Grace Chisholm Young

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Grace Chisholm Young (1868-1944) Ingalaterran jaio zen, Victoria erreginaren koroatze garaian. Bere familia goi-klasekoa zen, heziketa maila altua zutelarik. Bere aitak, Henry William Chisholmek, Britainiar Gobernuan postu altu bat betetzen zuen, eta bere ama, Anna Louisa Bell, pianista famatua zen. Gainera, bere neba nagusietako bat famatua izan zen Britainiar Entziklopediaren argitalpenagatik.

Lau neba-arrebetatik txikiena izan zen. Berak ikasi nahi zuena bakarrik irakasten zioten; eta horrela, hamar urte bete zituen arte kalkulu mentala eta musika besterik ez zituen ikasi, bere amak irakasten zizkiolarik. Hamar urte bete zituenean etxe-irakasle bat jarri zioten, hori bere haurtzaroko hezkuntza formal bakarra izan zelarik.

Hala ere, prestaketa nahikoa izan zen, 17 urte zituelarik, Cambridgeko azterketak gainditzeko. Gizona izatekotan hurrengo urtean bere unibertsitate ikasketak hasiko zituen, baina emakumea izanda, aukera hori ez zen kontutan hartu, eta bere familiaren nahiei jarraika Londresen jende pobrearekin aritu zen gizarte lanean.

21 urterekin ikasten jarraitzeko erabakia hartu zuenean, bere amak ez zuen nahi izan Gracek medikuntza ikasketak burutzea; eta horrela, bere aitaren bermearekin matematikak ikasten hasi zen. 1889ko apirilean Cambridgeko unibertsitatean sartu zen, Griton College-ean, urte haietan matematikaren alorreko zentrorik onena. Bertan beste irakasleen artean Arthur Cayley-k irakasten zuen, eta bere tutore William Youngen laguntza eta artamenduari esker, hark ematen zituen klaseetara joateko baimena lortu zuen Gracek, baimena lortzea oso zaila izan zen arren. 1892an Gracek bere diploma lortu zuen Cambridgen, baina oraindik bertan ezin zen doktoratu.

Matematikari bezala bere ikasketak jarraitzeko Göttingen izeneko Alemaniako hirira joan behar izan zen eta bertan Felix Kleinen irakasleak bere laguntza eman zion. Baina bertan onartu izateko erabakia Berlingo Kultura Ministerioak hartu behar zuen. Gracek zortea izan zuen, izan ere, momentu honetan Alemanian goi hezkuntzaren arduradun ofiziala Friedrich Althoff zen, liberala eta emakumeen goi heziketan interesatua.

Felix Kleinen gainbegiratzean 1895ean doktoretza lortu zuen, bere tesiaren izenburua “Talde aljebraikoak eta trigonometria esferikoa” izan zelarik. Horrela, Grace Chisholm Young kontsidera daiteke era normal batean matematiketan doktoretza eskuratu zuen lehen emakumea. Doktoretza lortzean Ingalaterrara itzuli zen eta bertan bere tesia interesaturik egon ahal ziren pertsonen artean banatu zelarik. Honela , William Youngek, geroago bere senarra izango zenak, astronomia liburu bat idazteko kolaborazioa eskatu zion, liburu horretan Gracen ekarpena Williamek egindakotik ezberdintzea zaila delarik.

Grace eta William 1896ko ekainean ezkondu ziren Londresen eta Cambridgen eman zuten bere lehen ezkon urtea, Gracek ikertzen eta idazten jarraitu ahal izan zuelarik. Baina urte horren amaieran haien lehen semea jaio zen eta William Young Alemaniara mugitzea erabaki zuen. 1897 eta 1908 bitartean sei seme-alaba izan zituen Gracek eta ondorioz, ez zuen denbora askorik etxetik kanpo lanean aritzeko.

Hala ere, idazten jarraitu zuen, sormena bere seme-alaben heziketara zuzendu zelarik. Adibidez, bere semeetako bati biologia irakasteko liburu bat idatzi zuen zatiketa zelularraren ingurukoa (Bimbo, 1905). Urte berean “Lehenengo Geometria Liburua” idatzi zuen bere senarrarekin.

