Edukira joan

Somportetik Jakara (Donejakue bidea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Candanchuko eski estazioa, Somportetik ikusita.

Konpostelako Erromesaren Bulegoaren estatistiken arabera, 2019an Bulegoan erromesaldiaren egiaztagiria aurkeztu eta “La Compostela” diploma jasotzera 347.578 erromes agertu ziren, % 51 emakumeak eta % 49 gizonak. Horietatik, 189.937 pertsona iritsi ziren Frantses Bidetik, hau da, % 54,6a. Somporten 1.939 erromes hasi ziren, guztizkoaren % 0,4 hain zuzen.[1]

Etapen luzera eta aterpetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gida desberdinetako etapak antzerakoak izan arren, batzuetan bai irteera eta bai amaiera hiri zein herri ezberdinetan daude, ondorioz etapa bakoitzeko luzeran aldeak sortuz.[2]

Gidek diotenez gain, erromes asko daude etapei jaramon egin beharrean, norberaren egoera fisikoari edo aterpetxeen egokitasunei begiratzen dietenak, oinezkoek sarritan 30/40 km. eta bizikletan doazenek 80/100 km. betez egunero. Ondorioz, ibilbideko hiri, herri eta herrixka guztietan daude aterpetxeak erromesen eskura, publikoak zein pribatuak, prezioen eta pribatutasun-mailen arabera. Horrek adierazten du lurraldeen garapen ekonomikoarentzat, aterpetxeak beste eragile batzuk direla.[3]

Donejakue bidearen aterpetxe berezienak ezaugarri hauek dituzte: borondatezko ospitaleroek kudeatuak izanik udalenak edo erlijiosoenak dira; dohainik direnak borondatea ematea eskertzen dute afaria, ohea eta gosariagatik; sarritan ekitaldiren bat edo errezu erlijiosoren bat antolatzen dute; eta erromes denak konpartitzen duten afari komunitarioa egiten da. Adibide ugarien artean honakoak aipa ditzakegu: Zabaldika, Monjardin, Logroño, Tosantos edo Bercianos. Hainbat erromesentzat aterpetxeetako afari komunitarioek esanahi berezia dute, etapen luzera horren arabera antolatuz.[4]

Donejakueren Frantses Bidea Aragoitik. Lehen etapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aragoiko Bide Frantsesa Somport eta Gares arteko Donejakue bidearen tartea da. Frantziarekin muga egiten duen Pirinioetako mendiko portua da Somport, 1.632 metroko altueran. Bestalde, Nafarroako Gares herria betidanik hartu du aintzat Donejakueren literaturak Aragoiko Bidea eta Donibane Garaziko Bide Frantsesaren arteko lotura bezala.

Somporten eta Garesen arteko distantzia 165 kilometrokoa da, eta beraz, oinez 6 edo 7 egunetan egin daiteke. Aragoiko Frantses bidea Erdi Aroko lau erromesbide garrantzitsuenetariko baten hasten da, zehazki Arlesko Bidean (Tolosan). Frantziako hegoaldetik eta Italiatik zetozen erromesek erabiltzen zuten.[5]

Lehen etapa hau Donejakueko egiaztagiririk gabe hasiko gara. Jakara ailegatutakoan, Santiago elizan hartugo dugu, lehen sigiluarekin.

Somport - Jaka: 32,00 km.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Canfranc Estazioa.

Etapak Pirinioko goi-mendiko paisaia eta natura erakargarri guztiak ditu. Somporteko mugako muinotik abiatuko gara, eta bertan elurra eta izotza aurki daitezke udaberrira arte. Aragoi ibaiaren haranetik jaitsiko gara 815 metroko altueran dagoen Jakaraino.

Aysa aterpetxearen aurrean, bidearen hasiera adierazten duen harrizko monolito bat dago. Errepidearen ezkerretara dauden eskaileretatik jaitsi, eta bidezidor polit bat jarraituko dugu, behera eginez nabarmen. Santa Cristina ospitale zaharraren (XIII. mendea) aurretik igaroko gara. Erdi Aroan erromesak hartzeko zentro garrantzitsua zen ospitale hori, eta Candanchuko eski-estazioraino jarraituko dugu.

Aragoi ibaia zeharkatuko dugu Santa Kristina zubitik, eta pixka bat gora doan bidezidor bati jarraituko diogu. N-330 errepide nazionala gurutzatu ondoren, izeien eta pinuen basoetan barna doan bidetik jarraituko dugu. Canfranc Estaziora iritsi aurretik, ezkerretara dagoen muino baten gainean Col de Ladrones gotorlekua ikusten dugu, Felipe II.ak XVI. mendean eraiki zuena, eta XIX. mendean berreraikitakoa. Azkenik, Canfranc Estaziora ailegatuko gara, Somporteko trenbide-tunel ezagunaren hegoaldeko ahoaren ondora.[6]

7,4. Canfrac Estazioa. Herritik nazio-tunelera sartzeko albo bateko espaloitik atera ondoren, galeria txiki bat zeharkatuko dugu. Handik gutxira, zubi batetik Aragoi ibaia gurutzatuko dugu (errepide nazionalaren beste aldean, XIX. mendeko Fusilarien dorretxoa ikusiko dugu), eta pagadi lodien bidexka zoragarri batetik jarraituko dugu. Canfranc herrira sartu aurretik, Aragoi ibaia gurutzatuko dugu berriro.

