Edukira joan

Lankide:Jonearru/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hordago
Hordago logoa
MotaHedabide digitala eta paperekoa
Fitxa teknikoa
HizkuntzaGaztelera eta euskara
Argitaratze lekuaIruñea
ArgitaletxeaPamplona Orain
Banaketa
Banatze-eremuaEuskal Herria
MaiztasunaHilabetekaria
Salneurria4€
Historia
IdeologiaAurrerakoia
https://www.elsaltodiario.com/hordago

Hordago El Salto aldizkariaren Euskal Herriko (EAE eta Nafarroa) edizioa da. Euskal Herriko borroka sozialak erdigunera ekarri nahi ditu aldizkariak, EAEko eta Nafarroako ustelkeria sistematikoa salatzeko.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Salto 2016. urtean sortu zuen Diagonal aldizkariak, bi asterik behin kaleratzen zenak, Espainiako gainerako komunikabide kritiko eta independenteekin elkarlanean aritzeko asmoz. Bere helburua hedabide propio bat sortzea izan zen, gizartean eragiteko gaitasun eta baliabide gehiago izango zituena, gizarte eraldaketa eta errealitateari buruzko beste kontakizun batzuk sortzeko bidean. Hau guztia, beti ere, kalitatezko kazetaritza baten bidez; analisia, ikerketa eta umorea oinarri hartuz egiteko helburuarekin sortu zen proiektua.

Horrela, 2016ko azaroaren 28an ekintza herrikoitik abiatutako kanpaina bati hasiera eman zioten. Izan ere, ez zuten nahi ekonomikoki gobernu edo enpresen mende egoterik, milaka bazkidez osaturiko elkarte bat sortzea baizik. Hauek, halaber, komunikabidearen erabaki esanguratsuenetan eragiteko eskubidea izatea nahi zuten. Proiektua aurrera zihoalarik, abenduaren 15ean Diagonal egunkariak bere azken alea atera zuen, egunkaria atzean utzi eta proiektu berrian indar guztiak jartzeko asmoz. Proiektuak izan zuen erantzunak itxaropen guztiak gainditu zituen, eta lehenengo hilabeteetako kanpainaren ondorioz 2.800 bazkide lortu zituzten. 2017ko martxoaren 1ean lehenengo papereko edizioa kaleratu zuten, ordutik aurrera hilabetero publikatuko zena eta 64-80 orri artean izango zituena, erreportajez, umorez eta analisi sakonez beterik. Gainera, aldizkariak beste komunikabide batzuek kudeatzen dituzten atalak ere batzen ditu, hala nola Pikara Magazine, El Salmón Contracorriente eta Soberanía Alimentaria. El Saltoren aurretik izandako Diagonalen 12 urteko ibilbidearen eta Hordago-El Salto osatzen duten komunikabide guztien ondorioz, milaka pertsonez osatutako elkarte bat sortu da El Saltoren inguruan. Proiektuak ondoko hedabideen sostengua lortu zuen: Pikara Magazine, El Salmón Contracorriente, Revista Soberanía Alimentaria, Visual404, Wiriko, Hemisferio Zero eta Pamplonauta.

Ildo editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hordago ez da aldizkari objektibo bat[1]. Erredakzioko kazetarien helburua gizarte eraldaketa sortzea da, eta horretarako, ikuspegi kritikotik landutako erreportajeak, analisiak eta iritzi artikuluak lantzen dituzte, Euskal Herriko gizarte mugimenduei ahotsa emanez eta ''iruzur sistematikoa'' salatuz[2]. Horregatik, sakontasuna lehenesten dute azkartasuna baino, Euskal Herriko, Espainiako zein nazioarteko errealitatea ulertzeko gakoak eman ahal izateko[3].

Askatasunaren eta zerbitzu publikoen aldeko gizarte borroken inguruko edukiak lantzen dituzte, edukiak ikuspegi feminista, antimilitarista eta ekologista batetik landuz. Printzipio hauen bidez lantzen dituzte eduki guztiak, eta publizitateak ere balio horiek errespetatu behar ditu[4].

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Saltok Espainia mailan jartzen du arreta batez ere, eta Hordago Euskal Herriko edizioa denez gero, Euskal Herriari ere espazio berezia eskaintzen dio. Papereko edizioan gehienbat Espainian zentratzen da, eta aldizkari bakoitzeko Euskal Herriari dagokion eduki bat edo bi bakarrik argitaratzen dira. Euskal Herriko edizioa denez gero, saiatzen dira garrantzia ematen bertako gaiei, baina eduki gehienak, ez dira Euskal Herrian kokatzen. Nazioarteko gaiak lantzen diren atal bat ere badago.

