten zen, palioa bertara ailegatzean. Parrokoak kustodia aldarean uzten zuen Sakramentu Santua intsentsu-ontziarekin gurtzeko, eta otoitzak egin ondoren kustodia berriro hartu eta bedeinkazioa ematen zuen. Gero San Migel, zegoen lekutik, handikiro joanaz Parrokoarenganaino hurbiltzen zen, pareraino ailegatutakoan erreberentziarekin batera buelta emanaz. San Migel bere lekura itzultzen zen bitartean, dantzariak gerturatzen ziren Parrokoaren parera, binaka, eta belaunikatu ondoren buruarekin erreberentzia egiten zioten Sakramentuari.

Kasu bietan, San Migelen zein dantzarien erreberentzietan, Oñatiko herriaren izenean egiten ziren, bera ordezkatuz. Une horiek izaten ziren prozesio osoko adierazgarrienak. Izan ere, prozesioaren oinarrizko zentzua Oñatiko herri guztiak, bere patroi San Migel Goiaingeruan ordezkatuta, Sakramentu Santua gurtzea eta goraipatzea zen.[14]

Kofradeak prest prozesiorako XX. mendearen hasieran.

Sakramentu Santuaren Kofradia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kofradeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pertsonatuak
  • Apostolugaiak
  • Zuzendaritza Batzordea
  • Apaizak
  • Mezetako laguntzaileak
  • Muñidoreak
  • Erretiratuak
  • Maiordomoak
  • Diruzaina
  • San Migelen arropak
    Kideak

Gauzen inbentarioa 1923.04.1ean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kristoren, San Migelen eta hamabi Apostoluen karetak, ileordeak eta txanoak, hiru pinu-kaxatan gordeta.
  • Kristoren eta hamabi Apostoluen jantziak: alba, gerrikoa, zetazko kapa eta eskularruak.
  • San Migelen arropa: galtzontzillo eta galtzerdi pare bi, alkandora bat, bi saia, eta bi banda borla urreztatuekin. Burdinazko armadura bat, petoz, bizkarraldez, bi hegalez, bi belaun-babes eta bi besoz osatua. Lepo zuri bat eta tulezko bi eskumutur. Zetazko brodatuak dituzten zapatila zuri pare bat. Kasko bat bere lumekin eta bi ezpata.
  • Kristo, San Migel eta Apostoluen intsigniak eta zorroak, apostoluen bi erlikia, eta Santiago Nagusiak daraman zilarrezko arrosario urreztatu bat.
  • Bandera zuri bat Ama Birjinaren irudiarekin, beste bat damasko-gorriarekin eta beste bat beltzarekin, gurutze urreztatuekin eta lokarriekin, eta makila bat hirurak eramateko.
  • Damasko-gorriko estandartea, urrezko borlekin, Jesusen Bihotzaren eta Sortzez Garbiaren irudiekin.
  • Belusezko mantu beltz bat lau xingola beltzekin, kofraderenen bat hiltzen denean hilkutxaren gainean jartzen dena hilerrirako bidean.
  • Mariaren atributua, zinta beltz eta zuriekin.
  • Bi alfonbra luze eta lau argimutil Ostegun eta Ostiral Santuko gurtzan belaunaulkian jartzeko,  eta bi alfonbra luze.
  • Bi argizari-zimur erabili gabeak, eta bat eta erdi erabilitakoak, saskiekin.
  • Zurezko hamalau argizari ordezkoak eta horien zorroak, Kristok, San Migelek eta Apostoluak prozesioan erabiltzeko.
  • Banderak gordetzeko zaku bat eta gauzak gordetzeko banku itxurako hiru tiradera.
  • Kofradiaren akta-liburua, zenduen liburua eta kofradeen liburua.
  • Sakramentu Santuaren Kofradiaren Konstituzio Berretsien liburua.
  • “Oñatiko Sakramentu Santuaren Kofradiaren senidetasun-bulda”. 1553. urtea.
  • Kofradiako limosnen eta haien konstituzioen kargu- eta deskargu-liburua, 1600 eta 1721 bitartean.
  • Kofradiako Kontu liburua 1722 eta 1808 bitartean.
  • Kofradiaren Kontu liburua, 1810 eta 1865 bitartean.
  • Apostolutzaren Kofradiako Kontuen liburua, 1870eko ekainaren 29tik gaur egunera arte.
  • Kofradiako Batzar liburua. 1663tik 1799ra.
  • Kofradiako Batzar liburua eta Anaien sarrerak. 1800. urtetik 1906. urtera.
  • Kofradiako Batzar liburua. 1905. urtetik gaur egunera arte [15]

