AlphaSmart

Wikipedia, Entziklopedia askea

AlphaSmart deritzo testuak prozesatzeko bateriadun teklatu eramangarri bati, NEO Direct Inc. enpresak sortua (lehenago beste izen hauek izan zituen enpresak: Renaissance Learning, Inc, AlphaSmart, Inc., Intelligent Peripheral Devices, Inc.). 2013ko irailaren amaiera ezkero, ez da egiten marka horren modelorik, nahiz eta oraindik ere enpresak eskaini zerbitzua eta softwarea erabiltzaileei. [1] Azken aldian kultuzko marka bihurtzen ari da bat ere distrakzio barik idatzi nahi duten idazle eta kazetari zenbaiten artean, teklatuak ez dauka-eta ez Internetik, ez eta bestelako arreta-zurrupatzailerik ere, ohiko ordenagailuetan aurki daitezkeenak. [2][3][4] Oraindik ere eBay online-dendan eros daiteke.

AlphaSmart Neo

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AlphaSmart teklatuak aukera ematen zuen edozein tokitan lan egiteko, ordenagailu eramangarri bat bailitzan, baina bertan idatzi baino ezin zen egin, funtsean idazmakina digital batek bezala egiten baitzuen lan. Dana gailua (AlphaSmart Inc. konpainiak egindako azkenetako bat) salbuespena izan zen, bertan Palm OS aplikazioak ere erabil zitezkeen-eta. AlphaSmart, Dana eta NEO helburu mugatuetarako eginak zirenez gero, ohiko ordenagailu eramangarriak baino dezente merkeagoak ziren. Gailu horiek eginak ziren ordenagailu bateko testu prozesatzaile batera transferitu eta editatzeko edo, beste barik, inprimagailu batean inprimatzeko, datu-transferentzia ADB, PS/2 edo USB bidez eginda. AlphaSmart teklatuak gordetzen zuen takateko bakoitza makinaren RAM memorian, zeina ordezko pila batek mantentzen baitzuen, baita itzaltzen zenean ere.

AlphaSmart gailuak oso popularrak izan ziren Ipar Ameriketako eskoletan, merkeak eta iraunkorrak zirelako. Erabili ziren oinarrizko hezkuntzan eta institutuetan, bereziki hezkuntza berezian, idazteko arazoak zituzten ikasleekin.

Halaber, makina horiek popularrak izan ziren kazetarien eta idazleen artean, eraman-errazak zirelako, teklatu osoa zeukatelako eta bateriak luze irauten zuelako. [5]

Enpresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intelligent Peripheral Devices, Inc. enpresa Ketan Kothari eta Joe Barrus ingeniariek sortu zuten 1992an, biak Apple Computer enpresan lan egindakoak, misio honekin: “sortzea eta merkaturatzea ikasteko soluzio pertsonal merke eta eramangarriak ikasgelarako” eta “banatzea konputatzeko makina merke, arin eta iraunkorrak, hedagarriak, erabilerrazak eta iraupen luzeko bateriak dituztenak”. Enpresa sortu eta berehala, Ketanen anaia bat, Manish, elkartu zitzaien. Geroago, konpainiaren izena aldatu, eta AlphaSmart Inc. izendatu zuten.

2004ko otsailaren 6an AlphaSmart konpainiak eskaintza publikoa osatu, eta NASDAQ balioen merkatuan hasi zen kotizatzen, ALSM sinboloarekin. 2005eko ekainean Renaissance Learning konpainiak erosi zuen. 2009ko udaberrian izena aldatu zitzaion beste behin, oraingoan NEO Direct, Inc. Aurrerago enpresak Neo2 eta 2Know Responder aparailuak kaleratu zituen.

AlphaSmart Produktuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AlphaSmart. Jatorrizko AlphaSmart ordenagailuaren teklatu osagarria 1993ko abuztuan kaleratu zen, eta soilik lan egiten zuen Apple Macintosh eta IIGS ordenagailuetan, Apple Desktop Bus (ADB) izeneko atakan entxufatuta. Modelo horrek eskaintzen zuen 16 orrialdeko memoria (32.000 byte), 8 artxibotan banatuta (2 orrialde artxiboko), zeinetara irits zitekeen funtzio-tekla bat sakatuta.

AlphaSmart Pro. 1995eko otsailean AlphaSmart Pro kaleratu zen. Aurrekoaren ia berdina zen, baina PS/2 ataka bat gehitu zitzaion. Horrek konpatible egin zuen Windows PC ordenagailuekin eta Apple IIGS nahiz Macintoshekin.

AlphaSmart 2000. 1997ko urrian, AlphaSmart familiaren hirugarren belaunaldia aurkeztu zen, AlphaSmart 2000, diseinu ergonomikoarekin, eta ezaugarri gehiagorekin, hala nola korrektorea eta zuzenean inprimatzeko aukera, besteak beste.

AlphaSmart 3000. 2000ko urtarrilean konpainiak AlphaSmart 3000 plazaratu zuen, zeinak erabiltzen zuen AlphaSmart 2000ren txasis berdina, baina oraingoan plastiko kaxa zeharrargitsu batean babestuta, garai hartako lehen iMac ordenagailuen tankeran. Hainbat funtzio gehitu zitzaizkion, hala nola 5 funtzioko kalkulagailu bat, bateria iraunkorragoa, kopiatu, moztu eta pegatzeko aukera. Bertan 100 bat orrialde idatz zitezkeen.

2006ko apirilaren 30ean enpresak iragarri zuen ez zuela gehiago egingo AlphaSmart teklaturik.

Dana. 2002ko ekainean AlphaSmart konpainiak Dana kaleratu zuen, oso bestelako produktua, ordura artekoekin konparatuz gero. Lehen Dana hura Palm OS gailu bat zen, ukipen-pantaila eta guzti, eta aukera ematen zuen pantailan bertan idazteko edo, nahi izate aldera, teklatuan. Urtebete geroago, konpainiak Dana Wireless modeloa atera zuen, Wi-fi konexioarekin eta RAM memoria bikoiztuta (16 MB).

Neo izeneko modeloa 2004an plazaratu zen, eta bertan 200 orrialde bete testu idatz zitekeen. Bere LCD pantaila AlphaSmart 3000koa baino %50 handiagoa zen. Sistema eragile berria zeukan, Dana gailuaren antzeko itxura eta CPUrekin. 2013ko irailean Renaissance Learning konpainiak jakinarazi zuen ez zuela gehiago egingo Neo2 teklatua. Hala ere, segitu du zerbitzua eskaintzen erabiltzaileei.

Kultuzko marka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken aldian AlphaSmart kultuzko marka bihurtzen ari da bat ere distrakzio barik idatzi nahi duten idazle eta kazetari zenbaiten artean, teklatuak ez dauka-eta ez Internetik, ez eta bestelako arreta-zurrupatzailerik ere, ohiko ordenagailuetan aurki daitezkeenak. Oraindik ere eros daiteke eBay eta beste online-dendatan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «neo-direct.com» www.neo-direct.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  2. (Ingelesez) Wilson, Jason. (2018-10-28). «We're winning the war on Word, fellow writers. Enjoy the freedom | Jason Wilson» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  3. (Ingelesez) «AlphaSmart - Writing Tools» Flickr (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  4. «Distrakzio barik idazteko» Faroa 2018-10-29 (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  5. «Page of Interest to Writers» www.chetscorner.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]