Lantzen dituen gaiei dagokienez, mugimendu sozialetan zentratzen dira gehienbat: feminismoa, klase borroka, etxe kaleratzeak, migrazioa… Normalean gai gatazkatsuak izaten dira, beti sakon aztertuta eta testuinguru bat emanda arazoa sistematikoki ulertzeko.

Edizioei erreparatzen badiegu, aipatutako biez gain, autonomia erkidego gehiagotan ditu El Saltok edizio propioak, hala nola Andaluzian, Extremaduran, Galizian, Errioxan, Madrilen eta Herrialde Valentziarretan. Hizkuntzari dagokionez, autononomia erkidego bakoitzeko hizkuntza gutxituen alde agertzen dira, eta saiatzen dira eduki batzuk gutxienez hizkuntza horretan izan daitezen; hala ere, eduki gehienak, bai paperean eta bai online, gaztelaniaz argitaratzen dituzte.

Aldizkariaren atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iritzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi zatitan banatzen da: bertako kazetariek egindako iritzi artikuluak daude alde batetik, eta iritzia atalaren barruan beste azpiatal bat bereizten da, “Iritzi blogak” deritzona.

Nazioartekoa (Global)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iritzian bezala, eduki orokorrez gain, hemen ere azpiatal bat dago, blog espezializatuetara eramaten gaituena, besteak beste, Mapas edo Vidas precarias. Gainera, eduki orokorrak herrialdeen, euskarrien (podcast, video…) edo gaien arabera sailkatzen dituzte, horretarako etiketak eta zintak erabiliz.

Blogak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste ataletan gaiaren arabera blog ezberdinetara loturak dauden arren, atal honetan Hordago eta El Saltoko blog guztiak batzen dira. Formatu argi batean bakoitzak bere lekua dauka, eta hauetakoren baten gainean klik eginez gero Hordago edo El Saltoko webgune barneko blog batera birbidaltzen gaitu. Atal honetan bertan azaltzen den bezala, mota askotakoak dira; hedabide bezala izendatu daitezkeen proiektuetatik blog pertsonal eta txikietarainoko aukerak baitaude.

El salmón contracorriente[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia kritiko eta sozialari buruzko edukiak lantzen dituen blog bat da El salmón contracorriente, eta Hordagoren barruan dauden atal nagusietako bat da. Bertan, gaur egun gailentzen den ekonomia sistemarekin kritiko diren teoriak lantzen dituzte, eta ekonomiaren ezagutza sakonik ez duten pertsonei zuzenduta dago, haiengana iritsi nahi baitute.

Gaurkotasuna (actualidad)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal honetan, gizarte mugimenduei lotutako albisteak lantzen dituzte eta era berean, enpresa edo boteretsuei buruzko ustelkeria kasuak salatu nahi dituzte.

Euskarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratiari dagokionez, gehienbat mahai-inguruak eta irrati-erreportajeak argitaratzen dituzte. Normalean jarraitzen duten ildoari jarraituz, gaiak sakonki lantzen dituzte eta ez dira gertakari bakanetan zentratzen: testuinguru osoa aztertzen saiatzen dira egoera baztertuen ikuspegitik ulertu dadin.

Bideoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideoei dagokienez, lehen aipatutako gaiei irudia jartzeko erabiltzen dituzte. Gainera, elkarrizketa ugari argitaratzen dituzte formatu honetan, eta elkarrizketatuei aurpegia jartzeko balio du, askotan ez baitira izaten gainerako hedabideetan elkarrizketatzen dituzten pertsonak; gizarte mugimenduetako kideak, aktibistak, kritikoak… elkarrizketatzen dituzte.

Paperekoa eta webgunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Papereko edizioa eta web orria nahiko ezberdinak dira generoei dagokienez; paperean erreportaje luzeak dira nagusi, baita iritzi artikuluak ere. Gainera, papereko edizioko edukiak erosi bezain laster irakurtzeko aukera dago, baina web orrialdean doan irakurri nahi izanez gero, gehiago itxaron behar izaten da; izan ere, pixkanaka igotzen dituzte papereko artikuluak. Hala ere, paperean dagoen guztia webgunean argitaratzen den arren, ez da alderantziz gertatzen. Papereko edizioa berriz, eduki jakin batzuen aukeraketa da, Hordagoko edukiaren lagin bat. Atalak gehienetan oso antzerakoak dira, baina Actualidad eta Enfoque atalak aldatzen dira; zenbaki batzuetan badaude eta besteetan ez.

