Wikipedia, Entziklopedia askea

Disoluzio

Azukrea urari botatzen badiogu disoluzio bat agertuko da.

Disoluzioa bi substantzien arteko nahaste (kimika) homogeneoa da.

Bi substantzia horiek normalean substantzia solido bat eta substantzia likido bat dira, baina biak izan daitezke likidoak.

Nahaste homogeneoak esan nahi du nahasten diren bi substantziak (adibidez, azukrea eta ura) ezin direla bereizi nahasten direnean.

Hain zuzen, ur baso bati koilarakada bat azukre botatzen badiogu (ikus irudia) eta koilara mugitzen badugu azukrea disolbatzeko, disoluzio bat sortuko da, bi substantzia horiek (ura eta azukrea) ezin ditugulako bereizi (ura besterik ez dugu ikusiko, azukrea desagertzen delako -disolbatzen delako, zehatz esanda-).

Gauza bera gertatzen da ura eta gatza edo esnea eta kakao-hautsa (Cola Cao, Nesquik…) nahasten ditugunean: disoluzioak lortuko ditugu.

Disoluzio bat, bideoan.

Aldiz, ur baso bati olioa edo alkohola botatzen badizkiogu, ez da nahaste homogenoa izango: alkohola edo olioa uraren gainean geratuko dira, eta ez dira uretan "desagertuko" (disolbatuko). Nahastea heterogeneoa izango da (bi substantziak bereizi daitezkeelako).

Disoluzio batean, beraz, bi substantziak nahasten dira modu homogeneoan. Proportzio handian dagoen substantziari disolbatzailea esaten zaio, eta proportzio txikian dagoenari, solutua. Irudiaren adibidean, esate baterako, ura da disolbatzailea, eta azukrea solutua.

Arraroagoa bada ere, gasak likidoetan ere disolba daitezke (adibidez, edari freskagarriek gas karbonikoa dute disolbatuta).

Badaude faktore batzuk disoluzioen eraketa eta bi substantzien nahasketa homogeneoa errazten dutenak. Tenperatura da faktore nagusia. Denok dakigu kakao-hautsa askoz errazago disolbatzen dela esnean esne hori berotzen dugunean (esne hotzean, aldiz, askoz gehiago kostatzen da disoluzioa lortzea).

Kontzentrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Disolbatzailean gehitutako solutuaren zenbatekoak zehazten du kontzentrazioa. Soluzio bat kontzentratzeko, horri solutu gehiago gehitu behar diogu edo disolbatzaile kantitatea gutxitu. Solutu kantitate handia duen soluzioari soluzio kontzentratua deritzo. Diluitzeko, soluzioari disolbatzaile gehiago gehitu behar diogu, edo solutu kantitatea murriztu. Horrela sailka ditzakegu soluzioak:

  • Soluzio asegabea: tenperatura eta presio jakin batzuetan, solutu gehiago disolba dezakegu.
  • Soluzio asea: tenperatura eta presio jakin batzuetan, ezin dugu solutu gehiago disolbatu.
  • Soluzio gainasea: saturazio-muga gainditu dugu, solutu gehiegi disolbatu dugulako. Ondorioz, normalean, hauspeakina (prezipitatua) sortzen da.

Disoluzio motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat disoluzio mota daude disolbatzailearen eta solutuaren egoera fisikoaren arabera:

  • Solidoak likidoetan: eguneroko bizitzan uretan disolbatutako gatza edo azukrea (solido kristalinoak)...
  • Gasak likidoetan: ur karbonikoak CO2 du disolbatua, ibaietako urak O2 du disolbatua...
  • Likidoak likidoetan: adibidez, alkohola edo lixiba uretan.
  • Gasak beste gas batzuetan: airea osatzeko, nitrogenoan gainontzeko gas guztiak disolbatuta daude...
  • Solidoak solidoetan: aleazioak eta mineral batzuk (letoia kobrez eta zinkez osatutako aleazioa da)...