Eskaintza eta eskaria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urdinez, eskaria kurba (D) eta gorriz eskaintza kurba (S) agertzen da. Eskaintza eta eskaria berdintzen direnean izango da merkatu-oreka: oreka prezioa 25 izango da eta guztira 75 unitate saldu eta erosiko dira.

Ekonomian, eskaintza eta eskaria eredu ekonomiko bat da, konkurrentzia perfektoko merkatu batean prezio edo salneurri ezberdinetarako ondasun baten eskaintza eta eskaria berdindu eta horrela, oreka egoera batean, guztira saldu eta erositako kopurua eta salneurria ematen dituena. Ondasun bakar bati buruzko eredua da eta beraz oreka partziala ematen du, ekonomia osorako bilatzen den oreka orokorrean ez bezala. Aldi berean, eredu mikroekonomiko bat da, kontsumitzaile eta ekoizle banakoen erabakietan oinarritzen den eredua delako. Eredu hau Alfred Marshall ekonomialariak planteatu zuen bere osotasunean lehen aldiz XIX. mendearen bukaeran. Aurretik, merkatuan eskaintza eta eskaria berdindu egiten zirela ezarri zuten beste ekonomialari zenbait ere izan ziren, Jean-Baptiste Say esaterako Sayren legea izenekoaren bitartez.

Eskaintza

Eskaintza-kurbak (S) ondasun baten ekoizpen jakin baterako (Q), ekoizleek eskatzen duten prezioa (P) irudikatzen du (x ardatzean, kopurua, y ardatzean prezioa). Zehatzago, ekoizpena zenbat eta handiagoa den, orduan eta prezio altuagoa beharko da. Arrazoia David Ricardo ekonomialariak plateaturiko errendimendu beherakorren legean datza: zenbat eta gehiago ekoiztu, errendimenduak gero eta txikiagoak dira, kostu marjinalak handiagoak eta beraz, prezio altuagoa ezarri beharko da ekoizpena errentagarria izan dadin. Hain zuzen, prezioa kostu marjinalarekin berdintzen deneko ekoizpena izango da eskaintza.

Eskaria

Kontsumitzaile bakoitzaren kasuan, gero eta baliagarritasun txikiagoa ematen dion ondasunaren beste unitate gehigarri bat kontsumituko du, baldin eta bere prezioa txikiagoa bada, eskarian edo ondasuna erosteko desiran utilitate marjinala eta prezioa berdindu egiten baitira. Horrela, ondasun baterako kontsumitzaile guztietarako eskaria-funtzio beherakorrak batuz, ondasunaren D eskaria-kurba lortuko da (x ardatzean Q kopurua, y ardatzean P prezioa), beherakorra baita ere: zenbat eta gehiago kontsumituko da, azken unitatearen prezioa orduan eta txikiagoa bada.

Merkatu-oreka

Eskaintza eta eskaria-kurbak (S eta D) ebakitzen diren puntuan, oreka bat suertatzen da: 25eko prezioan kontsumitzaileak erosteko prest dauden kopurua (75) eta prezio horretan ekoizleek ekoiztuko duten kopurua (75) berdindu egiten dira. Ondasun horretatik 75 unitate ekoiztu eta salduko dira, 25eko prezioan. Prezio altuagoan, kontsumitzaileak ez daude prest gehiago erosteko; eta prezio bajuagoan, ekoizleak dira gehiago ekoiztu behar ez dutenak.

Oreka-aldaketak

Eskaria-gehikuntzak

Salneurri jakinetarako eskaria handitzen bada (D1-etik D2-ra aldatuz), oreka-salneurria eta kopurua igo egiten dira.

Ondasun baten desira handitzen bada, kontsumitzaileak ondasunaren unitate gehigarri bakoitza ordaintzeko prest dauden prezioa handiagoa izango da, eskaria-kurba gora mugiaraziz (D1→D2). Horrela, prezioa igo egingo da eta ekoizleek gehiago ekoiztuko dute, kontsumitzaileek gehiago nahi dutelako.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eskaintza eta eskaria Aldatu lotura Wikidatan