Edukira joan

Txantiloi:2014-34 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Rachel Hannah Weisz (Londres, Ingalaterra, 1970eko martxoaren 7a - ), Rachel Weisz izenaz ezagunagoa, aktore ingelesa da.

Weisz 1990eko hamarkadan hasi zen aktore lanetan, antzerkian eta telebistan batez ere. Cambridgeko Unibertsitatean ikaskideekin sortu zuen antzerki taldearen antzezpen bati esker, Edinburgheko Festibaleko Guardian Student Drama saria irabazi zuen 1991. urtean. Lehenengo filma, Death Machine izan zen, 1994an, baina aurreneko paper garrantzitsua Keanu Reeves eta Morgan Freemanekin batera agertu zen 1996ko Chain Reaction pelikulan izan zen. Arrakasta, aldiz, The Mummy eta The Mummy Returns bigarren pelikularen eskutik iritsi zen, hala, Evelyn Carnahan britainiar liburuzain eta egitologoa pertsonaiari esker, nazioarteko ospea lortu zuen. Ordutik hona antzeztu dituen beste film garrantzitsu batzuen artean daude Enemy at the Gates, Constantine, The Whistleblower eta The Deep Blue Sea. Hala ere, pertsonaia nagusiak Darren Aronofsky senar ohiak zuzendutako The Fountain filmeko Izzi, Alejandro Amenábarren Agora-ko Hipatia Alexandriakoa, eta, batik bat, Fernando Meirelles zuzendariaren The Constant Gardener pelikulako Tessa Quayle dira. Azken film honetako antzezpenagatik, 2005. urtean, emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria, Urrezko Globoa, Zineko Aktore Sindikatuaren Saria, eta urteko britainiar artista onenari ematen zaion BAFTA Britannia Saria eskuratu zituen besteak beste.