Metrailadore

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Maschinengewehr 08 1.jpg

Metrailadorea tiro automatikozko mekanismoari esker, denbora epe labur batean eta etengabe bala asko tirokatu ditzakeen su-arma da. Metrailadorea arma kolektiboa da, hau da, era optimoan erabiltzeko soldadu bat baino gehiago behar da.

Metrailadorea XIX. mendean zehar garatzen joan zen. Lehenengo patenteetan, Gardner, Gatling edo Nordenfelt armak adibidez, tiroa biradera bati eskuz eraginda ateratzen zen, beraz ez ziren arma automatikoak zentzu osoan. Era berean metrailadore primitiboak kanoi ugarikoak izaten ziren, garaiko metalurgiak ezin zuelako hainbeste tiroen higadura eta beroa jasateko gai izango ziren kanoiak produzitu.

Benetako lehenengo metrailadorea 1884ean Britainia Handian finkatutako Hiram Maxim mediku iparamerikarrak aurkeztu zuen. Maximen metrailadorea lehenengo kartutxoaren eztanda erabiltzen zuen armaren mekanismoa abian jartzeko. Kartutxoaren bolbora erretzean sortutako gasak alde batetik bala kanoitik behera bultzatzen zuten, eta alderantzizko zentzuan sortutako atzerakada armaren mekanismoa atzerantz bultzatzen zuen.

Horrela sortutako mugimendua erabilitako balaren zorroa kanporatzen zuen, eta aldi berean malguki bat konprimitzen zuen. Atzerakadaren energia agortu eta gero, malgukia mekanismoa berriro aurrera bidaltzen zuen, mugimendu berri honekin beste kartutxo bat errekamaran sartuz. Kolpekaria sakatuta izanez gero tiroaren zikloa berriro hazten zen, beraz zikloa amaigabea bihurtuz munizioa geratzen zen bitartean. Maximen arma automatikoa zen, beraz, zentzu osoan. Kanoi bakarrekoa zen eta bere funtzionamendu automatikoa martxan jartzeko tiratzaileak egin behar zuen gauza bakarra kartutxo bat errekamaran sartu eta kolpekaria sakatzea zen.

Tiro ugariek kanoian sortutako beroaren arazoa konpontzeko bere armaren kanoia urez bete zitekeen zilindro baten barruan kokatu zuen. Hala ere, erabilera luzeen ondorioz ur hori lurrun bihurtzeraino berotu ahal zuen kanoiak.

Maximen asmakizuna laster lortu zuen militarren interesa erakartzea. XX. mende hasieran gerra kolonialetan erabiltzen hasi ziren, batez ere Britainia Handiko armadak. Gerrate kolonialetan gizon zuriez osatutako gudarosteak beti izaten baitziren bertakoak baino txikiagoak eta beraz beren borrokarako gaitasuna bidertuko zuen metrailadorea erabilgarri aurkitu zuten oso. Europako herrien arteko gerra baten testuinguruan, alderantziz, bere erabilera taktikoa ez zen hain garbi ikusten nahiz eta Gerra Errusiar-Japoniarrean (1904-1905), Kubako Gerratean (1898) edo Balkanetako Gerrateetan (1911-12 eta 1912-1913), zer egiteko gai zen nahiko garbi azaldu. Lehenengo Mundu Gerra pizterako Europako armada guztiak zeukaten metrailadore modelo bat gutxienez beraien zerbitzura, nahiz eta zertarako eta nola erabiliko zuten teoria ezberdinen arabera antolatu, armada gehienek arma kopuru antzerakoa zeukaten beren unitateetan (6-8 inguru infanteriako erregimentu bakoitzeko).

Metrailadorea Lehenengo Mundu Gerran lortu zuen ospe zitala. Ordu arte infanteriak gerra egiteko zuen modua betirako aldatuz.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Metrailadore Aldatu lotura Wikidatan