Edukira joan

Txantiloi:2016-14 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Iruñerria Nafarroa Garaiko erdialdeko eskualdea da, probintziako populatuena eta Erkidego osoko biztanleen erdia baino gehiago biltzen dituena. Iruñea hiriburuaren inguruan dago, Iruñeko merindadearen hego-ekialdean. Eskualde honek, Iruñeko metropoli eremua osatzen du.

Erakunde publikoek ez dute Iruñerria eskualdetzat erabiltzen ekonomian eta plangintzan; beraz, ofizialki ez dago zehaztuta zer eremu hartzen duen. Hala ere, geografia unitatetzat erabiltzen da, 24 udalerri barne hartzen dituela.

Hiriburuaz gain, udalerri nagusiak (10.000 biztanletik gorakoak) dira: Barañain, Burlata, Eguesibar, Zizur Nagusia, Antsoain eta Atarrabia.

Iruñerria haran obalatua da, Arga ibaiak eta honen ibaiadar diren Ultzama, Elortz eta Arakil ibaiek sortua eta soslaitua. Bi gune desberdintzen dira, bata Iruñea eta inguruko dentsitate handiko gunea, eta bestea zereal eta gari zelaien kanpoaldeko nekazaritza gunea. Hiria "olio orban" moduan zabaldu da azken urteetan ekialde, hegoalde eta mendebalderantz. Iparraldean, San Kristobal mendia eta ekialderantz hedatzen diren gainek hazkundea mugatu egiten dute, eta hegoaldean, Erreniegak eta inguruko mendiek.