Espainiaren arimaz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espainiaren arimaz
Datuak
IdazleaJoxe Azurmendi (2006)
Argitaratze-data2006
GeneroaSaiakera
Jatorrizko izenburuaEspainiaren arimaz
ArgitaletxeaElkar
HerrialdeaEuskal Herria
ISBN84-9783-402-5

"Espainiaren arimaz" Joxe Azurmendi zegamarrak idatzitako saiakera liburua da. Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua eta Volksgeist. Herri gogoa lanekin batera osatutako trilogiaren azken atala, argitaratzen lehena izan bada ere.

Espainiaren gaia, Espainia arazo gisa, Espainiaren gaitza, beheraldia, endekapena, gaixotasuna... obsesioraino errepikaturiko kontuak dira XIX. mende osoan eta XX.eko gehientsuenean, bertako intelektual guztiz gehienen artean. Unamuno zein Ortega y Gasset, Menéndez Pidal nahiz Menéndez Pelayo, edo Madariaga, Sánchez Albornoz, Costa, Ganivet, baita Baroja bera ere, garai bateko handitasunak ederresten eta egungo kaxkarkeriak deitoratzen enplegatzen dira ezker-eskuin, tradizonalista lotsakor eta faxista aitortuengandik hasita balizko progre eta liberal ustekoenganaino.

Berezitasuna, baina, ez da Espainiaren egoeraz eta geroaz kezkatzea, ardura horrek hartzen duen modua baizik: herriaren esentzia bilatu nahi dute denek, nazioaren arima, arrazaren jeinua, aberriaren espiritua... historian agertzen dena baina historiaz aurrekoa dena, berezkoa eta aldaezina, izate material baina aldi berean metafisikoa, Estatua eliza bihurturik, ideario politiko bat erlijiozko fede, bere dogma eta inkisizio guztiekin.

Norbere nortasuna beste gogoetagairik ez izatea leporatu ohi zaie Espainiatik bere barruko nazionalismo periferikoei; identitate nazionala problema bilakatzea egozten zaigu sarri euskaldunoi, Volksgeist edo herri-gogoan oinarrituriko leinuan katigaturik segitzea. Azurmendik idatzi duen hau ez da berez saiakera politiko bat, ez ditu euskaldunen bizigurak eta askanahiak aldezten; akademiaren errigore, zehaztasun eta erudizioarekin aztertu ditu hispanitatearen pentsalari eta apostolu guztion idazkiak, haien azpildurak eta makurdurak erakutsi, eta agerian utzi, azkenik, bera nor izateko beste batzuk menpean eta zanpaturik behar dituen herri baten ideologia beti inperial eta maiz aski arrazista.

« Alemanian Volksgeista ustiatua, kritikatua, higatua eta aspaldi abandonatua zegoen filosofian eta zientzian, edo herrien psikologietan antzaldatua, gehienez ere bizimodu berantiar batean propaganda politiko nazionalistan bakarrik bizirauten zuela nolabait kalean, zientzia espainolak ikerketa historiko-filologikoen kategoria fundamental gisa handikiro berpiztu duenean.[1] »


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Azurmendi, J.: Espainiaren arimaz, Donostia, Elkar, 2006. 21. or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Literatura Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.