Villanuako Collarada mendia.

11,8. Canfranc. Irteeran, hondatuta dagoen Trinitate eliza ezkerretara utzi, eta hilerria igaro ondoren, Aragoi ibaia gurutzatuko dugu Canfranc zubi ederretik. Hortik gutxira bailara itxi egiten da, eta pista harritsu batetik errepide nazionalaren azpitik bi aldiz pasatzen gara, beti ibaitik gertu. Villanuan sartzean, eskuinerako desbideraketa aurkituko dugu, bidean aurrera egiteko, herriaren erdigunea ezkerretara utzita.

16,6. Villanua. Bide ofizialetik, Villanuarako sarreran eskuinera egingo dugu, Aragoi ibaia zeharkatuz eta pista eroso bat hartuz, errepide nazionalaren ezkerraldean aurrera egiten duena. Errepidea zeharkatu, gorantza doan pista txiki bat hartu, eta Aratoreseko errepidera iritsiko gara. Ezkerretara jarraituko dugu beherantz, eta errepide nazionala zeharkatu gabe, pista bat hartuko dugu eskuinerantz, Castiello de Jacaren goiko aldera iritsi arte.

Seinalizatutako saihesbide ere bat dago, erromes askok jarraitzen dutena, Villanua zeharkatzen duena eta ibarraren ezkerreko isurialdetik doana. Lehenengo bidezidorretatik eta gero lurrezko pistetatik, Castiello de Jacara iristen da ibaia gurutzatu eta gutxira.

23,4. Castiello de Jaca. Herritxoan zehar goaz, jaitsiera gogor batean, errepide nazionalera atera arte. Zeharkatu ondoren, eta ehun metro aurrerago, Aragoi ibaia zeharkatuko dugu, eskuineko pista batetik jarraituz. Aurrerago, Ijuez ibaia zeharkatuko dugu, horretarako prestatutako pasabide harriztatu batetik. Ezkerretara trenbidea ikusten dugu, eta eskuinetara Aragoi ibaia eta N-330 errepide nazionala. Kilometro batera errepide nazionala tunel batetik gurutzatuko dugu, paraleloan jarraituz errepidea ezkerretara eta ibaia eskuinetara mantenduz. San Kristobal ermitatik igarota, pixka bat aurrerago Jakako Frantzia etorbidera iritsiko gara, hortik katedrala eta gotorlekua dauden erdigunera iritsiz.[7]

32,00. Jaka.

Jakako zitadela.

Jaka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aragoiko Erresumako lehen hiriburua izan zen. Gaur egun aparteko balioa duten bi monumentu ditu: San Pedro katedrala, Espainiako erromanikoaren lehenengoko eraikuntzetako bat, eta Gotorleku militar pentagonal izugarria.

Aterpetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ostatu hartzeko aukera asko daude, prezioen eta pribatutasun-mailen arabera. Ohikoena "Albergue de peregrinos de Jaca" da, eta 32 lagun sartzen dira bertan bi logela partekatutan. Beste aterpetxe batzuk honakoak dira: Albergue Dasa Mamré, Albergue Jaca, Hostal Rural la Casa del Arco, Hostal París, Hotel Las nieves, Hotel La Paz, eta Hotel Jaqués.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Informe estadístico año 2019. Oficina de acogida al peregrino. Catedral de Santiago.
  2. (Gaztelaniaz) Pombo Rodriguez, Anton. (2019). El Camino de Santiago en tu mochilla. Camino francés. Anaya Touring ISBN 9788491580997..
  3. (Frantsesez) Rucquoi, Adeline; Michaud-Fréjaville, Françoise; Picone, Philippe. (2018). Le voyage à Compostelle du Xe au Xxe siècle. Groupe Robert Laffont ISBN 222123927X..
  4. (Gaztelaniaz) Edurne Baz Uriarte. (2018). Camino de Santiago de cerca. Planeta, Barcelona ISBN 9788408194538..
  5. (Gaztelaniaz) Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio, 191 or. ISBN 9788416918393..
  6. (Gaztelaniaz) Pombo, Antón. (2020). 101 Lugares del Camino de Santiago sorprendentes. Anaya, 177 or. ISBN 978-8491583042..
  7. (Gaztelaniaz) Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga, 144-- or. ISBN 9788418015571..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]