Perpaus konpletibo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Perpaus konpletiboa gehienetan ZER galderari erantzuten dion perpaus txertatua da, objektua edo subjektua den izen-sintagmaren lekua hartu ohi duena perpaus nagusiaren barnean.

Perpaus konpletiboak: -ELA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aditz jokatua duten perpausak beste perpaus nagusiago baten osagai izan daitezke. Baina, horretarako, atzizki edo aurrizki baten premia dute: -EN, -ELA, BAIT- etab. -ELA atzizkiaz horniturik ageri den perpaus txertatuak ZER galderari erantzuten badio, orduan perpaus konpletiboa dela esan ohi da:

  • (1) Bi eta bi lau direla aspaldi ikasi nuen. (ZER ikasi zenuen?)
  • (2) Egia da denok izaten ditugula akatsak. (ZER da egia?)

Baina badira zenbait aditz nagusi -ELAdun konpletiboa onartzen dutenak baina perpaus txertatu honek ZER galderari erantzun beharrean ZERTAZ galderari, adibidez, erantzun diezaioketenak. Halakoak dira, esaterako, OHARTU, KONTURATU eta beste bakarren batzuk:

  • (3) Berehala ohartu naiz zu zinela (ez *zu zinelaz).
  • (4) Ziur nintzen berak ezkutatu zuela pelota. (ez, *berak ezkutatu zuelaz).

Horiek ere, hortaz, konpletiboak dira. Dena den, era horretako perpausak oso loturik agertu ohi dira aditzarekin: aditz horren esanahia ulertuko bada, nahitaezkoa da era horretako osagarri bat edo izen-sintagma bat izatea. Adibidez,

  • (5) Uste dut {joango naizela / egia dela / erosi duela /…}

perpaus hori ongi dago, baina beste hau, ezer gehiago ulertutzat eman gabe, ezin da ontzat eman:

  • (6) *Uste dut.

Gauzak ongi joateko, (4)-ko perpaus horren antzeko zerbait esan behar da edo, bestela, honen antzeko zerbait ulertu:

  • (6') Hala uste dut / baietz uste dut / …

Eta hori konpletiboak onartzen dituzten aditz guztiekin: ESAN, IKASI, JAKIN, ADIERAZI, EGIA IZAN, … Aditz nagusiak, hain zuzen, onar ditzaketen osagarrien arabera sailkatu daitezke. Batzuek ez dute inolako perpausik ametitzen osagarritzat. EROSI aditzak, adibidez, ez du onartzen:

  • (7) a. Gizon horrek {etxeak, liburuak, zaldiak, musika tresnak, …} erosten ditu.

Baina

  • (7) b. * Gizon horrek bi eta bi lau direla erosi du.

Beste aditz batzuek, berriz, alderantziz, perpausa onartzen dute osagarritzat, baina ez izen-sintagma arrunt bat:

  • (8) a. Badakigu zaldi horrek irabazi duela.
  • (8) b. *Badakigu zaldi hori.

-ELA konpletiboa eskatzen duten aditz batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen, -ELA atzizkidun perpaus konpletiboa eskatzen duten aditz batzuk: ADIERAZI, AHAZTU, ARGI EGON, EGIA IZAN, EMAN (ematen du…), ESAN, GEZURRA IZAN, IDATZI, IKASI, IRAKURRI, IRUDITU, JAKIN, OHARTU, SINISTU, ULERTU, USTE IZAN, … ZER galderari erantzuten diote, gehienetan, aditz horiek dituzten perpausek. Horregatik, gehienetan, aditzaren objektu izan ohi dira. Baina zenbait predikaturen subjektu ere izan daitezke. Hori da, adibidez, ARGI EGON, EGIA IZAN, GEZURRA IZAN, IRUDITU, … predikatuekin gertatzen dena. Horrenbestez, bi egitura desberdinetan txertatua agertuko da perpaus konpletibo hau. Batean (a), subjektuaren egongunean, eta, bestean (b), objektuarenean:

BAIETZ eta EZETZ[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baietz eta ezetz baiezko eta ezezko perpaus konpletiboen ordain izan daitezke, perpausa osorik eman nahi ez denean. Hori gertatzen da sarritan, adibidez, elkarrizketan ari garenean, galde-erantzunka:

  • Zer esan dizu Maddik? Baietz esan dit.
  • Zer uste duzu? Ezetz uste dut.

Dena den, ESAN, USTE IZAN, IRUDITU eta abarrek horrelako perpaus ordainak ametitzen dituzte, baina beste zenbaitek badirudi ezetz:

  • ?Ahaztu zait ezetz.

Bestalde, hor daude [baietz + partizipioa] tankerako esapideak ere:

  • Ezetz asmatu zenbat diru dudan!
  • Baietz iritsi zu baino lehen horma hartara!