Dantza taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parrokiako Kontu Liburuan agertzen da 1560an jadanik ordaintzen zitzaiela Corpus eguneko prozesioan aritzeagatik. Izan ere, dantzari bakoitzak ditu bat jasotzen zuen herriko kofradietatik eta udaletxetik. Azken honek soldata txikiaz gain bereziki arropak eta oinetakoak mantentzeko ematen zien. Dantzarien moduan, hiru txistulariak eta danbolindariak ere udaletxetik diru bat jasotzen zuten. Corpusetan protagonismo berezia dute dantzariek; hiru egunean herriko dantzariak kalez kale eta auzoz auzo ibiltzen dira, ia gelditu ere egin gabe, eta prozesioan Imajinei laguntzen. Taldea zortzi dantzarik eta buruzagi batek osatzen dute, eta azken honi kapitaina deitzen zaio.[16]

Dantzariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Janzkera aldatuz joan zen, dantzariak zuriz eta gorriz janzten dira, eta kapitaina zuriz eta urdinez. Praka eta alkandora zuriak eramaten dituzte denek, eta txapela gorria. Gerrikoa eta banda, berriz, dantzariek gorriak, eta kapitainak urdinak. Zinta zuri-gorriak daramatzate dantzariek eta zuri-urdinak maisuak.

Dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra ostea eta Kontzilioa: 1939tik 1978ra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antolakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Don Miguel Eladio Diez y Umerez 1956an zendu zen, eta maiordomo kargua Don Jose Mari Agirrebaltzategi Untzuetak hartu zuen, 1981ean hil zen arte. Bere agindupean Corpus egunak urte kritikoak bizi izan zituen, Kontzilioak ekarri zituen aldaketen eta elizaren egokitzapenen ondorioz.[17]

Prozesioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kofradia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibilbidea eta aldareak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirurogeigarren hamarkadan hiru aldaketa nagusi eman ziren. Lehena, hirurogeigarren hamarkadan meza nagusia hamarretatik hamaiketara atzeratu zela, jendearen erosotasunerako. Horrek bigarren aldaketa bat ekarri zuen, prozesioa beranduago amaitzen zelako, ibilbidea nabarmen moztea. Arrazoi nagusia prozesioa lehenago amaitzea izan zen, ondorengo bazkaldu aurreko jai giroa sustatzeko eta herritarrek gehiago sozializatu ahal izateko. Meza nagusia hamaiketatik hamabietara irautea aurreikusten zen, eta prozesioa ordu batak aldera bukatzea. Horretarako, prozesioa Aita Madina kalearen barreneraino ailegatu beharrean, Agustinoen eliza parean pasatuko zen Kale Zaharrera. Eta ondorioz, Ortizenaren etxe pareko aldarea kendu egiten zen. Goiko Kale Barria aldean berdin, Kaioren kantaleraino ailegatu ordez, Kirrinen kantoitik pasatuko zen Atzeko Kalera, Urrutxu etxe aurreko aldarea kenduz. Beraz, bi aldare gutxiago eta erreberentziak ere gutxiago. Baina hori beste modu batera konpondu zen: San Migelek Kale Zaharrean eta Kale Barrian egingo zituen kendutako bi erreberentziak, aldare bariko tokietan, eta dantzariak antzera, parrokiatik prozesioa ateratzerakoan eginaz lehen erreberentzia bat, eta Atzeko Kalean beste bat.

Eta hirugarren aldaketa garrantzitsua amaiera izan zen, Foruen Enparantza gurutzatu beharrean, aldarea arkupetatik udaletxe azpira eramanaz, eta prozesio osoa Enparantzan geratuz. Parrokoak ohiko otoitzak eta bedeinkazioak egiten zituen, eta ondoren zetozen San Migelen erreberentzia eta buelta, eta dantzarien erreberentziak, baina kasu honetan “Kontrapasa” dantza gehituz. Ikusgarritasuna gehitu zitzaion prozesioari, Enparantzako amaiera bilakatuz une gorena.[18]

Dantzariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corpus egunean beti ere gertatzen zen bezala, 1972ko ostegun hartan idolaz botatzen zuen eta prozesioa parrokia barruan eta klaustrotik bueltan egitea erabaki zen, ohi bezala halako kasuetan. Baina hiru urte lehenago Oñatiko jubilatuei egindako omenaldi egunean “Banakua” dantzatu zuten , eta egoki iruditu zitzaienez, Corpus egunean ere lehen aldiz egitea erabaki zen. Jendearen onespena jaso zuen, eta ondorioz urtero dantzatzen hasi zen, eguraldi ona egon arren eta prozesioa kaleetan zehar egin.[19]

Corpus eguneko arratsaldean enparantzan

Jaiaren berpiztea: 1978tik gaurdaino[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antolakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozesioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kofradia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dantza taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corpus egunera soilik mugatu beharrean dantzak, 1975an herri osora zabaltzea erabaki zen, beste dantza mota batzuk ere egiteko, eta neskak gehituz “Oñatz dantza taldea” sortu zen. Udalarekin zegoen harremana aldatu egin zen, eta dantzari bakoitzak Corpus eguneko prozesioagatik dirua jaso beharrean, taldeari ematea eskatu zitzaion, urtean zehar beste emanaldi mota batzuk ere antolatuko zirela aginduz.[20]

Dantzariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • San Kristobal. Aspalditik zegoen ermita bat Olabarrieta auzoan santu honen izenean. Alabaina XIX. mendearen lehen urteetan bota egin zuten eta irudiak apur bat beherago ekarri zituzten, errepidearen ertzean dagoen santutxora. XVI. mendearen amaiera aldekoa ematen du San Kristobalen irudiak, eta estilo manierista-herrikoia du. Prozesioan azken urteotan hasi dira ateratzen.[10]

Emakumeak Oñatiko Corpusetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oñatiko Corpusek 500 urtetik gorako tradizioa badute ere, ospakizunak aldatuz joan dira, sarri konturatzen ez bagara ere. Beraz, tradizioak tradizio, berrikuntzak ere izaten dira. eta azkenak 2018ko Corpusetan gertatu dira, eta ez bat, bi baizik. Eta berrikuntzak emakumeen eskutik etorri da. Izan ere, emakumeek sekula izan ez duten rola jokatu dute horren tradizio luzea duen ekitaldi erlijioso horretan. Lehenengo berrikuntza izan da emakume bat irten dela prozesioan apostolu jantzita. Apostoluak aurpegia estalita ibiltzen direnez, berrikuntza hori ezkutuan gertatu da, ez beste apostoluek ez ekitaldiaren antolatzaileek ez baitute aurretik horren berri eman. Bigarrena, berriz, eta agerikoagoa, izan da neskek dantza egin dutela Corpusetan, mutilekin batera, bezperan nahiz Corpus egunean. Dantza jardun guztietan, alegia.[21]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 34-36 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  2. (Gaztelaniaz) Espasa Calpe. (1913). Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo Americana.. Madrid: Espasa Calpe. «Tomo 14», 843 or. ISBN 84-239-4515-4..
  3. (Gaztelaniaz) Espasa Calpe. (1913). Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo Americana. Madrid: Espasa Calpe. «Tomo 14», 844 or. ISBN 84-239-4515-4..
  4. (Gaztelaniaz) Fiestas de interés turístico internacional. Madrid. Ministerio de Industria y Turismo.
  5. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1970). Oñate. La festividad del Corpus. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 55 or. ISBN DL. SS 103/70..
  6. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 71-72 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  7. Iñazio Irizar. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 43 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  8. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 9 or..
  9. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 73-74 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  10. a b c «Korpus aurrekoak Oñatin» Atauri 2011-06-28 (Noiz kontsultatua: 2018-07-21).
  11. a b (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 77-83 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  12. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 42 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  13. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 84 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  14. Irizar, Iñazio. (1994). «Oñati. Corpus eguna» Txistulari (Euskal Herriko Txistulari Elkartea) 160: 13. ISBN LG. VI-607-77..
  15. (Gaztelaniaz) Arana, Damian. (1905). Libro de Actas de la Cofradía del Apostolado. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 49 or..
  16. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 77 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  17. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva.. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 78 or..
  18. Irizar, Iñazio. (1994). «Oñati. Corpus eguna» Txistulari (Euskal Herriko Txistulari Elkartea) 160: 14. ISBN LG. VI-607-77..
  19. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 41 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  20. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 54 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  21. kattalin. «Lehen aldiz emakumeek dantzatuko dute Oñatin Korpus egunean» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-21).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]