Wikipedia, Entziklopedia askea

YouTube

YouTuberen logoa.

YouTube milioika bideo dituen webgune ezaguna da. Bideo gehienak ingelesez daude, baina asko euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan ere badaude. Telebistan ez bezala, edonork argitaratu dezake bideo bat Youtuben.

Bideo asko nahiko laburrak dira, baina luzeagoak ere badaude, adibidez, sukaldaritzako errezetak edo matematikako zein eskolako beste eduki batzuk azaltzen dituzten bideoak. Izena ingelesezko bi hitzez osatuta dago: "You" hitzak "zu" esan nahi du eta "Tube" hitzak, berriz, "hodi". Izan ere, lehenagoko telebista-pantailen gainazalaren atzean hodi bat egoten zen eta ondorioz, hitzak esan nahi duena zera da: erabiltzaileak bere telebista propioa sortzen duela.

YouTube 2005ean sortu zuten AEBetako hiru programatzaile gaztek, Chad Hurleyk, Steve Chenek eta Jawed Karimek, hain zuzen ere. Urte batzuk geroago, webgunea oso ezaguna egin zen eta Google enpresa handiak erosi zuen. Hori dela eta, oso aberatsak egin ziren hiru sortzaileak.

YouTubera bideoak igo nahi badituzu, lehenik eta behin, izena eman behar duzu. Ondorioz, erabiltzaile-kontu bat lortzen da, eta horrela " zure kanala" daukazu. Beste pertsona batzuek zure kanaleko bideoei buruzko iritzia eman dezakete eta zeinu batekin ona edo txarra iruditzen zaizkien adierazi. Zuk ere partekatu dezakezu beste pertsona batzuen bideoei buruzko zeure iritzia.

Noizean behin, bideoaren aurretik edo bideoan zehar iragarkiak azaltzen dira. Badira Youtuber ospetsu batzuk ere. Horietako batzuek hainbeste harpidedun dituzte, non diru asko irabazten duten beren kanalarekin. Dena den, Google da YouTubeko publizitatearen irabaziak jasotzen dituena.

Munduko bigarren webgune bisitatuena da Youtube, Google eta gero. Hilero, mundu osoko 2.000 milioi ikusletik gora izaten ditu. 2020an, Interneteko erabiltzaileek mila milioi ordu baino gehiago igaro zituzten bertako bideoak ikusten egunero, eta segundo bakoitzean, guztira 80.000 bideo baino gehiago ikusi ziren (horien % 70 telefono mugikorretan).