Tabakoaren eragina osasunean

Wikipedia, Entziklopedia askea

Tabakoaren eragina osasunean tabakoaren kontsumotik eratortzen diren arazoen multzo gisa definitu daiteke. Tabakoaren osagai ezberdinek modu jarraituan dihardute giza organismoan eta horrek patologia larrien garapena dakar, hala nola, tumorazioak, arazo kardiobaskularrak, arnas-aparatuko arazoak, etab. Esate baterako, pipa erretzaileen ezpainetako minbizia, maskuriko minbizia eta hestegorriko minbizia. Nikotinarekin batera zigarroa osatzen duten mundrunak eta bestelako substantzia kimikoak oso kaltegarriak dira, aipatutako arazoen garapenaren erantzule printzipalak direlarik. Haatik, jada frogatu da “kerik gabeko” tabako murtxikatuak ere aho-barrunbeko minbizia sortu dezakela.

Tabakoak arnas aparatuko gaixotasunak eragin ditzake, bronkitisa edo enfisema esaterako. Funtsean, hanturazko eta suntsipenezko bi fenomeno dira, baina konplikatu egin daitezke lesio buxatzaileekin, fibrosi albeolarrarekin eta pneumotoraxarekin. Nikotinak, eragin zuzena du sistema baskularrean ere, eta gangrena zein Buergerren gaixotasuna eragin dezake. Tabakoa da birikako minbizi kasu ia guztien diagnostikoaren erantzulea. Bestalde, substantzia honen kontsumoak eragin negatiboa izan dezake gizonezkoen sexu potentzian zein antzutasunean.[1] Tabakoa eta alkohola aldi berean kontsumitzeak, buruko eta lepoko minbizia izateko aukerak handitzen ditu.[2]

Ez dago tabakoa modu seguruan erretzeko modurik; izan biltzeko zigarretak edo izan zigarro elektronikoak, kaltea konponezina da.[3]Tabakismoarekin lotutako gaixotasunak izateko arriskua minimizatzen duen aukera bakarra ez erretzea da.

Tabakoaren gaineko kontrola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken hamarkadetan, mendebaldeko herrialde gehienen osasun politiketan lehentasunezkoak dira tabakismoaren aurkako neurriak. Tabakera handien irabaziak kontrolatzeko neurriak handitu, tabakoaren zergak igo eta erre daitekeen espazioak murriztu dira. Estatu espainiarren esaterako, 28/2005 legeak[4], tabakoaren salerosketa, horniketa eta kontsumoa erregulatzeko marko juridiko berri bat ezarri zuen. Hainbat emendakin gehitu ondoren, 2011an “Tabakoaren aurkako legea” sartu zen indarrean, espazio itxietan erretzea debekatzen zuena. Munduko Osasun Erakundeak (MOE) guztiz babesten ditu neurrik hauek. 2008an argitaratutako prentsa-ohar batean, tabakismoa saihesteko konpromisoa hartzeko eskatu zien gobernuei, tabakoaren inguruko sustapen-, publizitate- eta babes-mota guztiak erabat debekatuz.

Espainian, Tabakismoa Saihesteko Batzorde Nazionalak[5] jakinarazi duenez, urtero 3.000 pertsona inguru hiltzen dira inguruko tabakoaren kearen eraginpean. Erakunde horrek jasotzen duenez, ez-erretzaileen % 12 inguru erretzaile pasiboak dira, eta ez-erretzaileen ia erdiak giroko kearen eraginpean bizi dira. Kalkuluen arabera, erretzaileen zati handi bat 18 urte bete aurretik hasten da tabakoarekin, eta horietatik ia % 25 10 urte bete aurretik. Horregatik, gaur egun, era guztietako estrategiak bilatzen dira gizartea tabakoaren presentzia sustatzen duten industria ezberdinetatik babesteko (zinea, telebista…). Haatik, ondorioen gaineko kontzientzia maila asko handitu den arren, oraindik ere permisibitate handia nabari da tabakoaren kontsumoaren inguruan.

Erresuma Batuan egindako ikerketa batean, hogei substantzia psikoaktibok eragiten zuten kaltea aztertu zen, eta balio erlatibo bat kalkulatu zen 0tik 100era bitarteko eskala batean, substantzia horiek kontsumitzen duenarentzat duten kaltea islatzen duena, eta, gainera, beste aldagai bat sartu zen, hirugarrenei eragindako kaltea islatzen duena. Bi aldagaien balio erlatibo konbinatua (norberaren kaltea eta hirugarrenei egindako kaltea), arrisku handienetik txikienera ordenatua, honako lagin hau du: alkohola (72), heroina (55), krak kokaina (54), metanfetamina (33), kokaina (27), tabakoa (26), anfetamina (23), azido gamma-hidroxibutirikoa (19), bentzodiazepina (15), ketamina (15), metadona (14) eta hirugarrenentzat hain kaltegarriak ez diren beste batzuk, erabiltzaileentzat izan arren: (estasia, mefedrona, disolbatzaileak, LSD, onddo haluzinogenoak, cannabisa). Alkohola, ikus daitekeenez, kokaina, tabakoa eta anfetaminak baino hiru aldiz kaltegarriagoa da orokorrean (kontsumitzaileentzat eta ingurukoentzat), eta marihuana baino askoz kaltegarriagoa.

