Edukira joan

Txantiloi:2014-52 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Segoviako ihesa 1976ko apirilean, Espainiako trantsizioaren hasieran, Segoviako kartzelan preso zeuden 29 ekintzailek, horietatik gehienak etakideak baina baita zenbait ekintzaile katalan antifrankista ere, ihes egin zuten kartzelatik tunela zulatuta ur zikinen isurbide batean zehar. Kanpoan lau ekintzaile zituzten zai ihesaldian laguntzeko. Biharamunean, Nafarroako Pirinioetatik muga igarotzeko ahaleginetan, Guardia Zibilarekin aurrez aurreko batean preso kataluniar bat hil zuten, Oriol Solé Sugranyes, MIL (Movimiento Iberico de Liberacion) erakundeko ekintzailea. Frantziako muga igarotzea lortu zuten bost iheslari ezik, beste guztiak atxilotuak izan ziren hurrengo egunetan zehar. Ihesaren aurretik, beste ihesaldi saio bat izan zen 1975eko uztailean, poliziak kanpoko komando laguntzailean El Lobo izeneko infiltratua sartuz zapuztu zuena. Ihesaldiak 1981eko Segoviako ihesa film ospetsua inspiratu zuen.

Francisco Franco diktadorea hil eta berehala, Joan Karlos I.a Espainiakoaren koroatu eta berehala, indultu zabal bat eman zuen gobernu hasi berriak, zeinari buruz Francoren diktaduraren azkena izan zela esan daitekeen, "Franco general Goren ospetsuaren oroimenez" burutu baitzen. 1975eko azaroaren 25eko indultu horrek 700etik gora preso kaleratu zituen, baina horietatik gutxi izan ziren preso politikoak. Indultu horrek ez zituen noski gizarteko sektore zabaletatik eskatzen zen aldaketa eskakizunak apaldu eta amnistia aldarri bilatu zen kalean.