Normalean, gainera, webguneari lotutako blogetan dauden edukiak sartzen dituzte paperezko edizioan. Blog eta hedabide kolaboratzaile ezberdinak aldatzen joaten dira normalean ale batetik bestera, baina badaude batzuk besteak baino gehiagotan agertzen direnak, El Salmón Contracorriente kasu. Webgunean argitaratzen den edukia, aldiz, gaurkotasunarekin lotuago dago, eta lehen aipatutako atalak daude bertan: nazioartekoa, El salmón contracorriente, media, gaurkotasuna blogak eta iritzia.

Enpresa egitura eta barne antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Salto jabetza kolektiboa duen kooperatiba bat da. Harpidedun egitea erabakitzen duen edozein pertsona automatikoki enpresako bazkide bihurtzen da, enpresaren jabe hain zuzen ere (copropietario/a). Webgune nagusiko ‘’Por qué hacerte socio/a’’[1] atalean azaltzen duten bezala.

Hordagok bazkide/harpidedunek sostengatutako hedabidea izan nahi du, proiektuan konprometituta dauden pertsona eta kolektibo askoren babesa jasotzen duena. Izan ere, enpresaren independentzia bermatzeko, eragile askoren inplikazioa eta elkarlana ezinbesteko ikusten dituzte.

Horrez gain, Hordagok “bazkide kolektibo” izateko aukera eskaintzen du, hau da, erakunde batek ekarpen ekonomiko bat egin dezake eta enpresako bazkide izan. Kasu honetan, hedabideari egingo zaion ekarpena gutxienez 300 eurokoa izango da, baina egoera eta baldintza ezberdinetara egokitu daiteke. Bazkide kolektiboek %25eko deskontua dute edozein publizitate espazio bete nahi izanez gero, eta baita zerbitzu editorialetarako ere. Gainera, bazkide indibidualek dituzten abantailez gain, Gizarte Mugimenduen Kontseiluko partaide izateko aukera dute bazkide kolektiboek; kontseilu hau urtean behin biltzen da, lan ildoak zehazteko, kontakizun bateratu bat eraikitzeko eta indarrak batzeko.

Barne antolaketari dagokionez, ahalik eta horizontalen izaten saiatzen direla diote. Izan ere, argi eta garbi esaten dute webgunean, ez dagoela zuzendari edo buruzagirik. Langile guztiek soldata bera kobratzen dute eta kargu guztiak aukeratu zein aldatzeko aukera dago. Erabaki garrantzitsuenak asanbladen bidez hartzen dira, eta hedabidearen jabetza kolektiboa da. Gainera, hedabidearen erabakirik garrantzitsuenak hartu behar dituztenean (goiburuetako izenen aldaketak, jabetza, modeloan aldaketak, mugak…) beti kontsultatzen dituzte bazkideekin, loteslea den erreferendum baten bidez.

Negozio eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hordagoren Kioskoetako aleen prezioa 4€koa da. Halere, diru iturri nagusia bazkideak dira. Izan ere, hedabidearen %70a bazkideek jarritako diruari esker finantzatzen da. Bazkide izateko hainbat aukera eskaintzen ditu hedabideak.[2]

Edozein unetan, harpidedun izan gabe, borondatezko ekarpenak egiteko aukera ere eskaintzen dute. Izan ere, 10€tik hasita, ordainketa egiteko aukera ematen du Hordagok bere web orrialdean. Diru kopuru hau gainera, behin bakarrik edota urtero emateko aukera dago. Honela, haien filosofiarekin bat eginez, ahalik eta jende gehienen laguntza jaso nahi dute, inoren mendeko ez izateko eta hedabidearen independentzia bermatzeko.

Horrez gain, erakunde edo talde baten parte izanez gero, bazkide egiteko aukera dago. Horretarako, urtean gutxienez 300€, 500€ edo 1000€ eman beharra dago hedabideari. Hala ere, gainerako harpidetza-aukerekin bezala, talde edo erakundeak ez badauka nahikoa baliabiderik diru kopuru hori ordaintzeko, hedabidearekin kontaktuan jarri eta beste prezio bat adosteko aukera dago.