Alderantzizko ordena ere zilegi da:

  • Asmatu ezetz zer dudan eskuan!
  • Liga-txapelketa Osasunak irabazi baietz!

Halako esamoldeak erronka edo apustuak egin nahi direnean erabiltzen dira.

Aditz nagusi gabeko -ELA konpletiboaren beste erabilera bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekoen antzekoak dira beste hauek ere, nahiz eta baietz bezalako elementurik agertu ez:

  • a. Ni naizela atezainik onena!
  • b. Bihar jai dela!
  • c. Ez dudala nik egin!

Halakoak erdi galdera, erdi harridura-perpaus dira, baina espero den erantzuna nolabait galdetu-edo denaren baieztapena izango litzateke. Hots: goiko esaldi horiek egiazki hau esan nahi dute:

  • a. Ni naiz atezainik onena.
  • b. Bihar jai da.
  • c. Ez dut nik egin.

Baina esateko modu horrekin, solaskideari baieztapen hori berrestea eskatzen zaio.

-ELA konpletiboa, izen baten osagarri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste batzuetan, perpaus konpletiboa izen baten osagarria izan daiteke, nahiz eta delako izen hori eta osagarria bata bestetik bereizirik ager daitezkeen:

  • a. Pasaiako herritik dator notizia zezen bat izan dela jenioz bizia.

Perpaus horretan zezen bat izan dela jenioz bizia perpaus konpletiboa dago, eta notizia izenaren edukia zein den esaten du. Horra, hortaz, bi modu gauza bera esateko, zeren (a)-ren ordez, -ELAKO forma ere erabil daiteke, baldin eta perpaus osagarria eta atxikitzen zaion izena elkarren ondoan badaude:

  • b. Pasaiako herritik dator jenio biziko zezen bat izan delako notizia.

Nolanahi ere, (a)-ko perpausaren modukoak oso normalak dira zenbait izenekin:

  • Zurrumurrua zabaldu zen astelehenean opor hartuko zuela.
  • Susmoa dut Jon dirurik gabe dabilela.

Halakoetan, nolabait, SUSMOA IZAN, ZURRUMURRUA ZABALDU, NOTIZIA ETORRI, etab. predikatu bakartzat har litezke. Predikatu horren osagarria izango litzateke perpaus konpletiboa.

Perpaus konpletiboak: -EN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-EN atzizkiaz hornitutako perpausa konpletiboa ere izan daiteke, batez ere aieruzko eta uste-susmozko predikatuekin:

  • Baliteke ez den zuk diozun bezain aberatsa. (= baliteke zuk diozun bezain aberatsa ez izatea.)
  • Uste duzu gure aldekoa den? (= uste duzu gure aldekoa dela?)

Perpaus konpletiboak: -ENIK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-ELA atzizkiaren ordez, perpaus txertatuak -ENIK atzizkia har dezake batzuetan:

  • a. Ez dut uste Bilbora joango naizenik.
  • b. Ez zion esan gaupasa egin zuenik.

Adibideek erakusten duten bezala, -ENIK atzizkia agertzen da perpaus nagusia ezezka emana bada. Izan ere, goiko perpaus horiek, aditza baiezka dutela, honela suertatzen dira:

  • c. Uste dut Bilbora joango naizela.
  • d. Gaupasa egin zuela esan zion.

Hala ere, ez da aski perpaus nagusia ezezka egotea, zeren -ELA atzizkia erabiltzeak zilegi izaten segitzen du perpaus ezezkakoetan ere. Alegia, (a)-ren eta (b)-ren ondoan, honelakoak ere zilegi dira:

  • e. Ez dut uste Bilbora joango naizela.
  • f. Ez zion esan gaupasa egin zuela.

Baina ez hori bakarrik: zenbaitetan, perpausa ezezkakoa izan arren, -ENIK erabiltzea ez da zilegi. Hona hemen zenbait kasu:

1) EGIA DA, GEZURRA DA eta haien kidekoetan, perpausa ezeztatua egon arren, -ELA agertuko da:

  • g. Ez da egia gaupasa egin dudala (ez *gaupasa egin dudanik).
  • h. Ez zen gezurra euria zekarrela (ez, *euria zekarrenik).

2) Beste zenbaitetan, perpaus konpletiboa galdegaia delako edo, -ELA agertuko da. Hori gertatzen da, adibidez, [ez A, B baizik] bezalako taxua duten perpausetan:

  • i. Ez zizun esan Bilbon bizi zela, Bilbon bizi nahi zuela baizik.
  • j. Ez zuen idatzi bera izan zela erruduna, errudun gisa agertzeko prest zegoela baizik.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]