Wikipedia, Entziklopedia askea

Zarrabete

Frantzian egindako zarrabetea

Zarrabetea igurtzitako hari-instrumentuen (kordofonoen) familiako musika-tresna da. Erdi Aroan Europan asmatu zela uste da.

Herrialdearen arabera izen desberdina hartzen du: hurdy-gurdy (ingelesez), vielle à roue (frantsesez), zanfona (gazteleraz), ghironda (italieraz)...

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Forma ezberdinetako erresonantzia kaxa eta leihoak izan ditzake. Gurpila eta biradera ditu, hariak igurzteko. Teklatu bat ere badu, notak zanpatu eta doinuak eman ahal izateko. Harien artean doinua ematen dutenak (kantariak) eta nota pedala ematen dutenak (bordoiak) bereizten dira; hauen kopurua tresnatik tresnara alda daiteke. Zarrabete batzuetan “zakurra” izeneko beste hari bat ere izaten da, erritmoa markatzeko zubi moduko mekanismoa duena. Bestalde, zarrabete modernoek sinpatiaz, zuzenean ukituak izan gabe, hotsa ematen duten hariak ere izan ditzakete.

Nola jotzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esku batekin biradera bati eraginez martxan jartzen den gurpilak hariak igurzten ditu; bitartean, beste eskuarekin teklatu batean notak pultsatzen dira. Eserita jo izan da, magalean harturik.

Zein da zarrabetearen historia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan aski zabaldua egon da eta X. mendeko organistrum-aren ondorengoa dela esan izan da. Itsu kontalariekin eta “literatura de cordel” deritzon generoarekin lotu izan da. Erromantze eta errezitatuak akonpainatzeko ere jotzen zen.

Zarrabetea euskal herri-musikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako ia herri guztietan aspaldidanik erabili izan dira halako soinu-tresnak. Euskal Herrian ere, XIX. mendera arte agertzen da dokumentu zaharretan. Gaur egun erabat galdua dago gure artean, baina gutxi bada ere, oraindik erabiltzen da Euskal Herritik gertu dauden herrialdeetan.

Euskal Herrian hainbat elizatan ikus ditzakegu zarrabete jotzaileak, besteak beste, Baionako katedralean, Iruñeko katedralean, Lizarrako San Migel elizan edo Guardiako Santa Maria elizan.

Entzun zarrabetearen musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen entzun dezakezu zarrabetea:

      Entzun!