Tabakoaren osagai kaltegarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakismoa nikotinaren ondoriozko tabakoarekiko mendekotasuna da.[6] Substantzia hori modu naturalean agertzen da, baina, batez ere, tabakoaren manufaktura-prozesuan dauden gehigarri artifizialengatik; hain zuzen ere, adikzio-efektua sustatzeko eta, horrela, produktu gehiago saltzen saiatzeko gehitzen da. Tabakoa zigarro forman oso kaltegarria da osasunarentzat. Kalteak, funtsean, osagai toxikoek, erradioaktiboek eta kantzerigenoek eragiten dituzte. Nikotina adiktiboa izateaz gain, oso toxikoa da: 50 mg-k heriotza ekarri dezakete[7].

Tabakoaren kea fase gaseoso batek eta fase solido batek osatzen dute. Gas-faseak pisuaren % 95 hartzen du, eta 500 osagai inguru ditu. Fase solidoak pisuaren % 5 hartzen du, eta 3500 bat osagaik osatzen dute; horien artean hiru nabarmentzen direlarik: nikotina, adikzioaren arduraduna; karbono monoxidoa, gaixotasun kardiobaskularren arduraduna; eta alkitrana[8], minbizien arduraduna.

Tabakoan dauden substantzia kantzerigenoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakoaren kean benzopirenoa, N-nitrosaminak, 2-naftilamina eta 4-aminobifeniloa daude. Giza kartzinogenoak dira eta Minbiziari buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroaren I. taldean sailkatuta daude . Bestelako kartzinogenoak ere baditu, hala nola bentzenoa, formaldehidoa, kadmioa, nikela eta polonio 210 (erradioaktiboa), baita karbono dioxidoa eta azido zianhidrikoa ere.

Tabakoak minbizia sortzearen arrazoia oraindik erre ez den tabakoan zein kean dauden konposatu kimikoen nahasketan dago. Kearen osagaiak aztertuta bakarrik, 70 kartzinogeno aurkitu daitezke, eta horietatik 3 konposatu talde handi banatu daitezke [1]: nitrosaminak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eta amina aromatikoak.

Osasunean ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minbizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakoa gutxienez 17 minbizi motarekin erlazionatu da[9]: kolon eta ondesteko minbizia, biriketako minbizia, laringeko minbizia, faringeko minbizia, obulutegiko minbizia, zerbixeko minbizia, gibeleko minbizia, giltzurrunetako minbizia, leuzemia mieloide akutua, maskuriko minbizia, ahoko minbizia, urdaileko minbizia, esofagoko minbizia eta pankreako minbizia.[10]

Biriketako minbizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minbizi mota batzuk zuzenean lotzen dira tabakoarekin, biriketako minbizia edo bestelako arnas-aparatuko minbiziak esaterako. Izan ere, ehun horietako zelulek zuzeneko kontaktua dute tabakoaren osagai kimikoekin. Hala ere, ehunetako beste minbizi mota batzuetan tabakoarekiko esposizioa ez da zuzenean gertatzen. [11]

Ondorioak haurdunaldian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurdunaldian, tabakoaren potentzial kaltegarria biderkatzen da, eta erretzailearentzat ez ezik, haurrarentzat ere arriskuak sortzen ditu. Amarengan, besteak beste, haurdunaldi ektopikoa, baginako odoljarioak edo bihotzeko alterazioak. Haurrarengan aldiz, pisu txikiarekin jaiotzeko arriskua, arnasketa-eskasiak, bat-bateko heriotza izateko arriskua, infartuak, leuzemia, etab.

Antzutasunaren areagotzea gizonezkoengan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zigarroak erretzeko ohiturak ere semenaren kalitatea murrizten du, espermatozoideen morfologian eta bideragarritasunean eragiten baitu.[12] Era berean, mendetasun-dosiaren arabera, espermaren mugimenduari, kontzentrazioari eta bolumenari ere eragiten dio.[13] 2019an argitaratutako beste ikerketa batean, tabakoa erretzea espermatozoide gutxiago zenbatzearekin eta espermatozoideen akats morfologikoen kopurua handitzearekin lotu zen.