Denbora asko eman zuen bere seme-alaben heziketan. Bere seme Frank, I. Mundu Gerra bitartean hil zena, zientzialari oso ona izateko itxura zuen. Bere alaba Janet, fisikoa izan zen eta bere beste alaba Cecily Cambridgen doktoratu zen matematiketan, Gracek berak nahi izan zuen moduan. Laurie matematikaria izan zen baita eta Pat kimikari ezaguna izan zen.

II. Mundu Gerra astean William Alemanian geratu zen eta Grace bakarrik itzuli zen Ingalaterrara. 1942ko udan, bi urte bananduta zeramatzatenean, William bat-batean hil zen, 79 urte bete baino egun batzuk lehenago. Bi urte geroago, 1944an, Grace hil zen, 76 urte zituela.

Gracek askotan bere senarrarekin batera lan egin zuenez zaila da bere ekarpena desberdintzea lan horietan. Cambridgen ikasten zuenean matematikari bikaina zela zioten denek. Horrela, bere ezkontzaren ostean askotan egin zuten lan batera, eta bat-batean William, 35 urte zituela, sormenezko matematikari bat bihurtu zen. Bere senarra bidaietan joaten zenean Gracek, nahiz eta sei seme-alabez arduratu behar izaten zuen, berriz ere energia sortzailea berreskuratu egiten zuen eta lanean hasten zen. Horrelako batean, kalkulu diferentzial eta integralari buruzko testu batzuk sortu zituen.

Beraz, oso bizitza baldintza zailak izan arren, bikainak izan ziren lan kopuru handi bat lortzeko gai izan zen. Baina zoritxarrez, lanak eta batera argitaratu zituzten 200 artikulu baino gehiagoek bere senarraren egiletasun esklusiboa eraman zuten.

EKARPENA

Grace Chilson Young geometriaren “lehenengo liburua idazteagatik” ezagutzen zaio. 1905.an “The first book of Geometry” argitaratu zuen Londresen eta hiru urte geroago, alemanez argitaratu zen “Der kleine geometer”. Baina beste hizkuntzetara ere itzulita izan da, hala nola, hebrear (1921). Liburua 1970-an “Beginner book of geometry” izenez berrargitaratu izan zen, soilik oker-zuzenketa eginda. Gaur egun oraindik liburu modernotzat hartzen da.

Liburuaren hasieran, Grace zioen geometriak lehen eta bigarren hezkuntzan pairatzen duela, ez delako geometriaren ikuspuntua erakusten ezta geometria tridimentsionalaren praktika indartzen. Garrantzi handiagoa ematen zaio geometria planari tridimentsionalari baino eta bere ustez, ez zen horrela izan behar geometria plana abstraktuagoa delako eta geometria tridimentsionala, aldiz, esperientziatik hurbilago eta naturalagoa delako.

Gainera zioen, geometria tridimentsionala eskolan ez zela lantzen, oso zaila delako objektu tridimentsionalak irudikatzea. Eta geometria plana aldiz, eskolan ematen da marrazki bat arbelean edo paperean egitea eta irakaskuntza eta ikaskuntza garatzeko errazagoa delako eta ez duelako teknika berezirik behar.

Gracen ustez, ikasleak objektu espazialak eraikitzeko gai izan behar dira, oinarrizko materialak erabiliz (arkatzak, artaziak....). Hori dela eta, bere liburuan hainbat objektu tridimentsionalak mozteko eta eraikitzeko marrazkiak sartu zituen, horrela ikasleak geometria tridimentsionala hobeto ikusiko zutenaren ustea zuelako.

Bestetik, geometria irakasteko zenbait aholku eman zituen. Eta geometria modu errazen ulertzeko bere liburuan gorputz geometrikoen hainbat ariketa proposatu zituen eskolan egiteko. Ariketak garapenetik gorputzera eta gorputzetik garapenera, planotik espaziora eta espaziotik planora, planta, perfil eta aurretiko bistak eta tomo-grafiarekin erlazionaturik zeuden. Honetaz aparte, espazioaren mugimenduarekin zerikusia daukaten ariketak agertzen dira, hala nola, translazioa, simetria, mugimendu helikoidala eta norabide aldaketa.