Williams udarea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aldaera berdea eta gorria.

Williams udarea, Bon chrétien edo Bartlett udarea Europako udareondoaren (Pyrus communis) kultibar bat da, Asiatik kanpo gehien hazten dena. Kanpaia eitea dauka, Mendebaldean udarearen itxura arruntzat jotzen dena. Azal berdea horitzen da umotzean, nahiz eta azal gorrikoak ere badauden. Udakotzat hartzen da, ez baitio hotzari eusten beste aldaera batzuek bezain ongi.

Ezezaguna da aldaera honen jatorria.

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Bon Chrétien" (kristau ona) izena Frantzisko Paolakoagatik hartzen du. Hura gizon santu bat izan zen, Frantziako Luis XI.ak bere ondora ekarrarazi zuena hilurrenetan, 1483an, senda zezan. Paolakoak Calabria jaioterriko udare-hazi bat eskaini zion erregeari, eta irakatsi nola landatu eta hazi. Hortik etorritako udareei "Bon chrétien" deitu zitzaien.

Williams udarea, ustez, 1770 inguruan sortu zen Aldermastonen (Ingalaterra)[1]. Hortik, Williams izeneko hazle batek aldaera hori erosi eta herrialdean barna zabaldu zuen. Horren ondorioz, Williams deitu zitzaion.

1799an Williams udareko zenbait arbola inportatu ziren Estatu Batuetara, Massachusettsen landatzeko. Lur horiek, gero, Enoch Bartlett izeneko nekazari batek erosi zuen, eta, jakin gabe nondik zetozen udare haiek, Estatu Batuetan barna zabaldu zituen. 1828ra arte inor ez zen ohartu Bartlett eta Williams udareak aldaera bera zirela[1]. Ordurako, Bartlett udareak ospea zeukan AEBn eta Kanadan, eta izen horri eutsi dio.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]