Pinu-kaskabeltz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pinu-kaskabeltz
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaParidae
GeneroaPeriparus
Espeziea Periparus ater
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa1,04 g (pisua jaiotzean)
Zabalera0,18 m
Kumaldiaren tamaina9,4
Errute denbora15 egun
Arrautza

Pinu kaskabeltza (Periparus ater) paridae familiako hegazti paseriformea da, Europa eta iparraldeko Afrikako eskualde epel eta tropikaletan bizi dena[1]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere itxura orokorragatik eta jarrera gregarioagatik beste parido batzuk ekartzen ditu gogora, hala nola, kaskabeltz handia edo amilotxak, baina bere kolore tristeak bereizten dute. 11 cm-ko tamaina du, buru beltza, masail zuriekin, garondoan orban zuri bat nabarmentzen da, atzetik ikusita identifikazioa asko errazten duena. Sabela zurixka du, pixka bat krema kolorekoa eta alboak marroi argiarekin, bizkarraldea berriz gris-oliba antzeko kolorekoa eta buztan gris-beltzaxkarekin. Arrak eta emeak ia berdinak dira; gazteen lumajeak helduenak baino kontraste gutxiago du. Tamainak, koloreak eta bentral marrarik ezak bereizten dituzte, euren kantuaz gain kaskabeltz handiarengatik. Itxuraz familiako beste txoriekin harreman onak dauzkate, baina ez amilotx urdinarekin; bi espezien arteko elkarbizitza zaila dela ematen du, amilotx urdin asko dauden lekuetan pinu kaskabeltz gutxi ikusten dira eta alderantziz.[2]

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere izenak dagoeneko adierazten du pinudi eta koniferoen zaletasuna, altuera ertainetakoetan dentsitate handiagoak lortzen ditu, hostozabalen basoetan bizitzeari muzin egin gabe, hala nola pagadiak, non ohikoa den, urkiak, hariztiak, etab. Dena den, ugaltze-garaian zailagoa da ibaiertzeko basoetan, parkeetan, sagastietan edo zuhaitz isolatuetan aurkitzea, neguan bai jotzen dute eremu hauetara, beste parido batzuen konpainian banda txikiak osatuz, hala nola, kaskabeltz handia edo amilotx motoduna.

Ez da hegazti iheskorra, baina bere baso zaletasunagatik kaskabeltz handia baino gutxiago ezagutzen da. Elikagaien bila etengabe jarduten duelako aukera asko ematen digu gertutik behatzeko. Batez ere intsektuez eta armiarmaz elikatzen da hostoak edo adarrak arakatuz, baita enbor lodiak ere, zeinetan hegazti igokari gisa jarduten du. Intsektu kaltegarri ugari kontsumitzen ditu, pinu-beldarra barne, baina garapenaren fase jakin batera arte bakarrik. Neguan, animalia-jatorriko elikagaien eskasia ikusita, pinaziak eta mota guztietako haziak kontsumitzen ditu.

Normalean koniferoetan hazten du, baina ez nahitaez horietako batean. Zuhaitzetako barrunbeak, abandonatutako okilen habiak, hormetako eta ezpondetako zuloak, habia-kutxak, baita harri piloak ere, eta tarteka lurrean ere ugaltzen da. Beste kaskabeltzen antzeko habia egiten du, eta normalean bi errunaldi egiten ditu udaberrian, 7-9 arrautza zuri, alde zabalean arrexka edo gorrixka koloreko orbantxoekin. Emea da 14-18 egunez inkubatzen duena eta txitak, habian 16-19 egun egon ondoren, utzi egiten dute, gurasoek beste bi astez elikatzen dituzte eta independente bihurtzen dira.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaskabeltz handiarena bezala, bere hedapen globala Afrikako ipar-mendebaldea, Europa gehiena eta Asiako zerrenda zabal bat bere ekialdeko muturrerainokoa da. Normalean hegazti sedentario bat da, urte osoan zehar dago hemen, eta neguan mugimendu alderraiak egiten ditu saldo txikietan bilduta janari bila.

Euskal Herrian isurialde atlantikoan uniformeki banatuta dago, Pinus radiata-ren birpopulaketetan dentsitate handietara iristen da, eta baita, hain ugaria ez bada ere hostozabalen basoetan. Mediterraneoko isurialdean, hegoalderantz jaistean zailagoa da hura aurkitzea, basoak falta diren nekazaritza eremu zabaletan ez dago. Edonola ere, oso arraroa da erkameztietan eta artederretan agertzea. Kantabriako mendilerroaren iparraldeko pagadietan badago, baina ez hegoaldean edo Arabako Errioxa osoan.

Garbiegi dauden Pinus radiata-ren birpopulatutako gazteetan zaila izaten dute habia egiteko leku egokiak aurkitzea, beraz, komenigarria litzateke ugaltzeko habia-kutxak jartzea.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pinu kaskabeltzak hainbat azpiespezie ditu:

  • Parus ater aemodius Blyth, 1845
  • Parus ater ater Linnaeus, 1758
  • Parus ater atlas Meade-Waldo, 1901
  • Parus ater brittanicus Sharpe & Dresser, 1871
  • Parus ater chorassanicus Zarudny & Bilkevitch, 1911
  • Parus ater cypriotes Guillemard, 1888
  • Parus ater derjugini Zarudny & Loudon, 1903
  • Parus ater eckodedicatus Martens, J, Tietze & Sun, 2006
  • Parus ater gaddi Zarudny, 1911
  • Parus ater hibernicus Ogilvie-Grant, 1910
  • Parus ater insularis Hellmayr, 1902
  • Parus ater kuatunensis La Touche, 1923
  • Parus ater ledouci Malherbe, 1845
  • Parus ater martensi Eck, 1998
  • Parus ater michalowskii Bogdanov, 1879
  • Parus ater moltchanovi Menzbier, 1903
  • Parus ater pekinensis Verreaux, J, 1868
  • Parus ater phaeonotus Blanford, 1873
  • Parus ater ptilosus Ogilvie-Grant, 1912
  • Parus ater rufipectus Severtzov, 1873
  • Parus ater sardus Kleinschmidt, O, 1903
  • Parus ater vieirae Nicholson, 1906

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International (2008). Parus ater. IUCN 2008. IUCN Red List of Threatened Species
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 278 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak

Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.