Txikipedia:Gaixotasun infekzioso

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txertoak jarriz gaixotasun infekzioso asko prebenitu daitezke

Gaixotasun infekziosoak mikrobioek sortzen dituzten gaixotasunak dira. Gogoratu mikrobioak izaki bizidun txikienak direla, guk begi hutsez ikusi ezin ditugunak, mikroskopioarekin soilik ikusgai direlako.

Gaixotasun infekzioso asko daude. Ezagunenetako batzuk gripea, hotzeria, COVID 19a, faringitis, tetanos, errubeola, malaria edo barizela dira. Gaixotasun infekzioso ugari kutsakorrak dira: horrek esan nahi du pertsonen artean kutsatu daitezkeela (mikrobioak pertsona batetik bestera pasatzen dutelako): gripea, COVID 19, faringitis... Baina badaude beste gaixotasun infekziosoak pertsonen artean kutsatzen ez direnak (tetanosa edo malaria, adibidez).

Mikrobio guztiek ez dituzte gaixotasun infekziosoak sortzen. Soilik mikrobio gaiztoek sortzen dituzte. Mikrobio gaizto horiei medikuek "patogeno" deitzen diete.

Patogenoen artean badaude bakterio batzuk, birus batzuk, onddo batzuk eta parasito edo bizkarroi batzuk.

Gaur egun gaixotasun infekzioso gehienak prebenitu edo senda daitezke. Gaixotasun infekziosoak prebenitzeko txertoak erabiltzen dira. Txertatuta dauden pertsonak babestuta daude eta ez dute gaixotasun infekziosoa harrapatuko, edo harrapatzen badute askoz arinagoa izango da. Gaixotasun infekziosoak sendatzeko, aldiz, botika batzuk erabiltzen dira: antibiotikoak, adibidez.