Gaixotasun kardiobaskularrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirkulazio-aparatuko gaixotasunak dira mendebaldeko gizarteko lehen heriotza-kausa. Bi osagai garrantzitsuenak garuneko hodietako gaixotasunak eta bihotzeko gaixotasun iskemikoa dira. Edozein adinetan erretzeari uzteak erdira murrizten du gaixotasun koronarioen ondorioz hiltzeko arriskua. [14]

Azaleko gaixotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakoaren kea toxikoa da larruazalarentzat, zuzeneko esposizioak geruza korneoaren hidratazio-maila gutxitzen baitu. Larruazalaren zahartze goiztiarra[15] eta aurpegiko zimurrak agertzen laguntzen du.[16] Nikotina hodi-uzkurtzailea da, eta, hala, larruazalaren odol-fluxua gutxitzen du, ehunen oxigenazioa murriztuz. Psoriasiaren, pustulosi palmoplantarraren eta lupus eritematoso discoidearen larruazaleko lesioak ere areagotzen ditu.

Gaixotasun digestiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakoaren kontsumoa gastritisarekin, ultzera gastroduodenalarekin, errefluxuagatiko esofagitisarekin eta dastamen-papilen hipertrofiarekin lotu da.

Arnas gaixotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakoak hipersekrezioa eragiten du, eta horrek eztula eta espektorazio kronikoa eragiten die erretzaileei. Tabakoarekin lotutako arnasketako beste gaixotasun batzuk daude, hala nola biriketako fibrosi idiopatikoa, bronkiolitis obliteratzailea, granuloma eosinofiloa, biriketako hemorragia eta biriketako gaixotasun metastasikoa. Tabakismoa pneumotoraxean eragina duen lehen faktorea da. Etengabeko faktorea da X. histiozitosian. Pneumonia interstizial ezkatatzailea ere lotuta dago tabakoaren kontsumoarekin.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakismoa osasun publikoko arazotzat hartzen da duela urte batzuetatik, tabakoaren kontsumoarekin lotutako osasun-kalteek milioi erdi heriotza baino gehiago eragiten baitituzte kontinente amerikarrean soilik. Erretzea da saihestu daitezkeen heriotzen kausarik ohikoena. Azken txostenen arabera, ehunka mila pertsona hiltzen dira urtero behar baino lehenago tabakoaren ondorioz. Azken ikerketen arabera, erretzen ez duten milaka pertsona hiltzen dira urtean beste pertsona batzuek erretzen dituzten zigarroen kearen eraginpean egoteagatik. 2004. urtean, Osasunaren Mundu Erakundearen kalkuluen arabera, urtean 4,9 milioi pertsona hil ziren tabakoaren kontsumoaren eraginez.

Ahoko osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakoak ahoko osasunari ere eragiten dio. Erretzailearen melanosia pentzeen pigmentazio mota bat da. Gorputzaren epitelioa tabakotik babesteko ematen duen erantzuna da. [17]

Tabakismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esposizio-moduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretzaile pasiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretzaile pasiboa tabako-errekuntzatik datozen substantzia toxikoak eta kantzerigenoak, bereziki keak hedatutakoak, zeharka irensten dituen pertsona oro da. Ikerketa ugarik ohartarazi dute kontsumo pasiboak ere osasunerako dituen arriskuak dituela. Tabakoaren kearekiko esposizioak osasunean dituen eraginak biriketako minbizia, sinu paranasaletako minbizia, arnasbideetako infekzioak eta bihotzeko gaixotasunak dira.Haurdun dauden emakumeengan jaioberriaren pisu txikia eragiten du, eta bularreko haurren artean bat-bateko heriotza.[2]

Ez dago inhalazio pasiboaren kopuru osasuntsu bat. Haurrek, haurdun dauden emakumeek, adinekoek eta arnasteko edo bihotzeko arazoak dituztenek zein animaliek arreta berezia izan behar dute.

Hirugarren eskuko kea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tabakoa erretzeak zigarroa itzali ondoren sortzen duen kutsadurari deitzen zaio "hirugarren eskuko kea". Dana-Farberreko ikerketa talde batek sortutako neologismo bat da. «Hirugarren eskuko kea» objektuen gainazaletako kutsadura da, eta bigarren eskuko kea desegin ondoren ere mantentzen da. [18]

Kontsumitzeko moduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biltzeko zigarretak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uste da biltzeko tabakoak osasunerako arrisku gutxiago duela, gehigarri gutxiago dituela eta ez dela hain kaltegarria.[3] Tabakoa biltzeko tabakoa osasunerako hain kaltegarria ez delako uste faltsua handiagoa da gazteen artean, Kerik Gabeko Asteko inkestaren datuen arabera (2012.6).[4] [5]

Biltzeko tabako erretzaileek arrisku handiagoa dute aho, faringe, laringe eta biriketako minbiziak izateko zigarro arrunten erretzaileek baino.[19] Baina ikerketa batek antzeko prebalentzia ematen du ahoko minbiziagatik. Biriketako minbiziaren kasuan, mota histologikoaren proportzioa aldatuko litzateke, adenokartzinoma eta zelula txikietako biriketako minbiziaren prebalentzia handiagoarekin.

