Txinbo kaskabeltz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txinbo kaskabeltz
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaSylviidae
GeneroaSylvia
Espeziea Sylvia atricapilla
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa2,19 g (pisua jaiotzean)
18,1 g (helduen pisua)
Zabalera23 cm
Kumaldiaren tamaina4,5
Errute denbora13 egun

Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla) sylviidae familiako hegazti paseriformea da, Europako eskualde epeletan bizi dena[1]. Neurri ertain-txikiko txoritxoa (13-15 cm), Sylvia generoko ugariena. Kantari alaia, sarri ikusiko dugu zuhaitz eta sastraka artean jauzika, intsektu eta fruitu bila dabilen bitartean. Oro har arre-gris kolorekoa, buru gaineko lumengatik bereiziko ditugu: kaskabeltzak dira arran, kaskagorriak emeak (eta gazteak). Urte guztian bizi da Euskal Herrian. Arrunta (eta nahiko ugaria) da Euskal Herriko eskualderik gehienetan.[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txano beltz distiratsuagatik ez balitz, txinbo honen lumajea bere kideko txioen bezain zuhurra izango litzateke: goiko atalak gris eta arre-oliba arteko kolorekoa, garondoa, aurpegia, lepoa eta bularraren goialdea gris-errauts kolorekoa, zuri zikin kolorez lausotzen sabelaldera. Alboak gris-oliba antzeko kolorekoak. Hegoak eta buztana, bizkarra baino zertxobait ilunagoak, moko iluna, iris marroia eta hankak gris-berun kolorekoak.

Txanoa, mokoaren oinarritik leporaino doa, begiaren altueraraino jaisten da, inoiz gainditu gabe, zozo-txinboan ez den gertatzen bezala, txikiagoa delako ere bereizten da, 14 cm-ko tamainakoa, eta kanpoko erretrikzetan ez duelako kolore zuririk.

Emeak, tonu marroiak ditu, arraren grisik gabea, ondo bereizten da txano arre-gorrixka duelako beltzaren ordez. Ez da erraza, dena den, emea bereiztea kumeetatik, txanoak kolore berdina baitu.[3]

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migratzaile partziala, Europako iparraldeko eta erdialdeko populazioak kontinentearen hegoaldera joaten dira negua pasatzera edo Mediterraneoa zeharkatzen dute Afrikan igarotzeko denboraldi hotza. Gure txinbo kaskabeltzak berriz, sedentarioak izan behar dute gehienbat.

Txinbo guztiak bezala hegazti aktiboa da, beti mugimenduan. Adarrez adar ibiltzen da zuhaitz eta zuhaixken hostoetan zehar, eta arretaz ikuskatzen ditu, tarteka hosto baten azpialdean ezkutatuta dagoen intsekturen bat harrapatzeko geldituz. Bere ikuskapena bukatzen duenean, hurbileko beste zuhaitz batera pasatzen da, hegaldi labur eta zuzen batean, janari bila berriro hasteko. Ez du atsegin espazio irekietan zehar hegaldi luzeetan ausartzea.

Intsektu ugari harrapatzen ditu: euliak eta eltxoak, landare-zorriak, beldarrak eta tximeletak, kakalardoak eta inurriak, baina aldi berean, fruituen kontsumitzaile handia da. Pikuak, gereziak, aranak, eta zuhaitz eta zuhaixken mota guztietako baia haragitsuak oso gustuko ditu, basatiak zein edergarriak: intsusa, huntza, arbustu eta mihura, besteak beste.

Martxo-apiril inguruan habia egiten hasten da, arra lurralde baten jabe eginez. Habiaren eraikuntza emeak egiten du gehienetan, eta udaberri hasieran hasten denez, hosto iraunkorrak dituzten zuhaixketan finkatzen du normalean (huntza, ezpela, haginak, erramuak, konifero txikiak, etab.), hostoerorkorrak oraindik hosto gabe daude eta ez dute estaldura egokirik eskaintzen. Normalean erabiltzen dituen materialak sustraiak, belar lehorrak. eta ileak izaten dira.

Bi sexuek 12 eta 14 egun bitartean inkubatzen dute errunaldia, 4 edo 5 arrautza zuri-berdexka kolorekoak, orban arre eta gris kolorekoekin. Beste 12 egun ondoren txitak utzi egiten dute habia, nahiz eta gurasoek beste aste pare batez elikatzen jarraitzen duten arren.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ugaltze eremua Europa osoan hedatzen da, Afrikako ipar- mendebaldean eta Asia mendebaldean Siberiara arte, klima boreal, epel eta mediterraneoetan. Europan baso-txinboak baino latitudean zertxobait gutxiago igotzen du, baina Mediterraneoko eremu osoa okupatzen du. Oso ohikoa Iberia hezean, zenbat eta hegoalderago eta ekialderago kokatuago, Andaluziako eta Levanteko eremuetan ez da ageri.

Zalantzarik gabe Euskal Herriko txinborik ugariena da. Gure lurralde osoan banatuta dago, nahiz eta ugariagoa eta hobeto banatuta dagoen Kantauri isurialdean eta Arabako iparraldean. Mota guztietako zuhaitzak, heskai eta zuhaixkak, sastrakak, zuhaixka garaiak, parke eta lorategiak, fruta-baratzeak, okupatzen ditu, edozein altitudetan.

Kantauri azpiko eremuan ugaria izaten jarraitzen du zuhaitz gehienetan, baita tamaina oneko sastraketan ere. Urria da bakarrik nekazaritzarako eremu zabaletan, zeinetan lursailen kontzentrazioak eta ibaien zuzentzeak basotxoak eta ibaiertzeko zuhaitz eta sastraken mugak ezabatu dituen.

Kokatuagoa, baina oraindik ohikoa, Ebro Haranean, sastraka eta makaletan, baratzeetan, eta sastraka ona duen beste edozein baso-eremutan. Txioa baino moldagarriagoa da Mediterraneoko baldintzetara, artederretak, artadiak eta sastraka altuak ere okupatzen ditu.

Beste izen batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz izenak beste aldaera batzuk jaso ditu: Burubeltz, Kaskabeltz, Lahartzatxori, Marugatxori, Pikutxori, Sasitxinbo, Sasitxori, Txat, Tximutxa, Txinbo, Txinbo burubeltz, eta Txirabo.[2]

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Shirihai, H.; Gargallo, G.; Helbig, J. A.. (2001). Sylvia Warblers: Identification, Taxonomy and Phylogeny of the Genus Sylvia. in: The Sylvia Warblers Monograph. Londres: A & C Black.
  2. a b Txinbo-kaskabeltza txoriak.eus webgunean (2017-07-25)
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 267 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.