Zarauzko balea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Balearen hezurdura, Donostiako Aquariumean
Balearen hezurdura, azpitik behatuta, Donostiako Aquariumean

Zarauzko balea edo 1978ko balea 1878ko otsailaren 11n Zarauzko itsasertzean harrapatutako balea da. Euskal kostaldean balea-arrantza sistema tradizionala erabiliz harrapatutako azken balea izan zen. Ezaguna da zarauztarren eta getariarren arteko enegarren tirabira eragiteagatik.[1]

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1878ko otsailaren 11n Zarauzko itsasertzean azaldu zen balea. Bertara heldu ziren Zarauzko eta Getariako traineruak, baita Oriokoak ere. Getariako eta Zarauzko eskifaiek konpainia egin zuten eta Getariarrei egokitu zitzaien lehen arpoia sartzea. Lehen arpoia sartzeak berebiziko garrantzia zuen, balearen salmentan irabazien zati handiena traineru hari baitzegokion.

Getariarrek ez zuten lehen arpoia sartzen asmatu. Zarautzen esan ohi da getariarrek Balearri izeneko arrokari eman ziotela. Arroka hau marea bizitan soilik ikus daiteke eta bale baten bizkarraren itxura du. Ondorioz, zarauztarrek sartu zioten lehen arpoia baleari, hain zuzen, Roke Etxabek. Zarauztarrei, baina, arpoia eusteko zerabilten estatxa eten egin zitzaien. Balea getariarren eta oriotarren artean errematatu zuten Moilarri parean.[2]

Zarauzko arrantzaleek Zarautzera eraman nahi zuten harrapatutako balea eta Getariakoek Getariako portura. Azkenean, Getariara eraman zuten. Zarauzko eta Orioko arrantzaleek, baina, azkar erreakzionatu zuten eta auzitara eraman zituzten getariarrak.

Epaiketa luzatzen joan zen, bateko eta besteko apelazioak medio, eta 1979ko uztailaren 29an Azpeitiko Epaitegiak Getariarrei eman zien arrazoia. Getariako Udaleko udal-akta batek epai honi egiten dio erreferentzia eta 2.800 erreal kuartoko diru-laguntza ematen die getariar arrantzaleei auzian izandako gastuak ordaintzen laguntzeko. Dena den, bada beranduagoko epai bat, Iruñeako epaile batek egina, zeinak arrazoia zarauztarrei ematen dien.

Balea, epaiaren zain, Getariako portuan usteldu zen. Hezurdura bakarrik geratu zen eta hau Donostiako Udalak erosi zuen. Hau da gaur egun Donostiako Aquariumean dagoen bale-hezurdura.

Peritoek balea 6.200 pezetetan balioztatu zuten. Dena den, 1928ko otsailaren 15ean "Konta Katillu"-k La Constancia: diario integro fuerista-n idatzitako artikuluan bale hura Donostiara eraman eta han erakutsi izan balitz 30.000 pezetatik gora irabazi ahalko zirela baieztatzen du.[3]

Abestia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Getarian eta Zarautzen bada haurrek elkar zirikatzeko erabilitako kantutxo bat, honela dioena:[1]

« Zarauztarrak / Getaiarrak txoruak balia hiltzera, arpoi amots-amotsa harriai sartzera. »

Bertsoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Roke Etxabek 22 bertsoko sorta epikoa idatzi zuen, Zarauzko balearenak izenekoa, gertakariak adieraziz. Garaian idatziz argitaratu ez baziren ere, ahoz zabaldu ziren eta belaunaldiz belaunaldi pasatu ziren. Hori dela eta, bertsoen hamaika bertsio aurki daitezke Zarautzen.

Lehen bertsoa 1854an Donostian harrapatutako balearen bertsoen berdin-berdina da. Argi eta garbi ondoriozta daiteke Roke Etxabe bertso horietan oinarritu zela Zarauzkoak egiteko.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Alberdi, Xabier; Perez, Suso. (2012). «Getariarrak eta zarauztarrak balea-arrantzan haserre» Artzape 117.
  2. «Xabier Alberdi: "Euskal arpoilariak oso kotizatuak izan ziren"» EITB 2021-05-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  3. Artetxe, Oihana. (2017). «Getaria eta baleak» Ereiten.
  4. Zabala, Antonio. (1978). «Zarautz'ko balearenak» Arrantzaleen bizitza. Auspoa Liburutegia, 28-73 or. ISBN 8471580578..