Wikipedia, Entziklopedia askea

Charlie eta txokolate-lantegia

Eduki-taula

Roald Dahl liburuak sinatzen.

Charlie eta txokolate-lantegia (jatorrizko bertsioan Charlie and the Chocolate Factory) Roald Dahl idazle galestarrak 1964an idatzitako liburu bat da; haurrentzako bere hirugarren liburua da eta benetako gertaeretan dago oinarrituta.

Liburu hau hizkuntza askotara itzuli da. Euskaraz bi itzulpen desberdin daude. Lehena, Charlie eta txokolate fabrika, Joan Mari Sarasolak euskaratu zuen eta Alfaguara-Desclée de Brouwer argitaletxeak argitaratu zuen 1989an. Bigarrena, Charlie eta txokolate-lantegia, Agurtzane Ortiz de Landaluzek itzuli zuen eta Alfaguara Zubia argitaletxeak argitaratu zuen 1994an.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charlie Bucket izeneko mutiko bat bere gurasoekin eta lau aiton-amonekin bizi da etxe batean. Txiroak dira, gosea eta hotza pasatzen dute, batez ere Charlieren aita lanetik kanporatzen dutenean. Charliek eta aitona Joek amets egiten dute Willy Wonkaren lantegia bisitatzearekin; baina urte askotan ez da inor sartu bertan, industria-espioitza ekiditeko. Aldiz, haien ametsa egia bihurtuko da. Willy Wonkak, txokolate-lantegiko nagusiak, urrezko bost billete sartzen ditu bere txokolate barratxoetan; edozein barratxotan egon daitezke, edozein dendatan eta edozein herrialdetan. Billete horiek lortuko dituzten bost neska-mutilek lantegia bisitatzeko aukera izango dute, eta bizitza osorako adina txokolate eta gozoki lortzeaz gain, irabazleak oso sari berezia jasoko du. Billeteak lortzen dituzten umeak Augustus Gloop, Veruca Salt, Violet Beauregarde, Mike Teavee eta Charlie Bucket dira. Guztiak doaz beren aitekin Charlie izan ezik, bere aitaldeko aitona Joerekin baitoa.

Barruan Willy Wonka xelebreak txokolate eta gozokizko mundu zoragarria erakusten die. Banaka-banaka, ordea, neska-mutilak lantegitik ateratzen joaten dira beren jokaera oker eta haziera txarragatik. Augustus Gloop, adibidez, bere sabelkeriaren ondorioz, txokolatezko ibai batera erortzen da, tutu batek xurgatu eta lantegitik ateratzen du. Violet Beauregarde, txikleak etengabe mastekatzen dituen neskatoa, ahabia erraldoi bat bihurtzen da, esperimentu fasean dagoen txikle bat jateagatik; txikle horrek bi plater eta postre baten zaporea zeukan. Veruca Salt, etengabe aginduak ematen dituen neskato mimatua, urtxintxa bat harrapatzen saiatzen denean, hondakin-zulo batetik behera botatzen dute gainerako urtxintxek. Mike Teavee teleikusle nekaezina telebistako pertsonaia txiki bat bihurtzen da, eta, bere ohiko itxurara itzultzeko, txikle baten antzera luzatu behar dute.

Amaieran soilik Charlie geratzen da lantegian, eta hortaz, bera da irabazlea. Saria lantegia bera da; izan ere, Wonka jauna zahartzen ari da eta oinordeko bat nahi du, lantegiaren jabetza berari uzteko. Charliek uste du ez dela gai izango, bere amak aiton-amonak faltan botako lituzkeelako eta ez liratekeelako guztiak kristalezko igogailuan sartuko. Baina Wonkak posible dela dio, eta, beraz, familiako gainerako kideen bila doaz, kristalezko igogailuan sartzen dituzte eta guztiak lantegira doaz bizitzera.