Wikipedia, Entziklopedia askea

Haur eta gazte literatura

Irakurle gaztetxo batzuk.

Haur eta gazte literatura bereziki haur, gazte edo nerabeei zuzendutako literatura da. Haur literaturaren barruan istorioak, maitagarrien ipuinak, alegiak, poemak eta eleberriak sartzen dira. Fikziozkoak ez diren lanak ere sartzen dira literatura mota honetan, historia, zientzia eta beste gai batzuk lantzen dituztenak.

Haur literatura irakurle gazteenentzat egoten da idatzita eta askotan marrazkiak eta irudiak izaten ditu, testu gutxirekin. Gazteentzako liburuek, berriz, ez dute marrazkirik izaten edo gutxi izaten dituzte eta testu gehiago izaten dute.

Historia pixka bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela mende gutxi batzuk arte, haur eta gazteentzako liburu gutxi idazten ziren. Bereziki umeei zuzendutako lehen literatura-lana XVII. mendean argitaratu zen Europan. Lehen idazki horietako gehienek, ordea, ez zuten helburutzat haurrak entretenitzea, heztea baizik.

XVIII. mendean haur eta gazteek irakurtzen zituzten liburu asko berez nagusientzat idatzita zeuden. Pertsonaia interesgarriak zituzten abenturazko istorioak ziren. Adibidez, Daniel Defoeren Robinson Crusoe (1719) liburuak irla desertu batean dagoen naufrago baten historia kontatzen du. Mota horretako beste liburu bat Jonathan Swiften Gulliverren Bidaiak (1726) izan zen; liburu honetan bidaiari batek lurralde arrotzetan izandako abenturak kontatzen dira.

XIX. mendean, haurrentzako liburuek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten eta idazleak istorio interesgarriagoak eta irudimentsuagoak idazten hasi ziren. XIX. mendeko haurrentzako liburu asko oso ospetsuak dira gaur egun ere; adibidez, oraindik haur askok atsegin handiz irakurtzen dute Lewis Carroll idazle ingelesaren Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian (1865).

XIX. mendeko haur liburu asko maitagarri-ipuinen eta ipuin herrikoien bildumak ziren. Haurrei beti gustatu zaizkie mota horretako istorioak, hau da, izaki magikoak, hitz egiten duten animaliak eta alegiazko lekuak dituztenak. Wilhelm eta Jacob Grimm anaia alemaniarrek antzinako Alemaniako maitagarri-ipuinen bilduma bat argitaratu zuten 1812an; gaur egun, Grimm anaien ipuinak deitu ohi zaio bilduma horri. Liburu honetan biltzen dira gaur egun mundu osoan ezagunak diren ipuin batzuk, hala nola Edurnezuri eta Errauskine.

XX. mendean, haur eta gazteentzako liburuak nabarmen ugaldu ziren eta liburu asko argitaratu ziren. Herrialde askotan, ipuin herrikoiak bildu eta argitaratu zituzten, munduko beste haurrekin istorioak partekatu ahal izateko.

Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan, garai horretako haur literaturaren parte handi bat fantasiazko munduetako pertsonaia interesgarrietan zentratzen zen. Horren adibide dira L. Frank Baumen OZeko aztia (1900) eta A.A. Milneren Winnie the Pooh (1926).

XX. mendeko haur eta gazte literaturako beste liburu batzuek nagusitzearen zailtasunei aurre egiten dieten pertsonaia errealistak erakutsi zituzten, esate baterako, Lucy Maud Montgomeryren Ane Teila Berdeenak (1908), Katherine Patersonen Terabithiaranzko zubi batek (1977) eta Judy Blumen eleberriek. XX. mende bukaeran eta XXI. mende hasieran, J.K. Rowlingen Harry Potter liburuek istorio magikoak kontatzen zituzten, baina gazteen emozioak modu errealistan ere erakutsiz.