Txikipedia:Nabarmendutako artikulua/2024/05

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lurrikara edo seismoa lurrazalak izaten duen mugimendu edo astinaldi indartsua da. Lurrazala hainbat plaka edo blokez eginda dago; plaka tektoniko deitzen diren horiek mugitzen dira, oso poliki, baina batzuetan talka egiten dute batak bestearen kontra punturen batean. Normalean, talka horiek failetan gertatzen dira, hau da, lurrazala osatzen duten plaka tektonikoen arteko arrakala edo pitzaduretan.

Talka edo astinaldi bortitz hori Lurraren barruan gertatzen da, eta uhin batzuk sortzen ditu; uhin horiek hedatzen joaten dira, eta, lurrazalera iristean, lurrazala dardaraka bezala hasten da.

Hipozentroa eta epizentroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrikara sortu den puntuari hipozentroa deitzen zaio. Hipozentroa Lurraren barruan egoten da.

Hipozentroaren gainean lurrazalean dagoen puntuari, berriz, epizentroa deitzen zaio. Lurrikara bat gertatzen denean, batzuetan, kalte handiak eta hildakoak ere gertatzen dira epizentroan dauden hirietan eta haien eraikinetan; beste batzuetan, lurrikara itsasoan edo itsasotik hurbil gertatzen denean, olatu handiak sor daitezke, tsunami deitutakoak, eta horiek ere kalte handiak eragin ditzakete itsasertzaren kontra jotzen dutenean.