Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal Herriko historia 100 objektutan.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) ekimen berria abiatu du bere 2024-2027 egitasmoaren baitan: Euskal Herriko historia 100 objektutan. Orain arte Euskal Herrian egin gabeko ekimena da, Erresuma Batuan BBCk eta British Museumek egindakoan oinarritua. Museoetan dugun aberastasunaren bidez gure herriko historiari buruzko 100 pasarte kontatu nahi ditugu, Wikipedia baliatuz, esperientzia multimedia baten bidez.

100 objektuak[aldatu iturburu kodea]

Historia aberatsa dugu euskaldunok. Paleolitotik mundu garaikidera milioika objektu sortu ditugu. Batzuk euren funtzioarengatik diseinatu eta sortu ditugu, beste batzuk balio estetiko edo erlijiosoagatik. Badaude funtzio ezezaguna dutenak, eta badira etxe guztietan aurki daitezkeenak. Badira balio sinboliko handia dutenak, eta arretarik jarri ez dizkiogunak. Objektu horietako asko daude museotan ikusgai, gure geografia osoan zehar. Ekimen honen helburua katalogo bat egitea da, egin daitezkeen katalogo guztien artean. Etorkizunean, nahi duen orok, beste zerrenda bat egin lezake, baina hau da hemen eta orain auzolanean guk eraikiko duguna. EWKE Euskal Herriko museoekin lanean egongo da hurrengo urteotan, bakoitzak dituen harribitxi horiek ezagutarazteko asmoz. Gure helburua elkarrekin zerrenda osatzen joatea izango da, museo bakoitzarekin lanean. Bitartean, museo horretako bilduma Wikipedian hobeto ezagutarazteko aukera izango dugu. Argazki, testu eta katalogoen eskuragarritasuna handituz.

Inspirazioa eta aurrekariak[aldatu iturburu kodea]

Ekimen honen inspirazioan A History of the World in 100 Objects dago, British Museumek eta BBCk 2010ean elkarrekin egindako seriea. Museoak dituen munduko osoko piezetan oinarritua, ibilbide bat, erakusketa ibiltari bat, liburu bat eta podcast bat abiatu zuten, Neil McGregorren zuzendaritzapean. McGregorrek horrela azaldu zuen ekimena:

« Telling history through things, whether it's an Egyptian mummy or a credit card, is what museums are for, and because the British Museum has collected things from all over the globe, it's not a bad place to try to tell a world history. Of course, it can only be "a" history of the world, not "the" history. When people come to the museum they choose their own objects and make their own journey round the world and through time, but I think what they will find is that their own histories quickly intersect with everybody else's, and when that happens, you no longer have a history of a particular people or nation, but a story of endless connections. »


2013an A History of Ireland in 100 Objects proiektua abiatu zuten The Irish Timesek eta Irlandako Museo Nazionalak. Egunkariko erreportaiez gain, doan jaisteko liburu bat eta posta-zigiluen serie bat ere ekoiztu zen 100 objektu horiekin. 2018an Cymru Mewn 100 Gwrthrych liburua aurkeztu zen Galesen, oinarri berberarekin: museoetan edo leku publikoetan erakusgai dauden 100 objektuekin historia kontatzea. 2023an Annabelle Hirschek Emakumeen historia 101 objektutan aurkeztu zuen, kontakizun feminista egiteko aukera ematen zuena.

Aurkezpen moduak[aldatu iturburu kodea]

Proiektuaren orrialdea[aldatu iturburu kodea]

Ikusten ari zaren hau da sarbiderako gune nagusietako bat. EWKEk egiten dituen proiektu gehienei "WikiProiektu" izena ematen die, eta orrialde berezi batean jasotzen dira emaitzak. Proiektuaren orrialdeak ikuspegi orokorra emango du, objektu bakoitzerako sarbidea, eta egiten dugun beste edozein baliabiderako lotura. Denbora-lerroak edo mapak ere bertan izango dira, objektu bakoitzaren kokapena azalduz.

Wikipediako artikuluak[aldatu iturburu kodea]

Objektu bakoitzak artikulu bat izango du Wikipedian, bere ezaugarriak eta historia kontatuz, eta berarekin kontatu nahi dugun historia jasoko duena. Artikulu hauek museoekin batera landuko ditugu, batez ere, baina Unibertsitate edo Bigarren Hezkuntzako ikasleen parte-hartzea ere egon daiteke, baliabideak hobetzeko helburuarekin.

Artikuluetan txertatuko dira proiektuaren irudi orokor bat, txantiloi bat kalitate handiko irudi batekin (museoarekin landu beharrekoa), eta egiten diren multimedia produktuak. EWKErentzat artikulu hauek dira ibilbidearen muina.

Objektu guztiak, aldi berean, Txikipedian egongo dira, azaltzeko modu egokituarekin, eta baliabide digital ezberdinekin.

Multimedia aukerak[aldatu iturburu kodea]

2022an Ikusgela izeneko multimedia proiektua abiatu genuen, hainbat gairen inguruan bideo pedagogikoak egiteko helburuarekin. 2023an sortutako sail berri batek, "Zortziko Txikian" izenekoa, gai baten inguruko zortzi datu jasotzen ditu, minutu batean. 100 objektuentzat horrelako bideo bat egitea ez da guztiz bideragarria, baina ahalik eta objektu gehienek euren bideoa izateko helburua dugu.

Bestetik, BBCk egindako ideiarekin bat, artikuluek ere audio formatua izateko aukera dago, Podcast bezala bilduta, audio-sare nagusietan banatzeko.

Museoekin lantzerakoan, objektuen argazkiak Wikimedia Commonsera igoko ditugu, Creative Commonsen cc-by-sa-3.0 lizentzipean, baliabide gehiago ekoizteko aukera ematen duena. Lizentzia horri esker Wikipediak edukiak landu ditzake, bideoak eta bestelako baliabideak egin daitezke.

Bestelako baliabideak[aldatu iturburu kodea]

EWKEk esperientzia du Wikimedia eta hezkuntza batzeko proiektuetan. Uste dugu Wikipedia hezkuntzarako tresna bikaina dela, eta horregatik baliabideetan esfortzu berezia egingo dugu. Aurretik aipatutako Wikipediako artikulua, Txikipediako moldaketa eta Ikusgelako proiektuez gain, Unitate Didaktiko bat prestatuko dugu, irakasleek 100 objektuen inguruko lana eskolan ere egin dezaten, historia irakasteko beste modu bat.

Liburu formatua ere egokia izan daiteke, bilduma mugatu bat, museoetako liburutegietan egon dadin eta nahi duenak bere etxean edo eskolan ere izan dezan. Liburua, finean, Wikipediako materialen bilduma izango litzateke, beste modu batez aurkeztua. Beste baliabide posible bat karta-jokoa izango litzateke. 100 objektuen argazkiekin egindako kartek aukera ematen digute ikasteko eta ezagutzarekin interakzioa izateko modu berritzaileak asmatzeko.

Kanpo estekak[aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hezkuntza/Euskal Herriko historia 100 objektutan Aldatu lotura Wikidatan