Wikipedia, Entziklopedia askea

Homo habilis

Eduki-taula

Homo habilis baten ustezko itxura.

Homo habilis gizakia duela 2,5 eta 1,8 milioi urte bitartean bizi izan zen Afrikan. Izenak “gizaki trebea” esan nahi du, tresnak egin eta erabiltzeko gai zelako.

Tresnak egiten jakitea funtsezkoa izan zen gizaki primitibo hauen biziraupenerako: ez zuten atzapar zorrotzik ezta hortz gogor eta zorrotzik ere; ez ziren beste animaliak baino handiagoak ezta indartsuagoak; ezin zuten oreinek edo antilopeek bezain azkar korri egin. Baina hezur eta harrizko tresna eta armak sortzeko beharrezko adimena zuten. Tresna horiekin gizaki primitiboak animalia batzuk harrapatu eta hil zitzakeen jateko; baina, batez ere, harrizko aizkora eta lantzak erabil zitzakeen eraso egiten zioten animaliengandik babesteko.

Homo habilis 1,20 eta 1,50 m inguru luze zen eta 30 eta 40 kg inguru pisatzen zuen, txinpantze batek baino zertxobait gutxiago. Hala eta guztiz ere, txinpantzearena baino garun handiagoa zuen. Burmuin garatu horri esker egin zitzakeen egurrezko edo harrizko tresnak. Gainera, ia zutik ibiltzeko gai zen, txinpantzeek ezin duten eran.

Homo habilisaren hortzek orojale edo omniboroa zela adierazten dute; hau da, denetik jaten zuen, fruituak, sustraiak eta animalia txikiak; sarraskijalea ere bazen: hots, beste animaliek ehizatzen zituzten animalien hondarrez aprobetxatzen zen. Sortzen zituen tresnak, bestalde, oso baliagarriak ziren haragi zatiak mozteko eta hildako animalien hezurrak apurtzeko.

Homo habilisa historiaurreko beste gizaki-espezieekin batera bizi izan zen; besteak beste, Australopithecus, Homo rudolfensis edo Homo ergaster-ekin.

Zientzialari batzuen ustez, Homo habilisak ez zekien sua pizten. Baina sua erabiltzen zuen, tximista batek jota zer edo zer sutan zegoenean.

Sua oso baliagarria zen Homo habilisarentzat, animalia gehienak uxatzen baititu; horregatik, arretaz zaintzen zituzten piztuta mantentzeko. Batzuek Homo habilisari haitzuloetako gizaki deitu izan diote. Seguraski ez da egia. Janaria bilatzeko etengabe mugitu behar zutenez, ezin ziren beti leku berean bizi. Gainera, haitzuloak zenbait harrapari izugarri arriskutsuren bizilekua ere badira; hala nola, hartzak eta lehoiak, eta ondorioz, Homo habilisa ziur aski ez zen maiz sartzen haitzuloetara.