Paywall modalitateari dagokionez, doako eredua nagusitzen da. Izan ere, web orrialdeko eduki guztiak irakurri daitezke bazkide izan ala ez. Hordagok ahalik eta irakurle gehien izan nahi ditu, eta beraz, edukiak ez ditu ordainpean jartzen. Haien bideragarritasun ekonomikorako, ordea, finantzaketa behar dute, eta bazkideei horren trukean eskaintzen dietena hedabidearen komunitatearen parte izatea da, hau da, ‘’bazkide kolektibo’’ bihurtzea.

Publizitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Publizitatea erakartzeko beraien balio etikoa, erantzukizuna eta sinesgarritasuna nabarmentzen dute. Bi aukera eskaintzen dituzte: papereko edizioan edo webgunean. Paperekoan irudian agertzen diren formatuak eskaintzen dira. Azpimarratzen dute edizio lokalak dituztela, eta hau egokia izan daiteke tokian tokiko publizitatea jartzeko. Prezioak ez dituzte modu publikoan erakusten; beraiekin zuzenean kontaktatzeko eskatzen dute. Komunikazio eta arte grafiko zerbitzuak ere eskaintzen dituzte, enpresen iragarkiak diseinatzeko.

Bestelako diru iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun crowdfunding kanpainarik martxan ez daukaten arren, aldizkaria sortzeko 2016an herri jabetza oinarri zeukan kanpaina bat abiatu zuten. Kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta lehenengo hilabeteetan 2.500 bazkide lortu zituzten. Azkenean, behar zituzten 7.500 bazkidera iritsi ziren; proiektua abiatzea lortuz.

Hordagoren ezaugarri nagusietako bat da ez duela inolako diru laguntzarik jasotzen, bere independentzia ziurtatzeko asmoz. Diru iturri nagusiak bazkideak dira, eta gainerakoa publizitate etikoaren, aleen salmentaren eta dendako produktuen salmentaren bidez irabazten dute.

Dendako produktuei dagokionez, aldizkaria saltzeaz gain, bestelako liburuak ere salgai dituzte, beraiek argitaratu ez dituzten arren; gainera DVD batzuk ere eskaintzen dituzte. Azkenik, “hainbat” atalean, El Salto eta Hordagok eskaintzen dituzten harpidetza mota guztietako bonoak erosi daitezke. Honez gain, bono ezberdinak (El Saltoko irratia edo El Saltoko ikus-entzunezko ekoizpena babesteko bonoak, adibidez) eta merchandising-a (poltsak, txalekoak…) dauzkate.

Kontsumitzaileen soslaia eta hedapen datuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsumitzaileen soslaia honela laburbildu daiteke:

  • Politikoki bere burua ezkertiar bezala kokatzen dutenak.
  • Mugimendu sozialetan interesa daukatenak; hala nola, ekologia, feminismoa…
  • Publiko euskalduna izan dezake, baina ez du ematen gehiengoa behintzat euskalduna denik.
  • Eremu “alternatiboetan” mugitzen den jendea, hegemoniatik ihes egin nahi dutenak.
  • Informazio sakona nahi duen jendea, gai bakoitza bere testuinguruan ulertu nahi duena.

Sare sozialetako jarraitzaile kopuruek audientziaren inguruko ideia bat ematen digute. Hordagoren Twitter kontuaren jarraitzaile kopurua, martxoaren 25ean begiratuta, 2.845 pertsonakoa da, eta El Saltorena, berriz, 134.000koa. Facebooki dagokionez, Hordago 4.000 pertsonak jarraitzen dute, eta El Salto, aldiz, 179.724. Beraz, jarraitzaile kopurua zenbaki horien artekoren bat izango dela esan dezakegu.

Sare sozialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Facebook erabiltzen dute webgunean argitaratutako eduki guztia lotura bidez bertan argitaratzeko. Twitter berriz, momentuan gertatzen diren gauzak argitaratzeko erabiltzen dute (adibidez manifestazio bat dagoenean zuzenean igotzen dituzte irudi edo bideoak). Hala ere, Twitter Facebookez egiten duten erabilera berdinerako ere erabiltzen dute, eta honez gain beste pertsona batzuek jarritako Txioak (normalean elkarte edo iturri ofizialak) Bertxiotzen dituzte.

  1. Txantiloi:Local «Por qué hacerse socio/a» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  2. «Saltamos.net :: formulario» saltamos.net (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).