Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eneida

Eneasen bidaia.

Eneida Virgilio poeta latindarrak idatzitako poema epikoa da. Homeroren Iliada eta Odisea obrekin batera, antzinate greko-erromatarreko literaturako maisulantzat jotzen da.

Lanak Erromaren jatorria eta handitasuna eta herri erromatarraren bertuteak kantatzen ditu, eta naziorako berezko mitologia sortzen du. Horretarako, Virgiliok protagonistatzat Troiako Eneas heroi legendarioa hautatu zuen.

Eneidaren bidez, Virgiliok Augusto enperadorearen jatorri jainkotiarraren ideia sustatzen du, Eneas heroiaren eta Venus jainkosaren ondorengo bihurtzen baitu.

Hamabi kantutan banatutako maisulan honen konposizioan 12 urtez lan egin omen zuen poetak.

Virgiliok poesiaren musari laguntza eskatuz hasten du Eneida; gero, haren obraren gaia seinalatu eta inspiratzeko laguntza jainkotiarra eskatzen du.

Lehen sei kantuek Homeroren Odisea imitatzen dute eta Eneasen Italiara iritsi arteko bidaiak kontatzen dituzte.

Gainerako sei kantuek Iliada imitatzen dute, eta italiar lurraldea konkistatzeko Eneas eta haren lagunen borrokak kontatzen dituzte.

Zer kontatzen du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obraren hasieran, Eneas troiar heroiak lortzen du suak erretako Troiatik ihes egitea bere aita zahar Ankises bizkarrean eta bere seme Askanio eskutik eramanez.

Hiriko sutean, Eneasek bere emazte Creusa galtzen du, hil egiten baita. Orduan flota bat biltzen du eta bizirik atera diren troiarrekin itsasoratzen da, Greziarantz lehenik eta Kretarantz ondoren. Geroago, Siziliako kostaldera iristen da, non haren aita Ankises hiltzen den eta azkenik, Afrikako hondartzetara iristen da.

Kartagon, Venusen eta Junonen laguntzarekin, Kartagoko erregina Dido eta Eneas maitemindu egiten dira. Jupiterrek, ordea, Eneasi bere patua gogorarazi eta troiarrak Dido uzten du. Erreginak bere buruaz beste egiten du Eneasen ezpataz zaurituz, eta ondoren, maitearen oroigarriak dituen su batera botatzen du bere burua.

Eneasekin eta haren leinuarekin haserretuta eta atsekabeturik, erreginak madarikazioak botatzen ditu hil aurretik; madarikazio horiek izango dira Erroma eta Kartagoren arteko betiko etsaitasunaren eta gerra punikoen kausa.

Italiako helmugara bidean, Eneasi, bere aita Ankisesen arima agertzen zaio, eta Avernora joateko eskatzen dio. Eneasek, Kumasko Sibilarekin batera, Plutonen erreinuak zeharkatzen ditu eta Ankisesek, erromatarren loria osoa ―Eneasen etorkizuneko leinua―, erakusten dio.

Azken zatian, Eneas Italiara iristen dela kontatzen da, eta bertan Latino erregeak bakean jasotzen duela eta Lavinia alaba ematen diola ezkontzeko, profezia zahar bat betetze aldera.

Gertaera horrek Latinoren emazte Amataren eta rutulotarren errege Turnoren haserrea pizten du. Azken horri Lavinia alaba agindu baitzion emaztegai Latinok. Eneasek, bere ama Venusengandik, haren senar Vulkano forjatutako armak jasotzen ditu. Horrela, Turno erregearekin gerra bat izateko prestatzen da.

Obraren azken pasarteak Eneas eta Turnoren arteko liskar pertsonalak ditu kontagai. Azken guduan, Eneas eta Turnoren arteko duelu bat jazo behar zen, baina azken horren soldaduek troiar printzea zauritzea lortzen dute.

Hala ere, Venus jainkosak bere seme Eneas sendatzen du. Bi armaden ituna hausten da, eta, azkenik, Turno erregea hiltzen du Eneasek. Garaipenarekin heroiak Lavinia Lazioko printzesa eskuratzen du emaztegai gisa.

Virgilioren arabera, Augustoren erromatar leinuak Venusengan du jatorria, Eneasen seme Askaniogan bidez hain zuzen ere, Erroma hiria sortu omen baitzuen.