Edukira joan

Txikipedia:Gaita nafarra

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gaita nafarra aerofonoen familiako mihi bikoitzeko musika-tresna da, dultzaina bezala.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaita mihi bikoitzeko kono formako aerofonoa da. Osagaiei dagokionez, pita, tutua eta notak emateko zuloak ditu, dultzainak bezala. Horrez gain, Nafarroako gaitarien artean ohitura zaharra da ere beste osagai hau:

  • Katea-txapa. Kasu askotan, tutua (behealdetik) eta pita lotzen dituen mutur batean txapadun katea izaten dute. Gaur egun estetikoa besterik ez bada ere, gure ustez lehen beste bi arrazoirengatik erabiliko zen:
    • Bata, pita babesteko. Kontuan hartu behar dugu garai batean tudela eta tutuaren arteko lotura ez zela gaur egun bezain sendoa, eta pita atera, lurrera erori eta puskatzeko arrisku handia zegoen. Katearekin pita zintzilikaturik geratzen da lurrera erori gabe.
    • Bestea, pita-tudela heltzen duen txapa. Gure ustez, garai batean txapa honek munduko beste tokietan gaur egun halako soinu-tresna jotzaileek ematen dioten funtzio bera izango zuen, hau da, ezpainetako tope eta euspena.

Nola jotzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean, digitazioa, haize emisioa eta gainontzeko jotzeko teknikak dultzainarenak  bezalakoak dira.

Bere errepertorioa jotzeko behar delako, “zejilazko” ala zulo-erdiko digitazioen bidez, eskala kromatikoa lor daiteke. Honela jotzen dute modu maior eta minorrean edo tonu desberdinetan.

Talde mota desberdinak osatuz agertzen da: gaita-dultzaina bat eta danborra izan da toki eta urte askotan gehien ikusten zena. Gaur egun, talde arruntena bi dultzaina-gaita (bi ahotsetan joaz) eta danborrak osaturikoa da.

Noiztik jotzen da nafar gaita?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentu zaharretan ikus dezakegun bezala, gaita-dultzaina aspaldidanik Euskal Herri osoan erabili izan da. Idatzitako dokumentu horietan, ez da beti garbi agertzen “gaita” hitzaren azpian zein soinu-tresna dagoen; dultzaina ala xirolarrua.

Nafarroako gaiteroak aspaldidanik ezagunak dira haien lurretatik kanpo. Gipuzkoako eta Bizkaiko kaletar inguruetan esate baterako, nahiz eta inguruan bertako “herri-dultzaineroak” eduki, festa handi eta nagusietarako Nafarroakoak (esaterako, Lizarrakoak) ekartzen zituzten.

Musikari hauen errepertorioa txistulari kaletarren kasuan bezala oso bariatua eta garaiko estiloei lotua da. Ikusten da gaiteroek kanpotik etorritako eta modan zeuden doinu eta dantzak azkar asko bere egiten zituztela. Horrela, bertako musika eta erritmoez gain, sonatak, polkak, mazurkak, habanerak, rigodoiak, pasodobleak, schotisak etabar dira beraien errepertorioa osatzen dutenak.

Jotzeko maila tekniko altuena XIX. mendean lortu omen zen, Lizarrako Julian Romano (1831-1899) gaiteroaren partiturek erakusten dutenez. Gaur egun ez dira gaitero-dultzainero asko partitura horiek ondo jotzeko gai direnak.