Zigarro elektronikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zigarro elektronikoa inhalatzeko sistema elektroniko bat da, jatorrian tabakoaren kontsumoa simulatzeko diseinatua, zuzenean erre gabe, zigarro tradizionaletik bereiziz. 2010eko hamarkadan egin zen ezagun, zigarro tradizionala uzteko aukera gisa. Azken ikerketen arabera, kasu batzuetan ohiko zigarroak bezain kaltegarriak edo okerragoak izan daitezke; beraz, horien salmenta eta erabilera legez arautzen da munduko hainbat herrialdetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Tabaco e impotencia [Agosto 2002; 102-5»] web.archive.org 2012-11-20 (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  2. «11th Report on Carcinogens» web.archive.org 2006-10-28 (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  3. (Gaztelaniaz) Berdiel, Laura Calpe. (2018-02-11). «¿Existe un nivel seguro de tabaquismo?» CardioTeca (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  4. Jácome Roca, Alfredo. (2022-07-22). «Académico de número José Delhuyar Cardona Arias» Medicina 44 (2): 309–310.  doi:10.56050/01205498.1694. ISSN 2389-8356. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  5. «CNPT – Comité Nacional para la Prevención del Tabaquismo» cnpt.es (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  6. Circulation 49 (5): e5–e20. 1974-05-01  doi:10.1161/01.cir.49.5.page5. ISSN 0009-7322. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  7. Brandon, Thomas H.; Goniewicz, Maciej L.; Hanna, Nasser H.; Hatsukami, Dorothy K.; Herbst, Roy S.; Hobin, Jennifer A.; Ostroff, Jamie S.; Shields, Peter G. et al.. (2015-02-01). «Electronic nicotine delivery systems: a policy statement from the American Association for Cancer Research and the American Society of Clinical Oncology» Clinical Cancer Research: An Official Journal of the American Association for Cancer Research 21 (3): 514–525.  doi:10.1158/1078-0432.CCR-14-2544. ISSN 1557-3265. PMID 25573384. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  8. FMC - Formación Médica Continuada en Atención Primaria 13: 1. 2006-01  doi:10.1016/s1134-2072(06)75238-0. ISSN 1134-2072. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  9. Nature Reviews Cancer. Springer Science and Business Media LLC (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  10. REDAKSI, DEWAN. (2013-07-29). «JP2SD JURNAL PEMIKIRAN DAN PENGEMBANGAN SEKOLAH DASAR ISSN 2338-1140 Jilid 1, Nomor 1, April 2013, hlm. 1-75» Jurnal Pemikiran dan Pengembangan Sekolah Dasar (JP2SD) 1 (1)  doi:10.22219/jp2sd.v1i1.1533. ISSN 2527-3043. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  11. RECUS. Revista Electrónica Cooperación Universidad Sociedad. ISSN 2528-8075 6 (2) 2021-10-22  doi:10.33936/recus.v6i2. ISSN 2528-8075. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  12. Molecular Medicine Reports. Spandidos Publications (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  13. Amartey, Natasha; Ebenso, Bassey. (2022-07-29). «Liberté» Reproductive Health 19 (1)  doi:10.1186/s12978-022-01471-1. ISSN 1742-4755. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  14. FMC - Formación Médica Continuada en Atención Primaria 13: 1. 2006-01  doi:10.1016/s1134-2072(06)75238-0. ISSN 1134-2072. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  15. «Announcements» Journal of Dermatological Science 29 (1): 72. 2002-05-01  doi:10.1016/s0923-1811(02)00032-4. ISSN 0923-1811. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  16. FMC - Formación Médica Continuada en Atención Primaria 13: 1. 2006-01  doi:10.1016/s1134-2072(06)75238-0. ISSN 1134-2072. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  17. Odontoestomatología. Revista Odontoestomatologia (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  18. (Ingelesez) Ballantyne, Coco. «What is third-hand smoke? Is it hazardous?» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  19. Benhamou, S.; Benhamou, E.; Tirmarche, M.; Flamant, R.. (1985-06). «Lung cancer and use of cigarettes: a French case-control study» Journal of the National Cancer Institute 74 (6): 1169–1175. ISSN 0027-8874. PMID 3858589. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).